Osasuna

«Enplegua egonkortzeko inoizko LEP jendetsuena» iragarri du Osakidetzak: 7.639 lanpostu

Aurtengo uztailetik azarora egingo dituzte probak, Barakaldoko BECen eta Gasteizko EHUn, eta 109.029 lagunek eman dute izena.

Bingen Zupiria eta Gotzone Sagardui, gaur. IREKIA
xabier martin
2023ko maiatzaren 2a
13:53
Entzun

Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren «historiako enplegu publikoaren prozesurik jendetsuena» iragarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Aurtengo uztailetik azarora, 7.639 lanpostu aterako ditu Gasteizko gobernuak Osakidetzan, «enplegua egonkortzeko eta finkatzeko». Osasun Sailak lau urtean 4.000 lanpostu egonkortzeko konpromisoa hartu zuela gogorarazi du Sagarduik, eta, «pandemia gorabehera», prozesu horren amaieran 11.000 aterako direla zehaztu du, «Osakidetzako langileen heren bat».

Barakaldoko BECen eta Gasteizko EHUn egingo dituzte 2020, 2021 eta 2022ko LEPak eta 2021eko egonkortzeko probak, eta horietan 109.029 lagunek eman dute izena. Erizaintzan eskaintzen da lanpostu gehien (2.228); erizain laguntzaileentzat, 1.231 dira tokiak; administrazioan, 727; zeladore gisa, 331; eta zerbitzuetan, 497. Medikuei dagokienez, familia medikuentzat 314 lanpostu aterako dituzte; larrialdietan, 151 toki; eta anestesia eta bizkortze atalean, 135.

Sagarduik esan du saiatuko direla 2018ko eta 2019ko LEPen emaitzak proba berrien aurretik jakinarazten. Izan ere, profesionalen eta sindikatuen kezka da iraganeko proba horien emaitzak jakin ezinik hurrengo probetan izena eman behar izatea, badaezpada. Sailburuak helarazi du Osakidetza lanean ari direla 2018ko eta 2019ko LEPen emaitzak jakinarazteko «garaiz», eta ez dela «erraza».

Atzerapenaren kaltea, ordea, egina dago profesional askorentzat, ELAko ordezkari Esther Saavedrak BERRIAri esan dionez: «Askok eman dute izena jada proba berrietan, eta ordaindu dituzte tasak; eta ikasten ere hasi dira». Saavedrak dio espezialitate batzuetarako azterketak uztailean izango direla. «Bi hilabete lehenago eman dute abisu. Familia medikuena, adibidez, badator, eta profesionalek oporrak hartuak dituzte jada. Badakigu lehen arreta nola dagoen. Nondik aterako dute denbora ikasteko?».

Azterketak garaiz zuzentzeko

Sagarduik jakinarazi du aurtengo probak planifikatzeko, «espezialitate bateko azterketak egin baino lehen gutxienez aurreko proben emaitzen behin-behineko zerrenda» jakin behar dela, 2018-2019ko probei erreparatuz. Baina ELAko kide Saavedrak gogorarazi du behin-behineko emaitza jakinda ere hurrengo probetan parte hartu beharko dutela askok. «Behin betikoak jakin arte, ez da segurua plaza atera dela, ez bada gertatzen zerrendan oso aurrean egotea».

Guztira, 116.793 hautagai izan ziren 2018ko eta 2019ko LEP horietan, eta Osasun sailburuak «eskerrak» eman die «azterketak zuzentzeko, merezimenduak baloratzeko, baliabideak hornitzeko eta zerrendak egiteko prozesu neketsuan» parte hartu dutenei, egindako «lan eskergagatik». Eta jakinarazi du giza baliabideetako taldeak «indartzera» behartu duela Osakidetza.

Aurtengo uztailetik azarora eskainiko dituzten postuei dagokienez, berriz, lehiaketa oposizio bidez eskainiko dituzte 6.082 lanpostu, hau da, hautaketa probak eginez, eta gainerakoak (1.557), merezimenduen balorazioaren bidez.

Greba Osakidetzan

Osakidetzan grebara deitu dute sindikatuek, maiatzaren 18rako eta 19rako, eta, hura saihesteko Osasun Saila sindikatuekin harremanetan ote dagoen galdetuta, Sagarduik hauteskunde kanpainarekin lotu du lanuztea. Grebara deitzea eta egitea «eskubide bat» dela esan du, eta «ez egitea» ere hala dela. «Udal eta foru hauteskunde kanpainaren barruan» ulertu behar da sindikatuen greba deialdia, Sagarduirentzat.

37.000 langile daude deituta grebara. Izan ere, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute mahai sektoriala «erabat blokeatuta» dagoela oraindik eta langileek «tratu txar sistemikoa» pairatzen dutela. Osasun sistema publikoaren arazoak «egiturazkoak» eta pandemiaren aurrekoak direla zehaztu zuen deialdia iragartzeko egunean Esther Saavedra ELAko ordezkariak, eta «berehalako konponbide sakonak» behar direla horiek konpontzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.