Lan hitzarmenak

«Aurrerapauso garrantzitsuak» Gipuzkoako metalgintzan

Patronalak proposatutako soldata igoerekin ados daude sindikatuak. ELAk bere militantziarekin aztertuko du; LABentzat eta CCOOrentzat ez da aski

Gipuzkoako metalgintzako sindikatuen protesta bat. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko maiatzaren 2a
18:53
Entzun

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioan gero eta gertuago dago akordioa. Zazpigarren bileran, Adegi patronalak zehaztu egin du apirilaren 19an egindako proposamena. Sindikatu guztiek «aurrerapausotzat» jo dute eskaintza, eta bereziki ELAk. Hura da sindikatu nagusia mahaian, ordezkaritzaren %48rekin. Komunikabideetara bidalitako oharrean ez du patronalaren proposamenaren punturik kritikatu, eta ez du eskaera berririk egin. Jakinarazi du testua bere militantziarekin aztertuko duela, eta ondoren erantzungo duela.

Gainerako sindikatuek ñabardura batzuk egin dituzte. LABentzat —ordezkaritzaren %36—, «urrats positiboa» egin du Adegik, eta adierazi du hori «egindako presioaren emaitza» dela. Hala ere, azpimarratu du akordioa urrun dagoela oraindik «Bidea hasi besterik ez da egin». Kritikoago mintzatu da CCOO. Haren ustez, «barregarriak» dira patronalaren azken mugimenduak. Dena den, aitortu du negoziazioak «momentu garrantzitsu batean» daudela, eta «ausardiaz» jokatzeko eskatu dio Adegiri. Aurreneko biak baino baikorrago agertu da UGT, eta azaldu du patronalaren proposamenak bere aldarrikapen ia guztiak betetzen dituela.

Oro har, bi dira Adegiren eskaintzaren puntu nagusiak. Soldatei dagokienez, 2023rako %5eko igoera proposatu du, eta 2024rako, KPIa eta beste %0,7. 2025erako eta 2026rako berriz, KPIa. Horrekin batera, azpikontratatutako langile guztiek subrogazioa bermatua izango lukete.

Beste proposamenak

Istripu eta gaixotasunei dagokienez, aurreko bileretan eskainitakoari eutsi dio patronalak: soldata osorik estaltzea, in itinere kasuetan izan ezik. Horrez gain, beste puntu hauek jasotzen ditu: baimenetan, guraso bakarreko familietan zortzi ordu gehiago —24 guztira—mediku kontsultetarako, eta Langileen Estatutuko lizentzia guztiak gutxieneko eskubidetzat hartzea.

50 langiletik gorako enpresetan euskara bultzatzeko planak egitea, betiere sindikatuek hala eskatzen badute; sexu jazarpenaren aurkako protokolo bat; eta sexu aldaketa egiten ari direnei beren nortasuna aitortzea, baita prozesua amaitu ez dutenena ere.

Halaber, hitzarmena blindatuta egongo litzateke edozein lan erreformaren aurrean, aurrerako eragina bermatuko luke, eta ezingo litzateke aplikatu gabe utzi langileekin adostu gabe.

Jardunaldi murrizketa ere jasotzen du: 2025etik aurrera bi ordu gutxiago urtean —CCOOk eta UGTk puntu hori kritikatu dute, eta 2024an ere ezartzeko eskatu—. Hitzarmenak, halaber, ekoizpen arrazoiengatik egindako kontratuak sei hilabetetik hamabira luzatzeko aukera eskainiko luke, lan erreformak baimentzen duen moduan, nahiz eta CCOOk horretarako beharrik ez duen ikusten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.