Jesus Uzkudun

«Izugarrizko ezjakintasuna nabari dut lan gaixotasunen inguruan»

Urte askoan CCOO sindikatuan langileen eskubideen alde aritu da lanean Jesus Uzkudun. Asbestosi gaixotasuna diagnostikatu zioten duela bi urte, «amiantoarekin urte askoan lan egiteagatik».

Jesus Uzkudun. MAIALEN ANDRES, FOKU
June Romatet Ibarguren.
2023ko apirilaren 28a
13:17
Entzun

Gaztetatik izan da militante Jesus Uzkudun (Donostia, 1949). Lan munduari lotutako ekintzetan aritu izan da beti, fabrikan lanean hasi eta berehala eman zuelako pauso hori. CCOO sindikatuan barrutik aritu da lanean, eta Asviamie amiantoaren biktimen elkarteko bozeramailea da egun.

Frankismo garai betean, nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Nik, batez ere, eskola gogoratzen dut, nola [Donostiako] Igara auzoko eskolan denak baserritarrak ginen eta ez genekien gaztelaniaz. Asto belarriak jarrita eta kolpeak jasoz gogoratzen ditut garai haiek. Geroago, gogoan dut beste baserri batera joan ginela bizitzera; trenbidea egiten hasi ziren baserriaren lurretan, eta guardia zibilez beteta egoten zen dena. Kontziente nintzen gertatzen ari zenaz, baina haurra nintzen.

Aipatu duzu euskaraz bizi zinetela zuek. Hizkuntzak garrantzi handia izan du zuregan?

Bai, noski. Gurasoak euskaldunak ziren, eta hori irakatsi zidaten niri; ez nekien besterik. Ikasketa guztiak gaztelaniaz egin behar izan nituen, baina nik beti izan dut euskara oso presente. Beti izan dut hizkuntzarekiko kontzientzia.

Donostian igaro zenuen haurtzaroa, baina Hernanin gaztaroa, ezta?

Hala da. Nik 13 urte nituela etorri ginen Hernanira bizitzera. Eskola profesionalean hasi nintzen orduan, eta 17 urte bete berri nituela Urnietako enpresa batean hasi nintzen, mekanizazio lanetan. Garai hartan kristaua nintzen ni, eta kontzientzia soziala hartzen hasia nintzen, baita fabriketako egoeren inguruan ere.

Kontzientzia horrek barneratu zintuen militantzian?

Parrokiaren zentro bat zegoen [Hernaniko] Florida auzoan, eta ekintza sozial batzuk egiten zituzten bertan; horietan parte hartzen nuen nik. Mendi talde bat sortu nuen han, eta kristau munduko gazte batzuk hainbat ekintza sozial egiten hasi ginen: irakurri, eztabaidatu… Mendi irteerak ere egiten genituen, eta hainbat gai lantzen genituen irteera haietan.

Lanketa horretan pauso gehiago eman zenituen jarraian…

ETAko langile frontean hasi nintzen segituan. Era berean, Hernanin lan munduko legeak ikasten aritu nintzen talde batekin, eta ikasi nuen, bai! Garai hartan ni fabrikan lanean ari nintzenez, fabrikak gelditzeko mugimenduko buru bihurtu nintzen; ardura ez nuen nik hartu, jendeak eman zidan. Enpresa guztiak propagandaz josten genituen orduan, eta sinadurak biltzen genituen lan baldintza hobeak eskatzeko. Gogoan dut bi buzo eta soldata igoera bat lortzea izan zela lehendabiziko eskaera. Jendearentzat harrigarria zen lan baldintzen inguruan zerbait jakitea; horregatik nintzen ni burua. Harremanak egiteko aukera eman zidan horrek.

Beraz, lan munduarekin lotura duten mugimenduetan ibili izan zara zu beti, ezta?

Bai. Ardura maila aldatu arren, arlo horretan aritu izan naiz beti borrokan. Horregatik, ETA zatitu zenean, ETA VI.ekoekin egin nuen bat nik; geroago, Liga Komunista Iraultzailearekin (LKI); eta, azkenik, Zutik-ekin.

CCOO sindikatua sortu zenuen gero Hernanin.

Hogei bat lagunekin biltzen nintzen herrian, eta, ordura arteko bidean egindako harremanekin, ibarrean CCOO sindikatua sortzea beharrezkoa zela ikusi nuen. Hein handi batean, nik bat egin nuen mugimendu horrekin. Langileak sindikalismora bideratzeko, sortu beharra zegoen zerbait herrian. Hala ere, sindikatuaren barruan hainbat tirabira eduki izan ditut nik; hori ere esan beharra dago.

Sindikalismoa, beraz, garrantzitsua izan da zure bizitzan…

Noski. Nik beti pentsatu izan dut iraultza eta sozialismoa lortu nahi baditugu langileekin lortu behar ditugula, eta egoeraz kontziente izatea da langileen lehen pausoa. Horretarako da garrantzitsua sindikalismoa: langileei dena argitu eta haien bidean edo borrokan laguntzeko. Horregatik, gorabeherak izanik ere, betidanik sinisten dudan bidean jarraitu dut nik CCOO sindikatuan ere.

CCOO ez da euskarak garrantzirik handiena duen sindikatua. Zu euskaltzalea izanik, nola hartu izan duzu hori?

Ez da erraza. Euskara bermatzeko ardura sortu nuen CCOOn, eta Euskal Kontseiluan eta beste hainbat kontseilutan aritu nintzen euskararen alorra bermatzeko; hala jarraitzen du nire ondorengoak ere [Alfonso Rios]. Beti esan izan dut herri honetan sindikatuko ardura duenak bi hizkuntzak menderatu behar dituela, gutxienez. Neurri batean lortu nuen: gaur egun Madrilen dago Unai Sordo [Espainiako CCOOko idazkari nagusia], baina hark euskaraz ikasi zuen. Hori bai, presio falta dagoela nabari dut. Afiliazioa erdalduna bada, oso erraza da korporatibismoan gaztelaniara jotzea eta erdaldunen eskaeretan bakarrik zentratzea. Hori hala bada, zulora goaz; kontraesan hori dut nik neure barruan. Ez nago ados sindikatuan hizkuntzarekin duten tirabira horrekin, baina 74 urte egingo ditut laster, eta jada ez nago eztabaidetan hasteko. Lan egiteko banago, baina eztabaidetarako, ez.

Gaur egun nola ikusten duzu sindikalismoa?

Arazo bat baino gehiago ikusten ditut. Batetik, ideologikoki prestatuta daude sindikalismoan ardura duten asko, baina ez dira pasatu lan mundutik, eta eragin egiten du horrek. Pertsona hori lan munduan gogortu ez bada, zerbait falta zaiola iruditzen zait niri. Bestalde, sindikalismoak afiliazioa behar du, eta, nire ustez, gaur egun eskatzen da afiliazioa, baina aurretik ez da zabaltzen hazirik. Afiliazio gosea zabaldu behar da lehenengo, landu egin behar da gai hori, eta dena ondo ulertzen dutenean afiliatu behar dute langileek. Gainera, zatiketa handia dago sindikatuen artean, eta horrek ez du laguntzen. Langile bat hiltzen denean, sindikatu bakoitzak bere iritzia ematen du, bere oharra zabaltzen du, baina horrelakoetan erantzun bateratu bat eman beharko litzatekeela uste dut. Indarra galtzen dugu sindikatuak elkarrengandik banatzen, eta ez diegu heltzen beharrezko borroka edo gaiei.

Zein dira gai horiek?

Batzuek uste dute langileak emantzipatuko direla soldatak igota eta erretiroak eskatuta, baina zerbait gehiago behar dela uste dut nik. Gaur egun, garrantzi handiagoa izan beharko lukete, adibidez, lan osasunak, berdintasunak eta ingurumenaren aldeko konpromisoak. Nik askotan aipatzen dut Europan, urtero, 90.000 pertsona baino gehiago hiltzen direla amiantoak sortutako gaitzengatik, eta lanketa gutxi egiten da horrekin. Ez al du merezi horrelako gerra bat egitea? Elkarlana behar du sindikalismoak: mugimendu feministarekin, ekologistarekin…

Amiantoaren gaia gertutik bizi izan duzu zuk, eta Asviamie elkarteko bozeramailea zara gaur egun.

Askotan kontatu izan dut 1982an asko nekiela amiantoaren inguruan, baina beti irakurtzen nuen uralita fabriketan eta ontzioletan erabiltzen zela; inoiz ez nuen irakurtzen siderurgia fabriketan ere erabiltzen zela. Siderurgian lan egin nuen nik, eta, konturatu nintzenerako, berandu zen. Duela bi urte diagnostikatu zidaten asbestosi gaixotasuna; amiantoarekin urte askoan lan egin izana dago horren atzean, eta oso jende gutxi konturatzen da horretaz. Adibidez, duela gutxi Bizkaiko lagun batek esan zidan amiantoarekin lan egin zuela; ea Osalaneko zerrendetan zegoen galdetu nion, dena ondo aztertzeko. Zerrendan ez dagoenez, ez diote egin amiantoak sor ditzakeen gaixotasunen inguruko azterketa zehatzik. Gerta daitekeenaz kontziente naizelako nengoen ni zerrendetan, eta, kolpetik ez duenez eragiten, jendeak ez dauka horrekiko kontzientziarik.

Nola ikusten duzu gaur egungo militantzia eredua?

Ez da erraza aitona zaharrek gazteen kontuez hitz egitea. Hala ere, nik sumatzen dut galdu egin dela gure belaunaldiak militantziarako zuen konpromisoa eta apustua. Egia da 1968an, agian, ez zegoela militantziarako konpromiso hori; gauzak egiteko laguntza eskatu eta aitzakiak jartzen zituen jendeak. Gorakada bat izan zen gero, militantzia modan zegoela esan daiteke, eta errazagoa zen. Gaur egun, berriz, beherakadatxo bat izan da, nire ustez; ez da berdina. Bestalde, jende askok kritikatu egiten duela nabari dut, baina horiek ez daukate konpromisorik gauzak aldatzeko. Ez dakit, geure belaunaldiarekin alderatuta, desberdintasun hori ikusten dut nik. Oso aktiboak ginen gu, eta beharrezkoa ikusten genuen egoera horiei buelta ematea.

Zein esango zenuke dela gaur egungo militantziaren erronka nagusia?

Batetik, lan munduan, abokatuetatik hasi eta medikuetaraino, izugarrizko ezjakintasuna nabari dut lan gaixotasunen inguruan, eta erronka handia dauka esparru horretan. Duela gutxi sententzia bat izan da Frantzian: erizain baten bularreko minbizia gauez lan egitearen ondorioa izan dela epaitu dute; gure gorputzaren erritmoak aldatzeak eragin larriak izan ditzakeela eta horrelako egoerak sor ditzakeela demostratu dute. Nire ustez, hori da bidea: aztertuta egon beharko luke gure lan jardunek zer kalte sor ditzaketen, eta prebentzioan lan egin beharko genuke. Baina prebentzioan lan egiteak ez du esan nahi jada ondorioak jasaten ari direnek arretarik merezi ez dutenik. Bi gauzak landu behar dira, noski: prebentzioa eta ondorengo zaintza. Bestalde, lehen aipatu dudanez, langileen arteko elkarlana bilatzea da beste erronka nagusia; borroka asko hobeak dira elkarrekin eginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.