REALA 2-0 REAL MADRIL

Realak gero eta gertuago du Txapeldunen Ligarako sailkatzea

Talde txuri-urdinak Real Madrili irabazi dio Anoetan, eta partida bat gehiago jokatuta, zortzi puntura du bosgarren sailkatua. Kubok eta Barrenetxeak sartu dituzte neurketako bi golak.

Realeko jokalariak, partidako bigarren lehen ospatzen, Kubok sartutakoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 2a
23:57
Entzun

Realak pauso handia eman du hamar urteren ostean Txapeldunen Ligarako sailkatzeko. Talde txuri-urdinak 2-0 irabazi dio astearte gauean Real Madrili Anoetan, eta horri esker, sendotu egin da sailkapenaren laugarren postuan. Liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla, zortzi punturen aldea du bosgarren sailkatuarekin, Vila-realekin, eta hamabi punturena seigarrenarekin, Betisekin. Bi talde horiek partida bat gutxiago jokatu dute. Vila-real Valentziaren zelaian ariko da asteazkenean, eta Betis Athleticen aurka ariko da San Mamesen, ostegunean.

Alaba, Camavinga, Modric, Vinicius, Benzema… jokalari garrantzitsu asko geratu dira Madrilen, Donostiara bidaiatu gabe. Itxura zuen Real Madrilek Osasunaren aurkako larunbateko Espainiako Kopako finalean zuela burua. Baina hasi eta berehala geratu da argi Carlo Ancelottik zuzendutako taldea ez dela eguna pasatzera etorri. Realak irabazi nahi bazuen, gogotik egin beharko zuen lan.

Jarrerari, gainera, aukerak gehitu dizkiote bisitariek. Bosgarren minutuan, Tchouamenik urrutitik jaurti du, eta Remirok baloia urrundu du. Askoz argiagoa izan da hiru minutu geroago Militaok izan duen aukera. Buruz errematatu du, eta Remirok geldiketa ederra egin behar izan du baloia desbideratzeko.

Bizi-bizi zihoan lehia; joan-etorrikoa zen. Txuri-urdinen txanda izan da hurrengo minutuetan. Hiru aukera izan dituzte: Sorlothek lehena, Zubimendik bigarrena, eta Silvak hirugarrena. Zubimendirena izan da garbiena: korner batean bakar-bakarrik geratu da area barruan, ate aurrean, baina haren jaurtiketak langa jo du.

Polemika egon da handik gutxira. Oiartzabal zangotrabatu dute area barruan, baina ez epaileak, ez VAR-ak ez dute penaltirik ikusi. Hurrengo jokaldian, gainera, epaileak txartel horia atera dio Gorosabeli, txuri-urdinen haserrea eraginez. Jarraian etorri da Real Madrilen aukera garbiena lehen zatian. Militaok izan du berriro, buruz, baina gutxigatik bota du kanpora baloia. Hutsik gabe amaitu da aurreneko zatia.

Militao izan da Real Madrilen jokalaririk onena lehen zatian, baina haren huts bati esker sartu du Realak gola bigarren zatia hasi eta berehala, 46. minutuan. Erdiko atzelariak irrist egin du, eta egoera konpondu nahian, atzera egin du pasea. Baina han azaldu da Kubo, bizi-bizi, Courtoisi aurrea hartzeko eta gola sartzeko. Bikain ari da japoniarra: zortzi gol daramatza ligan. 1-0. Nekez has zezaketen txuri-urdinek bigarren zatia.

Egoerak hobera egin du 60. minutuan epaileak Carvajali bigarren txartel horia erakutsi eta hura kanporatu eta gero. Reala jokalari bat gehiagorekin aritu da hortik aurrera. Imanol Alguacilek segituan egin ditu lehen aldaketak: Aritz Elustondo eta Pacheco zelairatu ditu 63. minutuan Aihenen eta Zubeldiaren ordez. Azken horrek min hartu du. Hamar minutu geroago, berriz, Carlos Fernandez eta Barrenetxera atera ditu, Kuboren eta Sorlothen ordez.

Ez da ezer aldatu: Reala nagusi izan da. 81. minutuan, Barrenetxeak gertu izan du bigarren gola, falta jaurtiketa batekin, baina Courtois bizi ibili da. Bigarren ahaleginean, ordea, ez du huts egin. 86. minutuan Silvaren pase bikaina jaso du, eta erremate ederra egin du. Gol horrek erabakita utzi du norgehiagoka. Militaok gertu izan du gola luzapenean, baina ez du asmatu errematatzen.

Partida amaieran, festa piztu da Anoetan. Gero eta gertuago dago helburua. Hori gutxi ez, eta gaur irabazita, Realak bolada txarra eten du: lau urte zeramatzan Real Madrili etxean irabazi gabe. Lehen aldiz nagusitu zaio estadio eraberrituan. Garaipenak sekulako indarra emango dio. Bi aste izango ditu horretaz gozatzeko. Hilaren 13an jokatuko du hurrengo partida, berriro bere zaleen aurrean, Gironaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.