«Kexak badaude, Macronengatik daude; euria ari badu, Frantziako Gobernuarengatik eta Macron presidentearengatik ari du», entzuten zen CFDT sindikatuaren kamioiaren bozgorailuetatik, irrika. Izan ere, erretreten erreformaren aurkako hamabigarren greba mobilizazioa egin dute gaur Baionan, Frantzian zehar beste hainbat egin diren bezala. «Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren erabakiaren bezperan kokatu behar da greba mobilizazio hau; presioa mantentzeko era bat da», azaldu du Argitxu Dufau LABeko bozeramaileak. 7.000 lagun bildu ditu protestak intersindikalaren arabera; Poliziaren ustez, berriz, 3.000 pertsona zeuden.
Gaurko mobilizazioan ohi baino jende gutxiago bildu arren, sindikatuek adierazi dute langileen «haserrea» ez dela baretu. Gaetan Perriere Solidaires sindikatuko kidearen ustez, «inflazio testuinguruan» hamabi greba egun egitea ez da erraza langileentzat. Horrez gain, uste du langileak jabetzen ari direla ez dituztela entzuten, eta, horregatik, «ekintza erradikalagoetara» deitu du Perrierek.
Ohiz kanpoko ibilbidea ukan du Baionako manifestazioak. Tren geltokitik abiatu, Aturri zeharkatu, eta Baiona Handian sartu da. Behin eta berriro Errobi zeharkatu du ondoren, Baiona Handiko eta Ttipiko kaiak betez. «Baionako kale txikietatik pasatuz, zarata eta desmasia handiagoa sortzeko aukera ukan dugu, mugimenduak oihartzun handiagoa ukan zezan», adierazi du Perrierek.
Kontseilu Konstituzionalaren ebazpenaren bezperan
Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren erabakia izango dena izango dela, mobilizatzeko prest daudela frogatu nahi izan dute sindikatuek. Hain zuzen ere, erretreten erreforma osoa edo haren neurri batzuk baliogabetu ditzake Kontseiluak. Horrez gain, 250 diputatu eta senatarik ekinaldi partekatuko erreferenduma abiarazteko baimena eskatu zioten Kontseilu Konstituzionalari martxoaren 17an. Bihar jakinarazi behar ditu bi gaiei buruz erabakirikoak.
Hala ere, Argitxu Dufau LABeko bozeramaileak argi du: «Sindikalista abertzale gisa, ez dut inongo esperantzarikhorrelako kontseilu batean. Hasteko, ez dut inoiz sinetsiko jurista batzuek osatzen duten kontseilua denik: politikariak direla uste dut nik. Beraz, haiek begiratuko dutena ez da erreforma konstituzionala den ala ez, baizik eta erreformak haien interes politikoei eta, beraz, kapitalaren interesei erantzuten dien ala ez».
Intersindikala erabakiaren zain dago datozen egunetarako estrategia zehazteko. Laurent Roux Ipar Euskal Herriko CFDT sindikatuko idazkariak iradoki du «maiatzaren lehenean» zerbait egin litekeela, edota «Parisen egin litekeen manifestazio nazionala» ukan du hipotesi. Hala ere, intersindikalak Parisen hartu duen erabakia dela azaldu du.
Bihar bi ekinaldi daude. Bata, 10:00etan, Tarnoseko portuan (Landak) blokeatze ekintza bat egiteko. Hango CGT sindikatuak antolatu du, eta LAB, FSU eta Solidaires sindikatuak atxiki zaizkio. Bestea 18:00etan izango da, Baionako herriko etxearen aitzinean, Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren erabakia itxaroteko.