Bera Bera 31-25 Granollers

Bera Berak Espainiako Kopa irabazi du, zazpigarren aldiz

Donostiarrek hasieratik amaierara arte hartu dute mendean Granollers. Alice Fernandes da Silva atezainari eman diote jokalaririk onenaren saria.

Malena Cavo jaurtiketa bat egiten, gaur, Malagan (Espainia) jokatu duten finalean. @DHFIBERDROLA
Paulo Ostolaza.
2023ko apirilaren 23a
20:50
Entzun

Ez da ezustekorik izan Espainiako Kopako finalean: Bera Berak ez dio aukerarik eman Granollersi, eta neurketa ona eginda hartu du mendean Kataluniako taldea (31-25). Atsedenaldira 16-11 irabazten joan dira Donostiakoak, eta, bigarren zatiko une batzuetan erasoan fin ibili ez diren arren, Alice Fernandes atezainak zapuztu ditu Granollersen itxaropen apurrak. Hark eraman du finaleko jokalaririk onenaren saria.

Golegile onena, berriz, taldeko beste brasildarra izan da: Mariane Fernandes, zazpi gol sartuta. Bost sartu ditu Paula Arcosek, eta lau Laura Hernandezek. Granollersen aldetik, sei sartu ditu Ona Veguek, azkenerako zortziko finaleko golegile onena izan denak. Paula Milagros iruindarrak bost sartu ditu.

Malagan (Espainia) jokatu da txapelketaren zortziko finala; ostiralean Elx hartu zuen mendean Bera Berak (36-24), eta atzo, berriz, Guardes (25-23). Granollers ezustean heldu da finalera; ligan sailkapenaren behealdean dabil, baina atzoko finalaurrekoan Malaga kanporatu zuen (27-20), etxeko taldea.

Zazpigarrena

Atzokoaren bultzada, ordea, ez dute nahikoa izan gaur kataluniarrek. Neurketari indartsu ekin diote (3-4 aurretik ziren 10. minutuan), baina, defentsa lan onari eta trantsizio azkarrei esker, berehala hartu du aurrea Bera Berak. Donostiarrek izan dituzte egun hobeak erasoan, baina ez dute estuasun handirik pasatu, Fernandesen geldiketei esker.

Bera Berak Espainiako Kopa irabazten duen zazpigarren aldia da. Azken aldiz 2019. urtean irabazi zuen, eta iaz kolpea hartzetik heldu dira Malagara: Donostian egin zen zortziko finala, Illunben, eta etxekoak finalaurrekoetan kanporatu zituen Guardesek. Datorren urtean, ordea, arantza kentzeko aukera izango dute, berriz ere Donostian jokatuko baita txapelketaren azken fasea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.