Mendiko lasterketak

Ultren egutegia abian

Ultra distantziako Euskal Herriko Kopa jokatuko da aurten lehen aldiz. Bihar izango da lehen proba: Enkarterri Extrem (60 km, 3.890 m+). Ondoren etorriko dira Azpeitiko Domusa Teknik, Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka eta Goierriko Bi Handiak.

Uxue Fraile eta beste hainbat korrikalari Leitzako EH Mendi Erronka proban. IDOIA ZABALETA/FOKU
ramon olasagasti
2023ko apirilaren 14a
13:11
Entzun

Latinezko ultra hitzak esanahi jakina du: harago joan nahi izatea, beste aldean zer dagoen jakin nahi izatea. Halaxe izan da mendiko lasterketetan ere: garai batean maratoiaren distantzia (42,195 km) ezinaren hurrengoa zen askorentzat, baina harago joan nahi horretan, batzuk distantziak eta desnibelak handitzen hasi ziren, eta halaxe sortu ziren ultratrailak, maratoitik gorako mendi lasterketak. Aurten, lehen aldiz, ultra distantziako Euskal Herriko Kopa jokatuko da. Lau proba izango dira guztira: Enkarterri Extrem, bihar; Azpeitiko Domusa Teknik 40 MLK, maiatzaren 6an; Euskal Herria Mendi Erronka, ekainaren 3an, eta Goierriko Bi Handiak (G2H) uztailaren 7-8an. Azken hori Euskadiko Txapelketa ere izango da. Kopako probetan parte hartzeko, nahitaezkoa izango da mendian federatuta egotea eta osasun ziurtagiria aurkeztea.

Kopako lehen lasterketa bihar jokatuko da: Enkarterri Extrem Trails. Trails, pluralean, ultra distantziako lasterketaz gain beste bi aukera ere izango direlako: maratoia (42 km eta 3.020 m+) eta trail proba (21 km eta 1.380 m+). Irteera eta helmuga Gueñesko Zaramillo auzoan (Bizkaia) izango dira. Ibilbideak Enkarterriko hainbat udalerri (Zalla, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Alonsotegi...) zeharkatuko ditu, eta inguru haietako gailur nagusiak igoko: Ganekogorta, Eretza, Ganzabal, Apuko... Dortsalak gaur 18:00etatik 21:00etara eta bihar bertan 05:45etik proba hasi baino ordu erdi lehenagora arte jaso ahal izango dira.

Bigarren proba Azpeitiko Domusa Teknik 40 MLK izango da, maiatzaren 6an. Indar handia hartu du lasterketa honek denbora gutxian. Partaideek 65 km eta 7.400 metroko desnibel metatua (3.700 m positiboa) gainditu beharko dute. Lasterketa Azpeitian hasi eta amaituko da, eta eskualdeko hainbat herritatik igaroko da (Errezil, Bidania-Goiatz, Beizama...), baita inguruko mendi esanguratsuenetatik ere: Arroita edo Arauntza (612), Sañu (616), Gazume (1002), Hernio (1078), Murumendi (868), Izaspi (973), Hiruarrieta, Samiño (933) eta Xoxote (912).

Hirugarren proba ultra distantziako Euskal Herriko mugarri nagusietako bat izango da: Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka. 67 km eta 7.200 metroko (3.262 m+) desnibel metatua izango ditu probak. Aurten, 500 dortsal izango dira proba banaka egiten dutenentzat, eta 60 dortsal erreleboka/bikoteka egiten dutenentzat. Errelebokako lasterketa horretan, bikoteko partaideetako batek, gutxienez, emakumea izan behar du.

EH Mendi Erronkak, kirol ekitaldi hutsaz gain, beste hainbat aldarri ere baditu oinarrian: besteak beste, mendi lasterketak eta euskal mendizaletasuna sustatzea, euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzea, Mendialdea-Aralar ingurua (Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri eta Leitzaldea) garatzen laguntzea, euskarari bultzada ematea, lurraldetasuna aldarrikatzea eta ingurumenaren babesean eragitea. Kirol erronkaz gain, beraz, haragoko «erronkak» ere baditu Leitzako probak.

Euskal Herriko Kopako laugarren eta azken proba ere euskal egutegian mugarri nagusietako bat da: G2H edo Goierriko 2 Handiak. Lauretan luzeena eta gogorrena izango da Goierrikoa: 80 km eta 6.000 metroko desnibel positiboa. Ehun Miliak probarekin batera egiten da G2H, eta irteera ere ordu berean izango da: uztailaren 7an, ostirala, 23:00etan, Beasaingo Loinazko San Martin Plazatik. Kopako azken proba izateaz gain, Euskadiko Txapelketa ere izango da G2H.

Berako XVII. maratoi erdia

Ultra distantziako Euskal Herriko Kopako lehen probaz gain, beste mendi lasterketa garrantzitsu bat ere izango da asteburu honetan, igandean zehazki: Berako (Nafarroa) XVII. maratoi erdia, Manttale taldeak antolatuta. Mendiko lasterketen artean aurrenetakoa izan zen Berakoa, eta urtero erreferentzia izaten da kirol hau maite dutenen artean. Partaideek 21 kilometroko distantzia osatu beharko dute Larhun mendiaren inguruan, 2.714 metroko desnibel metatuarekin (1.308 m+). Irteera 09:30ean izango da Toki Ona kiroldegiaren aurrean.

Probako errekorrak Ainhoa Sanzek (1:56:56) eta Oier Ariznabarretak (1:37:30) dituzte. Marka hori gainditzen dutenek 150 euroko saria izango dute.

Lineako proben Euskal Herriko Kopan hirugarrena izango da Berakoa, Kolazino Eguna eta Kilimon Trail lasterketen ondotik.

Ultra distantziako Euskal Herriko Kopa
Apirilak 15Enkarterri Extrem Trails
Maiatzak 6Domusa Teknik 40 MLK
Ekainak 3EH Mendi Erronka
Uztailak 7-8G2H

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.