Hauteskundeak

PSE-EEk dio «giltza» duela Gipuzkoan, eta «Bilduren kaosa» ez dela itzuliko

Gipuzkoako ahaldungai nagusiek beren programen ildo nagusiak aletu dituzte Deustuko Unibertsitateak antolatutako eztabaida batean. Ongizateari eusteko «ekonomia sustatzearen garrantzia» azpimarratu du EAJko hautagai Eider Mendozak, eta «fiskalitate justu batekin» erronkei «aurrea hartzeko beharraz» aritu da Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaia. Asensiok garbi esan du ez duela EH Bildurekin gobernu akordiorik egingo.

Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, gaur, Deustuko Unibertsitatean. JON URBE / FOKU
xabier martin
2023ko apirilaren 18a
17:55
Entzun

Gipuzkoako bost ahaldungai nagusiak ia euskara hutsean aritu dira Deustuko Unibertsitateak Donostian duen egoitzan egindako eztabaidan. Felix Arrieta unibertsitateko Zientzia Politikoetako doktoreak gidaturik, eta hauteskunde giro betean, ikasle batek gaztelaniaz egindako galdera bati erantzun dio ekitaldi hondarrean Jose Ignacio Asensio PSE-EEko hautagaiak; ezuste txiki batean harrapatu du gobernu osaketaren inguruko galdera zuzen eta azkarrak, eta hautagaiak «aniztasuna errespetatzen duenarekin» esanez hasi da. Erantsi du bere alderdiak izango duela «gobernuaren giltza», eta, jarraian, zehaztu du ez duela asmorik «Bilduren kaosa» itzularazteko aldundira, «zaborren kudeaketa» gogora ekarri ondoren.

Ahaldun nagusi zergatik izan nahi duten azaldu dute hautagaiek. EAJko Eider Mendozak esplikatu du «abertzalea» dela, bere alderdiaren «proiektu sendoan» sakondu nahi duela, eta Gipuzkoako lehen ahaldun nagusi emakumea izan nahi duela. EH Bilduko Maddalen Iriartek «antizipazioa» aipatu du, «askotariko trantsizioei aurrea hartu» nahi dielako, «zaintza, osasungintza eta beste ahulguneak indartzeko». PSE-EEko Asensiok «ongizateak bermaturik» jarrai dezan nahi du lurraldeko agintari gorena izan. Bestalde, Elkarrekin Podemosen hautagai Miren Etxebestek «eredua aldatzeko beharra» hartu du ahotan, «Gipuzkoak atzera egin duelako»; eta PPko hautagai Mikel Lezamak esan du «gipuzkoartasunari indarra» eman nahi diola «bere interesak defenda ditzan beste lurraldeen aurrean».

Aberastasunaren sorreraz, banaketaz eta zergen ereduaz aritu dira hautagaiak. Mendozarentzat, «fake news-en garaian» datuak ezagutzea oinarrizkoa da aldundiaren lana baloratzeko. Defendatu du «ekonomia» dela «ongizatearen zutabea». Etorkizuna eraikiz programa nabarmendu du, eta aldundian «epe luzera» ari direla erantsi. Proiektu estrategiko asko «martxan» direla gogoratu du: «Adibidez, Mubil».

Gizarte politikak bermatu

Mendozak helarazi du «ekonomia sustatzea» ezinbestekoa dela gizarte politikak egon daitezen, eta gehitu du aldundia zaurgarritasunari aurre egiten ari zaiola, «biztanle bakoitzeko 701 euro baliatuta». Foru gobernuaren sistema «ez da perfektua», EAJko hautagaiaren arabera, baina esan du «apaldu» egin dela «gutxien dutenen eta gehien dutenen arteko arrakala». Harentzat, bi helburu dituzte zergek: «finantzaketa nahikoa» ematea eta «ekonomia sustatzea», enpresei lagunduz «enplegua sortzeko». Garbi utzi du enpresak estu daudenean, «pandemian bezala», bi eredu ei daudela: «Presio fiskala igotzea ala haiek laguntzea». Foru gobernuak enpresak laguntzeko «adorea» izan duela gaineratu du.

Eztabaidaren euskarri hertsia ez da lagungarri izan hautagaien arteko erantzun azkarrak eragiteko, baina Iriarteren esanei erreparatu die maiz Mendozak, haren txandetan. EH Bilduko hautagaiak ziurtatu du erronka handiei erantzuteko «eredu aldaketa» behar dela, zerbitzu publikoek «ahultasuna» erakutsi dutelako, «oso modu argian pandemiaren garaian». Zaintzan «norabide aldaketa bat» defendatu du, «etorkizunari erantzun ahal izateko». «Gipuzkoan ere» pobrezia handitu dela ziurtatu du, «gutxiago dutenek berdin jarraitu dutelako eta gehiago dutenek gehiago dutelako orain». Industriak beste sustapen bat behar duela erantsi du, I+G atalean ez delako iristen Europako batezbestekora, eta BPGan %27ra jaitsi delako haren pisua; «duela urte batzuk %32koa zen».

Edonola ere, «zaurgarritasuna zabaldu» egin dela azaldu du koalizioko hautagaiak, eta zaintzaren alorra «herri proiektu gisa» garatzeko beharra nabarmendu du: «Zaintza komunitarioa egin behar da, doakotasunerako bidean». Horretarako zerga sistema «justu eta progresiboa» eskatu du; «txaplatak jartzeari utzi» eta fiskalitatearen inguruko «eztabaida publikoa eta zabala» egiteko beharra azpimarratu du.

PSE-EEko Asensiok ere fiskalitateari heldu dio; «nortzuek zenbat ordaindu behar duten» zehaztu behar zela adierazi du. PFEZ berraztertu nahi zuela igorri du, baita sozietate zerga ere, «%15eko gutxienekoa bermatzeko». Hori guztia nahiko luke, «egun dugun eredua bermatzeko etorkizunean».

Elkarrekin Podemoseko hautagai Etxebestentzat, Gipuzkoako fiskalitatea «ez da progresiboa, eta Europako batezbestekotik behera dago». Madrilgo gobernuak sortutako enpresa handientzako zergak ere izan ditu hizpide: «Hemen ez zituzten aplikatu nahi, baina ez dute beste erremediorik izan». Inbertsio publikoak «estrategikoa» izan behar duela uste du Etxebestek, eta aditzera eman du kolaborazio publiko-pribatuan atal publikoa galtzaile ateratzen dela. Horregatik, defendatu du «eredu aldaketa bat» behar dela Gipuzkoarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.