Errepublika

«Monarkia eta berdintasun osoa bateraezinak dira», Elkarrekin Podemos-IUrentzat

Errepublikaren aldeko ospakizun ekitaldietan parte hartzeko deialdia egin du PCE-EPK-ko idazkari nagusi eta Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Jon Hernandezek: «Beharrezkoa da hirugarren errepublika, eskubideak bermatzeko».

Begoña Alfaro Zurekin Nafarroako hautagaia, zerrendako beste kide batzuekin. VILLAR LOPEZ / EFE
xabier martin
2023ko apirilaren 14a
12:24
Entzun

Espainiako Bigarren Errepublika oroitzeko ospakizun ekitaldietan «hirugarren errepublika» erreibindikatuko dute PCE-EPK-k eta Elkarrekin Podemos-IUk, «zerbitzu publikoak eta eskubideak bermatu daitezen». PCE-EPKko idazkari nagusi eta Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Jon Hernandezek esan du «bateraezina» dela «herritarren berdintasun osoa bermatzea eta egungo monarkia mantentzea».

Gipuzkoako Ezker Anitza-IUko koordinatzaile Arantza Gonzalezekin batera aritu da Hernandez, Espainiako Bigarren Errepublikaren urteurrenarekin lotutako ekitaldiak azaltzeko. Larunbat honetan, apirilaren 15ean, manifestazioa antolatu dute Ermutik Eibarrera. Orbe Kardenalaren plazatik Unzaga plazara joango da martxa, 1931n Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen lekura, alegia. Ekitaldi politikoa egingo du han Elkarrekin Podemos-IUk, eta Espainiako Errepublikaren bandera altxatuko dute «errepublikano historiko batek» eta pertsona gazte batek, «iraganaren eta geroaren sinbolo gisa».

Horrez gain, Gasteizeko Ateneoan «topaketa errepublikanoak» antolatu dituzte, eta auto karabana bat Bilbon, gaur bertan. Donostian ere errepublikaren aldeko mugimenduak bere martxa antolatu du. Santurtzin eta Sestaon, halaber, errepublikaren aldeko manifestazioak egingo dituzte, eta biak ala biak Portugaleten amaituko dira, hilaren 16an, igandez.

Era berean, Espainiako Errepublikaren bandera altxatzeak egingo dituzte zenbait udalerritan: besteak beste, Irunen, Arrasaten eta Errenterian. Azken herri horretan Borboiari ez antzezlana egingo dute, kalejira batez lagunduta.

Ekitaldi horiekin guztiekin «Bigarren Errepublika oroitu nahi dugu, eta hark ekarritako askatasunak eta eskubideak», Hernandezen esanetan. Aldi berean, «hirugarren errepublika sustatzeko» ekitaldiak dira, erantsi du alboan zuen Gonzalezek. "Gero eta argiago ikusten da hirugarren errepublika baten beharra, zerbitzu publikoak bermatzeko, osasun alorrean, hezkuntzan eta pentsioetan, besteak beste». Ezker Anitza-IUk eta Euskadiko Partidu Komunistak «errepublika federala eta plurinazionala» nahi dutela esan du Gonzalezek.

Nafarroan ere bai

Nafarroan ere Espainiako Bigarren Errepublika oroitzeko ekitaldiak egin dituzte. Zurekin Nafarroak «III. Errepublika» erreibindikatu du, «etorkizuneko aukera gisa, ustela eta anakronikoa den monarkia baten aurrean». Nafarroako Parlamenturako zerrendako bigarrenak, Carlos Guzmanek eta Nafarroako presidentegai Begoña Alfarok azaldu dituzte Espainiako Bigarren Errepublika oroitzeko arrazoiak, baita Txema Mauleon Iruñeko alkategaiak ere.

Iruñeko kartzela zaharraren aurrean, Conchi Salinas omendu dute, Affna36 Nafarroako fusilatuen familien elkarteko kidea. «Gaur Bigarren Errepublika oroitzen dugu, baina batez ere Hirugarren Errepublika eskatzen dugu, aurrean monarkia sistema ustel, anakroniko, antidemokratiko eta patriarkala dugulako», esan du Guzmanek. «Hirugarren Errepublika da bidea estatua osotasunean demokratitzatzeko».

Guzmanen ustez, «herrialdeak beste modelo bat behar du, gizon eta emakume guztiek eskubide berak bermaturik izan ditzaten». Herrialde hori osatzen duten «eskualdeek eta nazioek egokitasuna izan dezaten marko federal batean» nahi dute, halaber, hirugarren errepublika hori.

Mauleonek, berriz, esan du du urratsak egiten jarraitu behar dela «Iruñeak memoria izan dezan». Askatasunaren plazak «hiltzaileentzako monumenturik ez hartzea» da helburu hori lortzeko proposatu duen hurrengo pausoa. «Hiltzaile horiek 3.500 gizon-emakume baino gehiago hil zituzten 36an, gure lurraldean». Erorien monumentua desegiteko beharraz aritu da, hiria «memoria demokratikoaren gozamenerako lekua» izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.