Zaldibarko auzia dela medio, Eusko Jaurlaritzaren hiru teknikarik Durangon (Bizkaia) deklarazioak egin behar zituzten, baina saioa bertan behera gelditu da, justizia administrazioko langileen grebarengatik. Hala ere, Zaldibar Argitu plataformako kideak elkarretaratzea egiten ari dira. Taldeko kide Gaizka Zabarte gertatutakoa azaltzen ari zaie bertaratu direnei: «Hiru urte eta bi hilabete itxaron dugu Jaurlaritzako teknikariak epaitegian ikusiteko. Badirudi gehiago itxaron beharko dugula».
Zaldibar Argitu-ko Gaizka Zabarte gertatutakoa azaltzen ari da bertaratu direnei @berriapic.twitter.com/hzJVev1INK
— Gotzon Hermosilla (@GotzonH) April 20, 2023
Zabarteren esanetan, Jaurlaritzak auzi horretan duen erantzukizuna ez da «teknikarien mailara» mugatzen: «Ardura politikoak ere badaude, eta espero dugu arduradun politikoak ere epaitegian ikertuak izatea». Ez da lehenbiziko aldia deklarazioak atzeratzen direna: berez, Geyser HPC ingeniaritza enpresako bost langileren deklarazioak martxoan egitekoak ziren, eta egunez aldatu behar izan zituzten, letraduen grebarengatik. Greba horrengatik, urtarrilean eta otsailean egitekoak ziren beste zenbait deklarazio ere maiatzaren 25era atzeratu dituzte.