Oroimen historikoa

Madrilek ministro bat bidaliko du Gernikara estreinakoz: Felix Bolaños

Espainiako Presidentetzarako eta memoria demokratikorako ministroak parte hartuko du  bihar egingo den lore eskaintzan. Jaurlaritzak dio Gernikako bonbardaketari lotutako «barkamen ekitaldi bat» egin behar duela Madrilgo gobernuak

Lore eskaintza, iaz, hilerrian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
2023ko apirilaren 25a
11:23
Entzun

Euskaldunon oroimen kolektiboan leku berezia duen gertaera bat gogoratzeko eguna da bihar: Gernikako bonbardaketa. Elkarte memorialistek eta erakundeek urtero egiten dute ekitaldi bat Gernikan (Bizkaia), Francok agindutako sarraski hura ahanzturan eror ez dadin, eta aurten ere horrela egingo dute 86. urtemugari lotutako ia astebeteko egitarau zabalaren barruan. Aurten, ordea, zerbait desberdina izango da: Espainiako Gobernuak, lehen aldiz, ministro bat bidaliko du Gernikara.

Hamarkada askoan ez ikusiarena egin ondoren, Felix Bolaños Presidentetzarako eta Memoria Demokratikorako ministroa Gernikan izango da bihar, sarraski hartatik bizirik irten zirenen eta han hil zirenen omenez egin ohi den lore eskaintzan. 16:30ean izango da ekitaldi hori, hilerrian. Aurretik, sirena hotsak entzungo dira herrian, 15:45ean, 1937ko bonbardaketa hasi zen orduarekin bat. Eta hilerriko ekitaldiaren ostean, kale antzerki bat izango da: Gernika garretan. Foru plazan izango da, 21:00etan. Gero, kandelekin ibilbidea egingo dute 21:30ean, Foruen plazatik.

Eusko Jaurlaritzak uste du «norabide zuzenean egindako urratsa» dela Espainiako Gobernuak hartutako erabakia, baina Bingen Zupiria bozeramaileak azaldu du Gernikako bonbardaketari lotutako «barkamen ekitaldi bat» egin beharko lukeela Madrilgo gobernuak; sarritan igorri du eskaera hori Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak.

Beste estatuetan bezala

«45 urte baino gehiago joan behar izan dira Espainiako gobernu bat Gernikako ekitaldietara etortzeko», esan du Zupiriak. «Behin baino gehiagotan» eskatu du Urkulluk «keinu bat» Gernikako bonbardaketari lotua, bozeramaileak esplikatu duenez, eta begi onez hartu du Lakuak Pedro Sanchezen gobernuak hartutako erabakia; baina, Jaurlaritzarentzat, «barkamen ekitaldi bat» egiteke dauka oraindik Madrilek.

Espainiak Gernikan gertatu zena «gaitzestea» funtsezkoa da, Jaurlaritzaren ustez. «Beste estatu batzuetako arduradun politikoek egindako zerbait da», gogorarazi du Zupiriak. Barkamen ekitaldi horiek egin direla erantsi du, iraganeko «indarkeriak gobernu ordezkari horiekin lotura zuzenik ez duten kasuetan ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.