Ostalaritza

Gipuzkoako ostalaritzan hitzarmen berria adostu dute ELAk eta patronalak, eta soldata %12 igotzea hitzartu 2023rako

Bost langile baino gehiagoko enpresek fitxaketa sistema bat ezarri beharko dute, «lanaldiaren abusua» eragozteko. 2026ra arte egongo da indarrean 17.000 langileri eragingo dien hitzarmena.

Donostiako taberna bateko terraza, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko apirilaren 18a
12:04
Entzun

ELA sindikatuak eta Gipuzkoako ostalaritza patronalak —AEHG Gipuzkoako Ostalaritza Enpresen Elkartea— adostasun bat lortu dute lurraldeko hitzarmena berritzeko, eta, aldaketarik izan ezean, ostiralean sinatuko dute akordioa. 17.000 langileri eragingo die hitzarmen berriak, eta 2023an soldatak %12 handitzea adostu dute —2010eko taulak kontuan hartuta—. Martxoko nominatik aurrera aplikatuko da soldataren igoera, eta datozen hiru urteetan KPI kontsumorako prezioen indizea eta %3 igoko dira soldatak, %6ko mugarekin.

Negoziazioaren hasieran ELAk salatu zuenez, patronalek langileen urteko lanaldia luzatzeko neurriak hartu nahi zituen, baina azkenean aurreko hitzarmenean ezarritakoa mantenduko da: urtean 1.723 lanordu. Bestalde, diote aurreakordioak «lanaldiaren abusua» galarazteko neurriak dituela; bost langiletik gorako enpresek ezarri beharko duten fitxaketa sistema izango da garrantzitsuena. Izan ere, ostalaritzan ohikoak dira kontratuz adostutako lanorduak gainditzea eta egutegi irregularrak izatea, eta hori amaitu nahi dute fitxaketa eredu horren bidez. Bestalde, kolektibitateen sektorean urteko lanaldiari 80 ordu kentzea ere adostu dute; emakumeak gehiengo dira sektore horretan.

Hitzarmena 2026aren amaierara arte egongo da indarrean, eta, beste hitzarmenik ez dagoen bitartean, gaur adostutakoa aplikatuko da aurrerantzean ere. ELAk gehiengo absolutua du sektorean (%55), eta haien kabuz adostu dute hitzarmena patronalarekin; gainontzeko sindikatuei hitzarmen berriaren xehetasunak azalduko dizkiete gaur. Euskal sindikatuak «historikotzat» jo du ituna.

Laneko jazarpenaren aurkako protokoloak onartzea ere adostu dute, baita genero eta sexu jazarpenaren aurkako protokoloak ere. LGTBIQ+ pertsonentzat eskubideak ezartzea ere adostu dute.

Prestakuntza planik egiten ez duten enpresetako langileek hilero hogei euroko plusa kobratuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.