Mendi ibilaldiak

Ibiltari handiak martxan

Asteburu honetan egingo da Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien zirkuituko bigarrena, Ondarroako Boga mendi martxa. Guztira, hogei ibilaldi izango dira Euskal Herri osoan. Apirilean beste bi ere badira: Andoaingoa eta 32. Sakanako Ibilaldia.

Hainbat mendizale Amasa-Villabonako Aizkardiren aurtengo mendi martxan. AIZKARDI
ramon olasagasti
2023ko apirilaren 12a
10:42
Entzun

Antxon Bandres EMFko presidentearen ekimenez sortu zen 2002an iraupen luzeko ibilaldien zirkuitua. Mendiko diziplinetan lehiaketak eta goi maila sustatzeko lan handia egin zuen Bandresek, baina garbi zuen oinarria ere zaindu behar zela, eta, horregatik, han eta hemen egiten ziren mendi martxei hezurdura bat eman, eta zirkuitu bat sortzea proposatu zuen.

Geroztik, urtea joan eta urtea etorri, arnas luzeko ibiltarien zirkuitu hori indarra hartuz joan da, eta batez beste 8.000 eta 9.000 mendizale inguru ateratzen dira martxa horietan guztietan, Gotzon Larreak Zirkuituko arduradun nagusiak jakinarazi duenez. «Tolosako Hamalau Orduko Ibilaldia egokitzen den urteetan, berriz, 12.000 ere izaten dira. Datorren urtean izango da ibilaldi hori, eta seguruenera hor nabarituko da gorakada».

Aurten ere indarrez abiatu da: urtero egutegia zabaltzen duen Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Aizkardi mendi taldearen martxan ia 900 mendizale atera ziren. Berez, gehiago ziren izena emandakoak, baina, eguraldi iragarpen ez oso ziurrak tarteko, 300 bat ez ziren irteerara joan. «Mendizaleak gogoz izaten dira, eta zirkuituko lehen martxa beti izaten da jendetsua», zehaztu du Larreak.

Hurrengo ibilaldia igande honetan izango da, Ondarroako Boga mendi martxa. Ondarroako Zubi Zahar ikastolak eta Aurrera mendi taldeak antolatutako ibilaldiak hiru ibilbide izango ditu aukeran: luzea (54 km eta 2.400 metroko desnibela), motza (24 km eta 800 metroko desnibela) eta txikia edo haurrentzako ibilaldia (11 km eta 400 metroko desnibela). Luzea 7:30ean abiatuko da, laburra 8:30ean, eta txikia 10:00etan.

Apirilean Zirkuituko beste bi ibilaldi ere izango dira: Andoaingoa hilaren 23an, eta Irurtzungo 32. Sakanako Ibilaldia apirilaren 29an. Irurtzungoa indarra hartuz joan da urtez urte, eta azken bi aldietan Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen oroimenezkoa ere izan da. Aurtengoa berezia izango da, gainera, Irurtzungo Iratxo mendi taldeak Iñaki Ochoa de Olza - SOS Himalaia fundazioarekin elkarlanean antolatuko baitu, eta fundazio horrentzat izango baita lortutako diru sarreren zati bat.

Guztira 22 ibilaldik osatuko dute 2023ko Zirkuitu ofiziala, baina, horiez gain, izan badira gehiago ere, han eta hemen. «Asmoa da martxa horiek guztiak, nolabait, Zirkuituaren webgunean biltzea eta zentralizatzea, edo haien informazioa behintzat hor eskaintzea. Hizketan ari gara federazioekin eta antolatzaileekin, eta ea urrats hori egiten dugun pixkanaka».

Lurraldetasuna da zirkuituaren ezaugarri nagusietakoa, bateko eta besteko federazio egituren gainetik, Euskal Herri osoan antolatutako mendi martxak hartzen baitira aintzat egutegian. «Antxon Bandresek hasiera-hasieratik argi zuen Euskal Herri osoko ibilaldiak hartu behar genituela kontuan, eta bai, lurraldetasunari garrantzi handia ematen diogu». Aurten lau martxa izango dira Araban, bost Bizkaian, bost Gipuzkoan, hiru Nafarroan, bi Lapurdin eta bat Nafarroa Beherean. Hogei guztira. Hori dute ibilaldi hauek ona, bateko eta besteko zidor, bide txoko eta gailur ederrenak ezagutzeko aukera ematen dutela, lagunartean eta ia galbiderik gabe.

Iraupen luzeko ibilaldien zirkuitu honetan finalista izateko, gutxienez zortzi ibilaldi egin behar dira, eta zortzi horien artean gutxienez bat probintzia bakoitzean. «Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan martxa gutxiago izaten da, eta, horregatik, Ipar Euskal Herria lurralde bakar bat bezala hartzen dugu», jakinarazi du Larreak.

Azken urteotan, mendiko lasterketen eragina nabarmena da mendi martxetan ere, eta asko dira ibilaldiak korrika osatzen dituztenak. Horren aurrean, Larreak iritzi argia du: «Ezin zaio hesirik jarri mendiari. Azken batean, gure gizartearen isla dira mendi martxak ere. Denentzat lekua dago. Bakoitzak egin dezala egokien ikusten duen moduan, oinez edo korrika, baina anoa postuetan errespetuz joka dezala, eta itxaron behar bada, itxaron dezala. Normalean ez da arazorik izaten».

Martxa horiei guztiei buruzko informazioa Zirkuituaren webgunean dago. Izen emateak ere hor bertan egiten dira.

EGUTEGIA
Apirilak 16

Ondarroa Boga mendi martxa

Apirilak 23
Andoain Andoaingo Ibilaldia

Apirilak 29
Irurtzun 32. Sakanako Ibilaldia

Maiatzak 6
Balmaseda-Portugalete XVII. Joserra Romaña Jr. Ibilaldia

Maiatzak 7
Ataun Jentilen Bideetatik XI. Mendi Ibilaldia

Maiatzak 13
Altsasu XIV. Hiru Mendi Zerrak

Maiatzak 20
Karrantza Harana XVIII. Karrantza Harana mendi ibilaldia

Maiatzak 21
Gasteiz Gasteiz MT-aren XXI. Mendi ibilaldia

Maiatzak 27
Bastida-Lantziego Toloño Mendilerroko 30. Zeharkaldia

Maiatzak 27
Tolosa Araxes Itzulia

Maiatzak 28
Elizondo 28. Baztango mendi martxa

Ekainak 4
Donostia Fortunaren 81. mendi ibilaldia

Ekainak 17
Bidarrai 2023ko Hirukasko

Uztailak 1
Murgia Zuiako 23. Bira

Irailak 16
Hergarai ibarra XV. Ttutturu ibilaldia 2023

Irailak 30
Galdakao Hiru Gurutzetako XIII. Ibilaldia

Urriak 1
Makea 2023ko Makea Oinez

Urriak 8
Orozko Orozko Harana 33. iraupen mendi ibilaldia

Azaroak 5
Amurrio 37. Gorobel ibilaldia 2023

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.