Hezkuntza

Testuan «zuzendu» beharrekoak daudela esan du PSE-EEk

Gaur aurkeztu duten testuak hezkuntza itunean ezarritako xede guztiei ez diela «erantzuten» uste du, eta aldaketak behar dituela

Idoia Mendia lehendakariordea, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO, FOKU
arantxa iraola
2023ko apirilaren 25a
14:45
Entzun

»Hezkuntza Legearen aurreproiektua da gaur Jaurlaritzak aurkeztu duena, findu egin beharko da orain Eusko Legebiltzarrean, eta prozesu horretan testuaren gaineko «desadostasunak» konpontzeko era egotea espero duela esan du gaur PSE-EEk ohar baten bidez. Gaur gobernu kontseiluan ez dutela legearen kontra egin esan du, ez dutela legearen bidea «oztopatu» nahi. Baina PSE-EEk uste du testuak hezkuntza itunean ezarritako xede guztiei ez diela «erantzuten», eta aldaketak behar dituela, «zuzendu» beharrekoak.

EAJko ordezkariek «desadostasunen» berri baduela esan du PSE-EEk, «negoziazioetan» hizpide izan dituztela horiek guztiak, baina Hezkuntza Sailak ez dituela aintzat hartu egin dizkioten eskabideak.

Egin nahi dituen aldaketak, funtsean,lege berriaren gainean Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak emandako irizpideetan oinarrituta daudela esan du PSE-EEk. Besteak bestea, irizpide horietan «eskuduntzen inbasio bat» hizpide izan dutela adierazi du, eta aintzat hartu behar dela legea berridaztean. Kezka du, halaber, egungo hizkuntza ereduak gainditzeko bidea ireki dezakeelako lege berriak, egun idatzita dagoen eran, eta ez dagoelako horrekin ados; eredu horien gaineko «adostasuna» handia dela gogoratu du, eta ez dela aurreproiektuan ondo zehazten, gainera, nola egin beste eredu baterako aldaketa.

EH Bildu eta EAJ

EH Bilduren izenean, Ikoitz Arresek egin du testuaren balorazioa gaur. «Artikuluz artikulu» aztertuko dutela esan du, eta apirilean lege honen atariko onetsi zuten itunaren «espiritua» bertan aurkitzea espero dutela. Orain parlamentuan legearen gainean gogoetatzeko hilabeteak izango dituztela gogoratu du, eta «erantzukizunez» jardungo dutela prozesu horretan.

Leixuri Arrizabalagak jeltzaleen izenean esan du hezkuntzako eta gizarteko eragile askok izan dutela aurreproiektua idazteko prozesuan parte hartzeko aukera eta pentsatzen du gehienek jasota ikusi ahal izango dituztela orain testuan beren ekarpenak. Hala ere, esan du EAJko ordezkariek«ilusioz» aztertuko dituztela orain testuan egin daitezkeen aldaketak: «Guztiok eskuzabaltasunez lan egin beharko dugu».

Lege honek oinarri duen ituna %90ko babesarekin onartu zen Eusko Legebiltzarrean iazko apirilean; EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bat egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.