Europako Batasuna

Zerbitzu publikoen murrizketak, EBren Egonkortasun Itunaren albo kalteak

Zorra BPGaren %60ra mugatu beharko dute EB Europako Batasuneko kideek 2024tik aurrera. ELAk itun fiskalaren erreforma aztertu du txosten batean, eta salatu du «izaera kontinuista» duela, eta zerbitzu publikoak izango direla kalteturik handienak.

Valdis Dombrvskis Europako Batzordeko presidenteordea, ezkerrean, eta Paol Gentiloni EBko Ekonomia komisarioa, eskuinean, Bruselan, aurreko astean. OLIVIER HOSLET / EFE
maddi iztueta olano
2023ko maiatzaren 2a
13:04
Entzun

Lau urteko etenaldiaren ostean, zorra BPGaren %60ra mugatu beharko dute EB Europako Batasuneko kideek 2024tik aurrera. Apiril bukaeran aurkeztu zuen Europako Batzordeak Egonkortasun Ituna erreformatzeko proposamena. Gaur argitaratutako txosten batean, ELAk adierazi du proposamena «kontinuista» dela, eta zerbitzu publikoak eta gizarte laguntzak izango direla kalteturik handienak.

Ituna izoztuta egon da 2020tik, EBk gastu publikoa baliatu baitzuen COVID-19aren pandemiari erantzuteko. Orain, ordea, estatu kideek gerrikoa estutu beharko dute berriro. Helburua zera da: herrialdeek zorra BPGaren %60ra mugatzea, eta defizita, berriz, BPGaren %3ra. Halere, bere ezaugarrien araberako doikuntza planak egin beharko ditu estatu bakoitzak, eta, ondoren, plan horiek Bruselarekin negoziatuko ditu.

Aitor Murgia sindikatuko Azterketa Bulegoko kideak egin du txostena, eta, haren arabera, proposamenak ez du aurreikusten diru sarrerak handitzeko eta gastu publiko «nahikoa» bermatzeko erreforma fiskalik. Are, gastu soziala apaltzea izango da helburua betetzeko «bide bakarra».

Sindikatuaren arabera, horrek nabarmen areagotuko du Europako erakundeek estatu bakoitzaren aurrekontu publikoetan duten kontrola. Salatu du gero eta «mugatuagoa» izango dela estatu kideek aurrekontuak garatzean duten subiranotasuna. Espainian, Airef Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea arduratuko da kontrolaz, eta ELAk ez du begi onez ikusi: «Ustez independenteak diren erakunde horiek aitzindari dira doikuntza eta austeritate politikak ezartzen».

Bide beretik, txostenean ohartarazi du 2024tik aurrera gastu publikoa murriztu behar izateak zuzenean eragingo diola Hego Euskal Herriari, EAEk eta Nafarroak ere beren aurrekontuak mugatu beharko dituztelako ziurrenik. «Erabaki eremuak gero eta urrunago daude Hego Euskal Herritik», salatu du dokumentuan.

Dena den, proposamena behin betiko onartzeko dago oraindik. Azken hitza Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak izango dute.

27 herrialde, 27 egoera

Zor gutxi dute estatu batzuek —Estonia (%18,4), Bulgaria (%22,9)...—, eta sekulakoa beste batzuek. Greziak BPGaren %171,3 zor du, kasurako. Horiek horrela, doikuntza planak dira proposamenak aurkezten duen aldaketa funtsezkoa. Lau urterakoak izango dira, baina hiru urte luzatu ahal izango dira, eta sei hilean behin gainditu beharko dute azterketa. Bruselak finkatutako muga gainditzen badute —BPGaren %60—, isuna ordaindu beharko dute herrialdeek; BPGaren %0,05etik hasi eta %0,5eraino pilatu ahal izango dena.

Sindikatuaren esanetan, zor publikoa murrizteari lehentasuna emateak Europa hegoaldeko zorpetuen eta iparraldeko «aurreztaileen» arteko haustura areagotuko du, eta gogorarazi du horixe gertatu zela 2008ko krisiari aurre egiteko neurri murriztaileak hartu zituztenean. Halere, iritzi dio ezen, COVID-19aren krisiarekin eta horri aurre egiteko gastu publikoa areagotzearekin, besteak beste Alemania, Frantzia eta Austria ere ez direla «gai» EBk finkatutako mugak betetzeko.

Iazko adierazleen arabera, 2022 amaieran hamahiru estatu kidek gainditzen zuten itunak finkatutako zorraren gehienezko muga, eta hamazazpik defizitarena. Are, batez beste BPGaren %84 zor zuen EBk, eta %91,6 euroguneko kideek. Gaur-gaurkoz, BPGaren %113,2 zor du Espainiak, eta %4,8ko defizit publikoarekin itxi zuen 2022a.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.