Maiatzaren Lehena

Maiatzaren Leheneko Baionako manifestazio bateratuari eutsi nahi lioke LABek

Sindikatu abertzaleak haiek baztertzeko asmoa ikusten du intersindikaleko kide batzuengan, eta hori «gainditzeko lanean dabil». Guztira zortzi mobilizazio antolatu ditu ‘Egiteko beste mundu bat’ lelopean.

Garbiñe Aranburu LABeko kooordinatzaile orokorra M1eko mobilizazioen berri emateko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko apirilaren 19a
13:41
Entzun

LAB sindikatua Maiatzaren Leheneko Baionako manifestazio bateratuari eusteko lanean ari da. Erretreten adinaren atzerapenaren auzia puri-purian dagoen honetan, Frantziako Gobernuak bultzaturiko erreformari aurre egiteko mobilizazio erraldoiak antolatu dituzte, eta haien karietara sindikatu abertzaleak «azken urteetako ereduari» eutsi nahiko lioke, baina trabak aurkitu ditu bidean. «Bazterketa asmoa ikusten dugu intersindikaleko kide batzuen aldetik. Gu hori gainditzeko saiakeran gabiltza, baina ez dago gure esku bakarrik», azaldu du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak mobilizazioen berri emateko eginiko agerraldian. Era berean, gehitu du oraindik badaudela egunak egoera bideratzeko.

LABek zortzi manifestazio deialdi egin ditu Maiatzaren Lehenerako, eta Baionan ez ezik, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Maulen, Eibarren (Gipuzkoa) eta Tuteran (Nafarroa) ere irtengo da kalera. Egiteko beste mundu bat lelopean deitu ditu bere proiektuarekin bat egiten duten «langile, pentsiodun, emakume, gazte eta arrazializatu guztiak» klase beraren parte direla sentitzeko eta «bizi dugun krisia» egiturazkoa dela salatzeko eta haien arduradunak seinalatzeko.

Maiatzaren Leheneko arretagune handiena Ipar Euskal Herrian egongo da, Frantziako Gobernuak erretreta adina atzeratzeko erabakiaren ingurumarian ospatuko baita. Frantziako sindikatuek auziaren inguruko erreferendum bat eskatu dute bigarrenez, eta mobilizazio erraldoiak antolatu dituzte nahia hauspotzeko —Kontseilu Nazionalak maiatzaren 3an ebatziko du haren inguruan—. Azken urteetan LABek beste sindikatuekin batera parte hartu izan dute Maiatzaren Leheneko Baionako manifestazioetan, baina aurten giroa oso ezberdina da: «LABek 20 urte daramatza Iparraldean, eta egonkortutako proiektu sindikal bat da. Intersindikalean, baina, Paristik datozen aginduei eutsiz jarrera zentralista da nagusi eta LAB baztertzeko asmoa».

LABek, dena den, ez du galdu egoera bideratzeko itxaropena, Aranburuk onartu duen arren, kasu batzuetan bazterketa hori «oso muturreko» egoeretara iritsi dela, eta «ulertezina» iruditzen zaiola: «Azken urteetan eman ditugun aurrerapausoetan atzera egitea onartezina iruditzen zaigu». Momentuz, LABen manifestazio deialdia 11:00etan da, Baionako tren geltokian. Ikusi beharko da saiakeren ondoren ordua aldatzen duen ala ez.

Erretreten atzerapenaren aurkako eskaeraz gain, herritar guztien lan eta bizi baldintzen kalitatea «okertzen» ari dela salatuko du LABek. Sindikatuaren iritziz, patronala eta erakunde publikoak dira egoeraren erantzuleak eta arduraz joka dezatela eskatuko diete. «Bada garaia lan hitzarmenak berritzeko, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, gutxieneko pentsioa igotzeko eta lanaldi murrizketaren eztabaidari heltzeko», iragarri du Aranburuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.