Enpresak

Euskaltelek joera aldatu du, eta hazkundea espero du aurtengo ekitaldirako

Arduradunen arabera, inoizko bezero kopururik handiena du, eta azken hilabeteetako negozio datu onek baikortasuna zabaldu dute.

Jon Ander de las Fuentes Euskalteleko zuzendari orokorra. OSKAR MATN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko apirilaren 18a
13:28
Entzun

Baikortasun zantzuak Euskaltelera itzuli dira, eta azken urteetan komunikazio zerbitzuengatik izandako diru sarreren jaitsieran hasi da joera aldaketa sumatzen. Iazko azken hilabeteetan hasi zuen goranzko bidea, eta aurtengoaren hasieran areagotu egin da: «Oso zuhurrak gara, baina aurtengo lehen hiruhilekoa nik hemen 2014an sartu nintzenetik ezagutu dudan onena izan da», onartu du Jon Ander de las Fuentes enpresako zuzendari orokorrak. Era berean, nabarmendu du askoz garai hobeak ezagutu dituela, baina telekomunikazioen sektorean lehiakortasuna «izugarri» handitu dela, eta, alde horretatik, Masmovilek Euskaltel xurgatu izanak «egonkortasuna eman diola» etxeari.

Euskaltelek 670 milioi euroren diru sarrerak izan zituen iaz, eta zerbitzuen negozio bolumena 630 eurokoa izan zen. Azken kopuru hori 2021ekoa baino %3 txikiagoa da. EBITDA —interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabaziak—, aldiz, 321 milioi eurokoa izan zen, %4 handiagoa. Eta nola da posible hori? De las Fuentesek azaldu du: «Hainbat kostu operatibo kendu ditugulako». Eta errentagarritasun mailak ze bilakaera izan du? «Masmovil taldeak %2ko igoera onartu zuen bere balantzean, eta gurea antzekoa da. Pixka bat positiboa». Zenbaki horietatik kanpo gelditzen dira Euskaltelek bere zuntz optikoko sarea saltzeagatik lorturiko diru sarrerak.

Milioi bat bezero inguru
Baikortasun zantzuen oinarrian bezero kopurua handitu izana dago, De las Fuentes arabera «inoizko kopururik handiena duelako». Masmovil taldeak (Euskaltel, Guuk, Masmovil...) 1,3 milioi bezero ditu Hegoaldean, 900.000 telefonia mugikorrean eta 400.000 banda zabalekoak, eta horien %80 Euskaltelenak dira. Bada, iaz, bi zerbitzuetako bezeroak igo ziren: telefonia mugikorraren kopurua %6, eta banda zabalekoak %5. Masmovilek 47.000 mugikor linea berri saldu zituen, horietatik 35.000 Euskaltelenak, eta 17.000 banda zabal zerbitzu, horietatik 14.000 marka laranjakoak.

Baikortasun neurtua plazaratu arren, Euskalteleko arduraduna zintzoa izan da: «Nik garai hobeak ezagutu izan ditut. Garai bateko zenbatekin alderatuta, diru sarrerak 50 milioi euro txikiagoak dira egun, eta EBITDA 40 milioi euro txikiagoa». Onartu du prezioen lehiarengatik errentagarritasuna asko jaitsi dela sektorean, eta bezero bakoitzaren fakturazioa %30 inguru jaitsi dela 2012tik. «Eskaintza oso merkeen garai batea bizi gara azken urteetan», laburbildu du.

Eskaintza ulerterrazagoa
Horren aldean, bere ustez azken hilabeteetako joera aldaketa eragin duten arrazoiak eman ditu: «Hobera egin behar zuen. Bezero oinarri handiagoa dugu, eta balio handiagoko produktua saltzen ari gara. %80ek pakete osoa erosten dute: sakelakoa, banda zabala, telebista...». Fideltasuna ere aipatu du, eta nabarmendu du %17 murriztu dutela zerbitzua uzten duten bezeroen kopurua. «Horretarako, eskaintza sinplifikatu dugu, jendea beherapenekin-eta erotu gabe. Ezin da onartu urteak daramatzan bezeroak berriak baino tratu okerragoa jasotzen duela sentitzea». Zerbitzu hobekuntza ere aipatu du, eta, haien datuen arabera, erreklamazio kopurua %48,5 jaitsi zen iaz.

Masmovilek 2021eko abuztuan bereganatu zuen Euskaltel —akzioen %96 erosi zituen—, eta, hartaz geroztik, Hegoaldean eginiko inbertsioak goratu ditu: «Integrazio eredu ezin hobea izan da». Haren arabera, 150 milioi euroko inbertsioa egin du sarean (5G zabaldu, gailuak hobetu...), eta beste 100 milioikoa egingo du aurten. Masmovilek marka ugari ditu bere barnean, eta De la Fuentesek onartu du harrituta dagoela estrategia horrek kalterik ez duelako egiten. Aldi berean, zehaztu du Euskaltelek egun 300 langile dituela Hegoaldean eta beste 3.000 «zeharka» kontratatzen dituela.

Orange-Masmovil fusioa
Markaren hurrengo pauso erraldoia Masmovilen eta Orangeren arteko fusioa izango da. 18.000 milioi euroko operazioa izango da, eta Europako Batzordeak dagoeneko jakinarazi du zorrotz aztertuko duela. De las Fuentesek azaldu du ez duela uste aurreikusitako inbertsioetan atzerapausorik egongo denik, eta Euskaltelek aspalditik duela azpiegitura erabiltzeko akordio bat Orangerekin: «Gure lurraldean ez dago zerbitzu bikoiztasunik, eta, hortaz, ez da ahulduko». Gainera nabarmendu du komunikazioen sektorea gero eta enpresa handiagoetara zuzenduta dagoela, eta «tamaina handia» berme bat dela AEBetako eta Txinako erraldoiei aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.