Osasuna 0-2 Reala

Realak urrezko hiru puntu lortu ditu Sadarreko derbian

Txuri-urdinak Txapeldunen Ligako postuetan sendotu dira. Osasunak festa egin du partidaren amaieran, eta zaleen aupada jaso dute jokalariek Espainiako Kopako finala jokatu aurretik.

jarraia227334.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 28a
23:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Garaipen garrantzitsua lortu du Realak Sadarren, Osasunaren aurkako derbian. Sergio Herrerak nahi gabe sartu du baloia bere atean partida hasi eta berehala, eta maldan gora jarri zaio partida Osasunari. Gorritxoak ahalegindu dira berdinketa lortzen, baina partidaren hondarrean Take Kubok 0-2koa egin du. Aurrerapauso nabarmena da Realarentzat Txapeldunen Ligako postuetan sendotzeko.

Osasuna oso talde sendoa izaten da Sadarren jokatzen duen bakoitzean, baina bereziki lehen minutuetan izaten da arriskutsua. Atzera begiratu ere egin gabe egiten dute aurrera, eta hegaletatik erdiraketa andana egiten dute. Gaur, baina, Reala izan da lehen minutuetan nagusitu den taldea. 3. minutuan Mikel Merinok barkatu egin du, baina hurrengo jokaldian gola sartu dute txuri-urdinek. Ander Barrenetxearen erdiraketa bere atera desbideratu du Sergio Herrerak.

Golaren ostean, aurrera egin du Osasunak, eta pixkanaka neurria hartu dio partidari. Kike Garciak aukera argia izan du, gainera, berdinketa ezartzeko, baina ez da fin ibili. Bigarren zatiaren hasieran ikusi da lehen aipatutako Osasuna bertikal hori. Oldarkorra izan da defentsan, eta erasoan min egin du trantsizio azkarrekin. Hala ere, Realak izan ditu bigarren zatiko aukera garbienak. Mikel Oiartzabal eta Alexander Sorloth bigarren zatian zelairatu dira, eta bakoitzak aukera garbi bat izan du. Eibartarraren errematea Herrerak atera du atepean, eta Sorlothek, berriz, zutoinera bidali du baloia dena alde zuenean. Aurrelariek ez dute asmatu, baina, partida amaitzear zegoela, 0-2koa egin du Kubok, area barruan ezkerrarekin egindako erremate batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.