Olinpiar Jokoak

«Boluntario faltsuen» bidez Olinpiar Jokoak sabotatzeko antolatzen ari da talde bat

Saccage 2024 taldeak adierazi duenez, olinpiadek enpresa eta elite handiei soilik egiten diete mesede, eta ez harrera egiten duten herrialdeetako biztanleei.

2024ko Joko Olinpikoak Parisen izanen dira. IAN LANGSDON / EFE
Isabel Jaurena.
2023ko apirilaren 27a
16:26
Entzun 00:00:0000:00:00

Saccage 2024: Horrela du izena datorren urtean Parisen egitekoak diren Olinpiar Jokoak sabotatzeko antolatzen dabilen taldeak. Horretarako, «boluntario faltsuak» errekrutatzen ari dira. «Boluntariotzak guztion ongizaterako izan beharko luke, baina hori ez da Olinpiar Jokoen kasua, ez du helburu onik», adierazi dute. Haien erranetan, olinpiadek eragin negatiboa izanen dute ingurugiroan, eta bertakoei ez baizik elite eta enpresa handiei on eginen die.

Taldeak ez du jakinarazi zenbat lagun egonen diren sabotatze lanetan, baina azaldu du parte-hartze interesak gora egin duela Emmanuel Macron agintariak erretretaren erreforma indarrean jarri zuenetik.

Olinpiar Jokoen antolatzaileek 45.000 boluntario eskatu dituzte, eta maiatzaren 3a bitarte ematen ahalko da izena. Ez dute ezer erran sabotatze asmoak dituen taldeari buruz, baina garbi adierazi dute aurkezten direnen «zintzotasuna» aztertuko dutela, baita bakoitzaren jatorria ere. Hautagaiek beren motibazio eta esperientzia ere frogatu beharko dituzte.

Jules Boykoff irakaslearen erranetan, ez da lehenbiziko aldia Olinpiar Jokoak erabiltzen direla gisako aldarrikapenak egiteko. «Olinpiar Jokoetan erabilitako dirua ez da oinarrizko beharretan erabiltzen, etxebizitzan, hezkuntzan, osasunean eta pentsioetan. Jokoak aktibisten suminaren helburu nagusietako bat dira».

Boluntarioen auzia

Ez da lehenbiziko aldia boluntarioen aferak gorabeherak eragiten dituela. Frantziako Tourreko antolatzaileek, adibidez, mila boluntario eskatu dituzte soilik Arabarako. Eskaerak, baina, ez du harrera ona izan Arabako Txirrindularien Federazioan. Honela mintzatu zen Julia Liberal taldeko presidentea: «Instituzioek diru nahiko jarri dute mahai gainean, eta diru hori antolakuntzak jasotzen du, enpresa pribatu batek. Bitartean, boluntarioek eta federazioek ez dute ezer jasotzen». Boluntario gisa lanean aritzen diren horiei trukean zerbait emateko eskatu dute.

Eskala txikiagoan ere gertatzen da. Gipuzkoan, adibidez, hainbat lasterketa bertan behera utzi behar izan dituzte, bi arrazoirengatik: batetik, Ertzaintzak ez dituelako beharrezkoak diren agente guztiak jartzen segurtasuna bermatzeko, eta, bertzetik, motorrekin laguntza ematen dutenentzat ez dagoelako asegururik. Motorrekin lanean aritzen diren horien jarduera legez lanbide gisa araututa ez dagoenez, ezin diete aseguru osorik egin. Hau da, gidaria bera babestuta dago, baina bere motorrarekin aritu behar duenez, ibilgailua ez dago babestuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.