Presoak

Harrerak jarduera indartuko du, gradu aldaketen «egoera berriari» erantzuteko

Preso eta iheslari ohiei «arta integrala» eman nahi die elkarteak. Sebas Barinagarrementaria orain arteko lehendakariari erreleboa hartu dio Batzar Nagusian Eba Ferreirak.

Eba Ferreira eta Sebas Barinagarrementeria, Bergarako batzarrean, gaur. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2023ko apirilaren 22a
14:36
Entzun

Euskal presoak eta iheslariak etxeratzean edo itzultzean «eskubide guztien jabe direnen pertsonei» askotariko laguntzak bermatzeko lanean da 2012. urtetik Harrera elkartea. Aurrerantzean ere jarduera horretan jardungo du, baina ahalegina «indartuz», gradu aldaketen aldiak ekarri duen «egoera berriari» erantzuteko. «Presoen kolektiboan egindako eztabaidaren ondorioz, beste errealitate baten aurrean gaude», esan du Harrerako lehendakariorde Juan Carlos Ioldik, Bergaran (Gipuzkoa) egindako 2023ko Batzar Nagusian. Sebas Barinagarrementaria orain arteko lehendakariari erreleboa hartu dio han Eba Ferreirak.

Ioldik esplikatu du azkenaldiko graduen progresioa eta horien aniztasunak egoera ahulean uzten dituela egungo gizartean espetxetik atera berri direnak: «Kaleratzen dituzte, baina inongo diru laguntzarik edo bestelako laguntzarik jasotzen ez dutela». Horiek horrela, Harrerak hirugarren graduan dauden presoei buruzko hausnarketa bati ekin zion iazko udazkenean; elkarteak aurreikusi zuen «kalean espetxean baino denbora gehiago pasatuko zutela eta euren beharrak asebete» beharko zitzaizkiela. Testuinguru horretan erabaki bat hartu zuen elkarteak: «Gure zerbitzuak eskaintzeaz gain, laguntzak jasotzeko tramiteak egiten hastea, aukera zegoen kasuetan, eta diru laguntzak bideratzea, horren beharra azaltzen diguten lagunei».

Eskarmentua profitatu

Harrera elkartetik harago egindako hausnarketa zabal baten emaitza da elkarte horrek hirugarren graduen egoera berriari aurre egiteko asmoz hartu duen rola. Azterketa komunitario baten barruan «baliabiderik egokienak» identifikatu zituzten, eta horren ondorio da Harrerak bere jarduera atal horretan indartzeko asmoz hartutako erabakia; finean, «hamaika urteko eskarmentua profitatu» nahi dute gradu aldaketen egoera berriari erantzuteko. Bultzada horrek «aldagai ezberdinak» izango dituela ere helarazi du Ioldik, xehetasun gehiagotan sartu gabe.

«Elkarte xumea da gurea, baina orain arte eraginkorra», erantsi du. «Guztion konpromisoa» eskatu du fase berrirako: «Bazkide kate bat sor dezagun gure inguru zabalean gure lagunei bizimodu duin bat bermatu ahal izateko».

Futbolari ohi bat lemazain

Iaz hamar urte bete ziren Harrera sortu zenetik, eta Sebas Barinagarrementaria lehendakariari erreleboa hartu dio gaur Eba Ferreira Athletikeko jokalari ohiak. Santurtziko (Bizkaia) Mamariga auzokoa dela azpimarratu du Ferreirak, kirol mundutik datorrela eta, «erronkei aurre egiten ohituta» egon arren, «bertigoa» sentitu zuela jakin zuenean Harrerako lehendakari izango zela; «itzela» baita horrek ekarri dion ardura. Adierazi du «izugarria» dela Barinagarrementariak urteotan egindako ekarpena, berak duen «ilusioaren parekoa».

«Langile klaseko familia batekoa naiz, langile auzo batean hezia; auzo erreibindikatzailea da hori, preso eta iheslariei dagokionez aparteko tasa duena; elkartasuna beti egon da presente Mamarigan», esan die Bergarako Semirarixo aretoan elkartutako Harrerako bazkideei. Santurtzin gazterik izandako bizipen horrek eragin zion Ferreirari «espetxean eta erbestean urte askoan egon direnekiko kezka eta sentsibilizazioa».

Harrerak presoei etxera itzultzean ematen dien laguntza «elkartasun ariketa bat» dela azaldu du lehendakari berriak kargua hartzean. Gaineratu du Harreraren nortasunean «maitasuna eta enpatia» daudela «ezer gabe itzultzen direnentzat». Ferreirak zehaztu duenez, laguntza elkarte hori presoek «beren lekua» aurkitu dezaten laguntzen saiatuko da aurrerantzean ere, «arta oso baten bidez».

Gainera, Harrerako bazkide kopurua handitu behar dela igorri du batzarrean. Dagoeneko osaturik duten «elkartasun kateari katebegi gehiago» gehitzeko eskatu du: «Ez dugu inor atzean utziko, hitzematen dizuet».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.