Elebiduneko ikasleek ere brebeta euskaraz pasatzeko eskubidea izatea eskatu dute

Gutuna idatzi diote hainbat eragilek Pad Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroari. Kezka agertu dute sail elebidunaren egoerari buruz.

Azterketak euskaraz egitearen aldeko protesta, otsailean, Sohütan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko apirilaren 18a
13:15
Entzun

Biga Bai, Euskal Haziak eta Euskara Geroan elkarteek gutuna idatzi diote Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroari, sail elebiduneko ikasleek ere brebetako zientzietako proba euskaraz pasatzeko eskubidea izan dezaten. Urteetako mobilizazio gogorraren ondotik, orain dela hilabete onartu zien eskubide hori Seaskako ikasleei, eta azterketa euskaraz pasatzeko aukera izanen dute ekainean. Ez da hala izanen hezkuntza publikoan eta pribatu katolikoan diren sail elebidunetan eskolatuak diren ikasleentzat.

Seaskako ikasleei begira «poza» adierazi badute ere, «berdintasun printzipioa» errespetatzeko eskatu diote Frantziako ministroari hiru elkarteek. «Seaskako ikasleei baimena eman diezu; alta haur guziek eskubide berdinak dituzte». Elebidunean ari diren ikasleek ere aurtengo ekainetik brebetako zientzietako proba euskaraz pasa ahal izatea nahi dute. Baxoarentzat ere eskubide bera izateko eskatu dute. «Hasieratik babestu ditugu Seaskako ikasle eta gurasoen mobilizazioak. Hala ere, gure eskaera guziei ez diezu erantzun...», diote gutunean. «Ulertezina da ez aitzinatzea gai honetan». Horiek horrela, larunbat honetan Euskalgintzak Baionan antolatu duen manifestazioan parte hartuko dutela adierazi dute.

Azkenik, guraso eta irakasleen elkarteek kezka agertu dute bigarren mailako irakaskuntzan sail elebidunak duen egoerari buruz. 2019ko lizeoaren eta baxoaren erreformak «eragin suntsigarriak» izan dituela erran dute. «Erreforma hori gure hizkuntzak lizeoetatik desagerrarazten ari da. Zure laguntza behar dugu gure hizkuntzak aitortzeko prozesuan, haien garapenerako beharrezkoak diren bitartekoak lortzeko». Hizkuntza gutxituak aintzat hartzeko eskatu dute, atzerriko hizkuntzekin lehian ezarri gabe.

Elebidunean elebidunik ez

Sail elebiduneko irakasleak biltzen dituen Euskara Geroan elkarteak VI. Inkesta soziolinguistikoaren azterketa egin du, bere aldetik, eta erakusten duen «panorama ilunak» egunerokoan ikusten dutena «baieztatzen» duela adierazi dute. «Elebidun izateak erran nahi du bi hizkuntzetan hitz egiteko gaitasuna ukaitea. Gaur egun helburu hori ez dugu lortzen ahalbideak ez direlako ematen. Irakaskuntza 'elebidunak' ez ditu elebidunak egiten».

Ikasleen egiaztatze maila apaldu izana deitoratu dute, batetik. Aurten, B2tik B1era jautsi dute kolegio bukaeran izan beharreko hizkuntza maila; «kontzertaziorik gabe», Euskara Geroan-en hitzetan. «Kanpoko hizkuntzen iniziazio mailara jautsi dute elebidun sailaren helburua». Halaber, sail elebidunak, eta orokorrean euskarak, instituzionalki duten aitortza falta deitoratu dute.

Orokorrean, euskarak orenak falta dituela eta irakaskuntzarako «baldintza txarrak» dituztela salatu du euskarazko irakasleen elkarteak. «Ikasleek euskara ikasi nahi dute. Gaur egungo hezkuntzako baldintzek ez dute hori ahalbidetzen. Euskararen kontrako politika linguistiko bat bada. Hola segituz, euskara fite galduko da Euskal Herrian», laburbildu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.