Txirrindularitza

Remco Evenepoelek iazko garaipena errepikatu du Liejan

Tadej Pogacar erori egin da 167 kilometro falta zirela, eta ezin izan du bete Ardenetako hiru klasikoak irabazteko ametsa. Bakarrik helmugaratu da Evenepoel, nagusitasunez.

Remco Evenepoel, gaur, Liejako helmugan. JULIEN WARNAND / EFE
2023ko apirilaren 23a
18:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Begirada guztiak bi gizonengan jarrita zeuden gaur Liega-Bastogne-Lieja klasikoan: iazko irabazle Remco Evenepoelengan (Quick-Step), eta Ardenetako hiru klasikoak urte berean irabazi nahi zituen Tadej Pogacarrengan (UAE). Zoritxarrez erori ostean, ordea, ikuskizun hori gabe utzi ditu zaleak; 167 kilometro falta zirela erretiratu behar izan du Pogacarrek, eta gainontzekoei aise gailendu zaie Evenepoel.

Aurrez, ordea, gogotik lan egin du haren taldeak, Quick Step-Soudalek: helmugarako kilometro asko falta zirela hasi dira lasterketa gogortzen, eta ia ehun falta zirela harrapatu dute eguneko ihesaldia.

La Redoute mendatean hasi da Evenepoel erasoan. Lehen saiakeran ia erori egin da lurreko pinturarekin irrist egin ostean, baina metro gutxi geroago ekin dio berriz ere erasoaldiari. Tartea ateratzea lortu du, baina Thomas Pidcockek (Ineos) lortu du harrapatzea. Azkenerako, ordea, amore eman du hark ere, Evenepoelen erritmoari eutsi ezinda.

Belgikarra minutu bat baino gehiagoko aldearekin gailendu da Liejan, eta iazko garaipena errepikatu du. Bigarren izan da Pidcock, eta hirugarren Santiago Buitrago (Bahrain). Lehen euskalduna, Ion Izagirre (Cofidis), hamaseigarren helmugaratu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.