Hiru Erregeen Mahaiko Frantzisko Xabierkoaren agerkundea

Gailurreko estatuaren jatorrizko burua agertu da, modu misteriotsuan, berrogei urteren buruan. Ezezagun batek herenegun helarazi zion Koldo Aldazi, Nafarroako Mendi Federazioko eta Nafarroa Kirol Elkarteko kideari. Elkartearen esku dago orain, eta aurki jakinaraziko dute zer egingo duten harekin.

Frantzisko Xabierkoaren estatua, Hiru Erregeen Mahaia tontorrean. MIKEL ARRIZABALAGA
ramon olasagasti
2023ko apirilaren 26a
12:36
Entzun

«Frantzisko Xabierkoak burua altxatuko balu...» pentsatu bide zuen Koldo Aldazek astelehenean, norbaitek helarazitako kutxa misteriotsu hura zabaldu zuenean. Herenegun, kaxa bat eskuetan zuela etorri zitzaion hurbileko bat Koldo Aldazi, Egillor herrian (Nafarroa). Mezulariari, berriz, beste batek helarazi zion kutxa, «Aldazi, federaziokoari» entrega ziezaiola eskatuta. Izan ere, Nafarroako Mendi Federazioko kidea da aspaldidanik Koldo Aldaz, baita Nafarroa Kirol Elkarteko kidea ere, eta, besteak beste, Belaguako aterpea berriro irekitzeko bultzatzaile nagusietako bat ere izan da. Kaxa nahiko pisutsua zen, eta Aldaz harri eta zur geratu zen barnean zegoena ikustean. Estatua baten burua zen; Frantzisko Xabierkoaren burua, hain zuzen.

Bati deitu, besteari deitu, eta hari muturrak lotzen hasi ziren. Halaxe, Nafarroa Kirol Elkarteko beteranoen eskutik gogora ekarri zuten nola 1984. urtean, burugaberen batek, ostikoka edo kolpeka, ezin jakin nola, Hiru Erregeen Mahaiko tontorrean (2.446 m) zegoen Frantzisko Xabierkoaren estatua puskatu zuen. «Gero zer gertatu zen ez dakigu: burua punpaka mendian behera joan zen, eta, gerora, norbaitek aurkitu zuen, ala puskatu zuenak berak eraman ote zuen... Ez dakigu berrogei urte hauetan zer gertatu den buru horrekin», azaldu du Antxon Iturriza idazle, euskal mendizaletasunaren ikerlari eta Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioko (EMMOA) bultzatzaileak.

Berez, agerkundearen kontu hau isilean kudeatzeko asmoa zuten Nafarroa Kirol Elkarteko kideek, baina zaila da halako albisteei isilean eustea, eta berehala hasi zen zabaltzen mirariaren berria.

Zenbat buruhauste eman ote ditu Hiru Erregeen Mahaia gailurreko (2.446 m) estatuak dagoeneko? Nafarroa Kirol Elkarteko kideek 1952. urtean jarri zuten lehen estatua, Frantzisko Xabierkoaren heriotzaren IV. mendeurrena zela eta. «Orduan, erlijioak indar handia zuen, mendi taldeetan ere bai, eta fedeak bultzatuta etorri zen egitasmoa», jakinarazi du Iturrizak. Aureo Rebole eskultoreak egin zuen lehen estatua hura, 2,10 metro garai zena. Erraldoia. «Zatika garraiatu zuten, mandoekin, bizkarrean... sekulako lanak hartuta. Azkenean, gailurrean bertan piezak elkarri josi, eta lortu zuten zutik jartzea», azaldu du Iturrizak. 1952ko abuztuaren 16an inauguratu zuten. Kasimiro Salegi apaizak eman zuen meza gailurrean bertan. 2.995 pezetako kostua izan zuen estatuak. Frantzisko Xabierkoa erraldoi hark, ordea, ez zuen denbora asko iraun zutik. Negu hartan bertan tximista batek jo eta desegin zuen. Gogorrak dira neguak Hiru Erregeen Mahaiaren tontorrean.

Jatorrizko estatua inauguratu zuten eguna, 1952ko abuztuaren 16a. Ezkerrean, Angel Oloron historikoa. Angel Oloronen bilduma

Fidel Gorria artzainaren aurkikuntza

Bi metro pasatxoko estatua haren burua, tximistak eraitsia, mendian behera joan zen itxuraz, eta negua igaro zenean eta elurrak urtu zirenean, artzain batek aurkitu zuen, Belaguako Pedregon bordako Fidel Gorriak. «Oso ezaguna zen Belagua aldean Fidel. Nik ezagutu nuen, eta haren bordako lastategian lo egin ere bai. Arrakoko Ama Birjinaren ermitatxoaren inguruetan dago borda. Garai batean benta zen, leku garrantzitsua, hortik abiatzen baitziren bideak goiko portuetara», azaldu du Iturrizak. Fidel Gorriak, jakin zuelarik estatua norena zen, Nafarroa Kirol Elkartearen esku utzi zuen hasiera-hasierako irudi erraldoiaren buru hura, eta haien egoitzan dago gaur egun.

Lehen estatua tximistak eraitsi eta hiru urtera, 1955ean, jarri zuten gaur egungo brontzezko estatua, 75 cm-koa. Bigarren hori 5.830 pezeta ordaindu zuten Nafarroa Kirol Elkarteko kideek. Ekainaren 29an inauguratu zuten. Brontzezkoak zutik iraun zuen, harik eta 1984an bateren batek, burua galduta edo, kolpeka eta ostikoka burua txikitu zion arte. Herenegun arte ez da ezer gehiago jakin buru horri buruz. Frantzisko Xabierkoaren gorputzak zutik iraun zuen, baina, santuaren itxura ez zela iritzita, beste buru bat eginarazi zuten, eta horixe jarri zioten. Gaur egun Hiru Erregeen Mahaia tontorrean dagoen bera.

Geroztik ere izan dira hainbat gorabehera estatuarekin. 2000ko hamarkadaren hasieran, lurrikara batek bere lekutik mugitu eta etzanda utzi zuen santuaren irudia. Zehazki, estatuak sei urte egin zituen egoera horretan, harik eta 2010eko irailean, bi saialdiren ondoren, berriro zutik jartzea lortu zuten arte. Nafarroa Kirol Elkartearen eta Anaitasuna taldearen ekimenez zutitu zuten beste behin santua, Nafarroako Larrialdi Zerbitzuko helikopteroaren laguntzarekin.

Frantzisko Xabierkoaren burua Nafarroa Kirol Elkartearena da berez, eta mendi talde haren esku dago orain. Hasiera-hasierako estatua erraldoiaren beste buruarekin batera. Zenbait komunikabidetan aipatu da pieza hori Euskal Mendizaletasunaren Museorako izango ote den, baina Iturrizak argi utzi nahi izan du Nafarroa Kirol Elkarteak berak erabakiko duela zer egin buruarekin. Datozen egunetan jakinaraziko dute, prentsaurreko batean.

Gertatutakoak gertatu, berrogei urtean ederki gordeta egon ondoren, agertu da Hiru Erregeen Mahaiko santuaren irudia, eta egon behar duenaren eskuetan dago orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.