Gizakia makinaren aurka. Artistaren eta adimen artifizialaren arteko harremana parametro horietan planteatu dute askok azken asteotan, baina errealitatea hori baino konplexuagoa dela eta izango dela erakusten ari dira sortzaileak. Azken adibidea Indiatik dator. Gokul Pillai artistak adimen artifiziala erabili du munduko pertsonarik aberatsenetako batzuk Indiako txabola auzo bateko biztanle gisa irudikatzeko. Instagamen bidez zabaldu ditu erretratuok.
Donald Trump keinu triste batekin agertzen da Pillairen irudian, tiradun elastiko zikin batez jantzita, eta zaborrez inguratuta.
Horrez gain, Bill Gates Microsoften jabea irudikatu du; Mukesh Ambani, Indiako pertsonarik aberatsena; Mark Zuckerberg, Facebookeko burua; Warren Buffett, munduko pertsonarik aberatsenetan hirugarrena; Jeff Bezos, Amazonen burua, eta Elon Musk, Tesla eta Twitterren jabea.
Slumdog Millionaires izenburua jarri dio artistak argazki sailari, Slumdog Millionaire (txabola auzoko milioiduna) 2008ko filmari aipamen eginez. Horretan, auzo txiro bateko gizon bat aberats bihurtzen da, telebistako lehiaketa bat irabazita.
Pillaik idatzi duenez, adimen artifizialeko Midjourney programa erabili du aberatsak txiro irudikatzeko.
Hildakoak berpiztu
Pillairena ez da ildo horretan eginiko lehenengo irudi saila.
Joan zen irailean, Ezer gertatu ez balitz bezala bilduma argitaratu zuen Alper Yesiltas argazkilari turkiarrak, adimen artifizialaren laguntzarekin. Horretan, hildako musikari eta aktoreak irudikatu zituen, zahartuz gero hartuko zuten itxura erakusteko.
Besteak beste, Kurt Cobain, John Lennon, Freddie Mercury, Janis Joplin, Jimi Hendrix, Diana Spencer Lady Di eta Michael Jackson gaurkotu zituen. «Faltan nabaritzen dudan jendea neure aurrean ikusi nahi nuen, eta horrela sortu zen egitasmo hori», azaldu zuen.