Altuna III.a 22-18 Elordi

Finalerdietan da Jokin Altuna

Partida gogorra jokatu dute Elordik eta biek. 15-18 atzetik zen, baina erreskadan egin ditu azken zazpi tantoak. Elordiren eta Lasoren artekotik irtengo da multzoko beste sailkatua.

Jokin Altuna sake bat egiten, gaur, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan. Atzean, Aitor Elordi. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko apirilaren 30a
19:43
Entzun

Jokin Altuna eta Aitor Elordi traineruak itsaso txarra izaten denean bezala ibili dira gaur Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan. Olatu ona hartzen zuenak erakusten zuen branka; Elordik hartu du lehen olatu ona (5-8), Altunak asmatu du gero (14-8), Elordi atera da zulotik jarraian (15-18), eta, azken txanpan, olatu ona, amezketarra helmugaraino eraman duena izan da (22-15).

Boladaka, baina partida ederra jokatu dute biek. Egin dute akats bat edo beste, baina sakez min handia egin diote elkarri, eta tantoak bukatzen ere asmatu dute. Gaurko garaipenari esker, Buruz Buruko Txapelketako finalaurrekoa jokatzeko sailkatu da Altuna. Bizirik jarraitzen du Elordik ere: azken jardunaldian Unai Lasok eta biek jokatuko duten partidan erabakiko da Darioren aurkaria. Altunak Joseba Ezkurdia edo Peio Etxeberria izango du parean.

Gaurkoari dagokionez, Elordi izan da indartsuen kantxaratu dena. Mallabikoak hasieratik egin du min sakez, eta maisuki amaitu ditu hainbat tanto. Txoratzen ziren haren zaleak. Altunak sakea berreskuratu duenean, ordea, erabat aldatu da joera. Ohiko sendotasuna erakutsi du Amezketakoak, eta Elordiri erregaia amaitu zitzaiola zirudien. Pasa den asteko gidoia errepikatuko zela zirudien: Laso ere indartsu hasi zen Altunaren aurka jokatu zuen partidan, baina, azkenerako, egurra jaso zuen.

Elordik, ordea, onenen pare ibiltzeko gai dela erakutsi du. Sakea berreskuratu du, eta 10-1eko partziala egin du, 14-8tik 15-18raino. Ez zegoen eroso Altuna, eta haserre joan da aldagelerata azken hutsarte luzean. Handik itzulitakoan erakutsi du, ordea, zergatik den gaur egun esku huskako pilotak duen izar handienetako bat: sakea berreskuratu du, arriskatu egin du, eta asmatu ere bai. Zazpi tanto jarraian egin, eta finalaurrekoetarako txartela poltsikora. Astelenan elkartutako pilotazaleak zutik jarri ditu, txaloka.

Gauza onak

Dena den, Altunak aitortu du «oso zaila» dela Elordiren aurka jokatzea, eta neurketako gakoetako batean egin du azpimarra: «Sakea hartzen duenean beldurra ematen du». Ligaxkako azken partida Elezkano II.aren aurka jokatuko du; ez batak ez besteak ez dute ezer jokoan.

Elordi, bere aldetik, amorratuta baina pozik agertu da egindako lanarekin: «Gauza onak erakutsi ditut, horrekin geratu behar dut», hausnartu du. Lasoren aurkakoan erabakiko da finalaurrekoetan izango den edo ez, eta aitortu du txapelketa hasi aurretik sinatuko zukeela ligaxkako azken partidara aukerekin iristea.

Ikusi gehiago:Lasaitu ederra hartu du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.