Athletic 0-1 Sevilla

Athleticek irrist egin du, eta galdu egin du Sevillako aurka

Zorigaiztoko jokaldi batek erabaki du neurketa San Mamesen. Yerayk irrist egin du area barruan, eta penaltia egin dio Ocamposi. Argentinarrak berak sartu du gola.

jarraia227286.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 28a
00:15
Entzun

Athleticek partida ona jokatu du San Mamesen Sevillaren aurka, baina zorigaiztoko jokaldi batek erabaki du partida azken minutuan. Yerayk akats galanta egin du area barruan irrist eginez, eta penaltia egin dio Lucas Ocamposi. Argentinarrak sartu du gola, eta garaipena eman dio Jose Luis Mendilibarren taldeari. Une gozoan dago Zaldibarko prestatzailea. Sevillara iritsi zenetik ez du neurketarik galdu; bost irabazi ditu, eta bi berdindu. Gainera, lehen aldiz irabazi du Mendilibarrek San Mamesen. Jardunaldia oso txarra izan da Athleticentzat, aurretik zituen taldeek punturen bat lortu baitute. Horrekin nahikoa ez, eta bi puntura hurbildu zaio Osasuna, hirura Rayo Vallecano, eta bostera Sevilla eta Girona.

Markagailuak erakutsi duen bezala, partida osoa orekatua izan da. Bi taldeak oso antzekoak dira; sendo aritzen dira atzean, eta baloia lapurtzean abiadura bizian egindako trantsizioetan izan ohi dira arriskutsuak. Hori baliatu du Athleticek, eta Williams anaiek hegaletatik min egin dute. Lehen ordu laurdenean bi gol egin dituzte zuri-gorriek, baina biak baliogabetu ditu epaileak. Lehenengoan, 9. minutuan, taldeko jokaldi ederra egin dute lehoiek. Oscar de Marcos iritsi zaio baloia hegalean, eta haren pasea sarera bidali du Nico Williamsek. Baina jokoz kanpo zegoen. Gauza bera gertatu da 16. minutuan; Nicoren erdiraketa sarera bidali du Gorka Guruzetak, baina aurreratua zegoen donostiarra.

Horrek denak gogortu egin du Athleticen jokoa, eta, San Mamesen bultzada baliatuz, presio itogarria egin dute zuri-gorriek. Sevillak sufritu egin du une horretan. Behin eta berriro ahalegindu da Athletic joko zuzena baliatuz, baina ez dute lortu aukera nabarmenik sortzea. Lehen zatiaren amaieran, berriz, hobeto aritu dira bisitariak, eta zuri-gorriei nekea sumatu zaie. Hala ere, Guruzetak lehen gola egiteko aukera izan du 40. minutuan, baina ez da Yuri Bertxitxek egindako erdiraketara iritsi.

Bigarren zatian, golaren bila abiatu dira zuri-gorriak, baina ez dira fin ibili Marco Dmitrovicen ate aurrean. Nico Williams izan da Athleticen jokalari arriskutsuena, eta, bigarren zatian, haren jokoak buruhauste ugari eragin dizkie Sevillako atzelariei. Hala ere, Sevilla ez da oso deseroso egon San Mameseko soropilean. Mendilibarrek asko hobetu du liga hain gaizki hasi zuen Sevilla, eta bigarren zatian partida gogortzeko gai izan da Zaldibarkoaren taldea.

90. minutuan etorri da zorigaiztoko jokaldia. Baloia atzetik ateratzen ari zela, irrist egin du Yerayk area barruan, eta presioa egiten ari zen Ocampos zangotrabatu du. Epaileak argi ikusi du jokaldia. Ez du zalantzarik izan, eta penaltia zela ebatzi du, San Mameseko zaleen haserregarri. Ocamposek berak hartu du ardura, eta argentinarrak ez du huts egin. Horrela amaitu da partida, eta aukera paregabea galdu du Athleticek goiko postuetara hurbiltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.