Euskara unibertsitatean

Euskal Filologiak ezagutza arlo izateari uzteko aukera «ulertezina» da EHUrentzat

Espainiako Gobernuak ondu duen dekretu proiektuan Euskal Filologia ezagutza arlotzat ez jotzearen aurka egin dute EHUk eta Euskaltzaindiak, besteak beste. «Ez du aitortzen ondo bereizitako errealitate zientifiko bat», salatu dute.

Gasteizko campuseko Letren Fakultatean eskaintzen ditu EHUk Euskal Filologiako ikasketak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko maiatzaren 4a
16:33
Entzun

Martxoan onartu zuten Espainiako Gorteek Unibertsitate Lege berria, eta hura garatzeko Espainiako Gobernuko Unibertsitate Ministerioak ondu duen errege dekretuaren proiektuak harrabotsa sortu du unibertsitateetan. Proiektu hori onartuko balute, Euskal Filologiak ezagutza arlo izateari utziko lioke, eta beste bi eremuren barruan sartu beharko litzateke: Filologia Hispaniko eta Klasikoen arloan, edo Hizkuntza Modernoen eta Haien Literaturen arloan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak alegazio bat igorri dio Unibertsitate Ministerioari, eskatzeko errege dekretuaren proiektuan ezagutza eremu «zehatz» moduan txerta dezala Euskal Filologia. Idazkaritza nagusiaren bidez bidali dio oharra EHUk Madrili, erakunde osoaren izenean, eta adierazi dio Euskal Filologiak ezagutza arlo izateari uzteko aukera «ulertezina eta justifikaziorik gabekoa» dela, «ez duelako aitortzen ondo ezarritako eta bereizitako errealitate zientifiko eta akademiko bat».

EH Bilduk gaitzetsi egin du errege dekretuaren proiektuaren edukia, eta Espainiako Diputatuen Kongresura eramango du gaia datorren asteazkenean. Bel Pozueta diputatuak Joan Subirats Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroari eskatuko dio neurri hori indarrean ez sartzeko.

Eneko Zuloaga Euskal Filologiako irakaslea da EHUn, eta nabarmendu du Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailak ez duela ikusten aldaketa hori arrazoituko lukeen «arrazoi zientifikorik, akademikorik ez objektiborik». Euskal Filologiak espezifikotasuna galduko balu, autonomia ere galduko luke, haren arabera: «Praktikan ekar dezake, esaterako, Euskal Filologiako postu bat zehazteko epaimahaian Filologia Hispanikoko jendea egotea, edo Filologia Hispanikoan aditua den norbait Euskal Filologiako gaiak ematen hastea».

Euskal Filologiako ikasketak (gradua eta masterrak) ez daude arriskuan «oraingoz», baina etorkizunean jarri du soa Zuloagak: «Egia da behin jakintza arloa desegiten bada edo arlo zabalago baten menpe jartzen bada, horrek ate bat irekitzen duela etorkizunean graduak ere eskema horren arabera planteatzeko, beste unibertsitateren batean egiten duten bezala».

Ezagutza arloak

Errege dekretuaren proiektu horrek gaur-gaurkoz ez lieke eragingo ikasleei, baina bai irakasleei. Izan ere, unibertsitate sisteman ezagutza arlo jakin bati atxikita egon behar dute irakasleek eta ikertzaileek. Orain, Euskal Filologia ezagutza arlo bat da, baita Filologia Katalana eta Hizkuntzalaritza ere, esaterako. Hainbat unibertsitatek, ikertzailek eta irakaslek bidalitako alegazioak jaso ostean, Unibertsitate Ministerioak ohar bat bidali die, errege dekretuaren proiektuan zehaztutakoa argitzeko asmoz. «Ezagutza arloaren kontzeptuak unibertsitateko irakasleen lanpostuen deskribapen orokorrari egin dio erreferentzia soilik», azaldu du ministerioak, eta errege dekretuaren proiektuan garatu gabeko kontzeptu bat nabarmendu du: ezagutza espezialitateena.

«Ezagutza espezialitateek irakasleen postuak zehazteko soilik balioko dute», adierazi du ministerioak, eta prestatzen ari den behin-behineko zerrenda ere bidali die unibertsitateei: Euskal Filologia ezagutza espezialitate moduan azaltzen da. Horrek zer esan nahi duen azaldu du Zuloagak: «Irakasle postua ateratzen denean, kode batzuk sartu behar dira. Orain arte, honela egiten zen: Euskal Filologia, orokorra; eta, gero, espezifikoa, adibidez, euskal literatura garaikidea. Orokor hori orain ezin da izan Euskal Filologia, eta izango da, demagun, Filologia Hispanikoa. Espezifikoa izango litzateke Euskal Filologia. Pauso bat atzera egin du».

Horren harira, EHUko idazkaritza nagusiak berretsi du Euskal Filologiak ezagutza arlo izan beharko lukeela aurrerantzean ere: «Unibertsitateko irakasleen lanpostuen sailkapenean eta deskribapenean, Euskal Filologiari dagozkion aitortza zientifikoa eta ikusgaitasuna eman behar zaizkio, Filologia Hispanikoari eta Klasikoari eman zaion berezitasunaren moduan».

EHUko idazkaritza nagusiarena ez da alegazio bakarra izan. Euskal Filologiaren arloko 150 irakasle, ikertzaile eta katedradunek ere beste alegazio bateratu bat bidali diote Subirats ministroari, eskatzeko Euskal Filologia ezagutza arlo espezifiko izan dadila aurrerantzean ere. Alegazio hori sinatu duten gehienak EHUkoak dira —Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailekoak, bereziki—, eta Euskaltzaindiak ere bat egin du alegazioarekin. Zuloaga izan da testua idatzi dutenetako bat.

«Desproportzionatua»

Haien arabera, ezagutza arloen murrizketa «irregularra eta desproportzionatua» da: «Ez du aintzat hartzen arlo filologikoaren espezifikotasuna, eta errealitate akademiko eta zientifikotik urruntzen du». Are, adierazi dute «ezinbestekoa» dela Euskal Filologiari ezagutza eremu gisa eustea «etorkizuneko profesionalek euskal hizkuntzaren, kulturaren eta literaturaren ikasketan eta ezagutzan sakondu ahal izan dezaten».

Errege dekretuaren proiektua onartuko balute, Euskal Filologiak Filologia Hispaniko eta Klasikoen arloan egon beharko luke, edo Hizkuntza Modernoen eta Haien Literaturenean. Alegazioan azaldu dute «metonimikoa» litzatekeela Euskal Filologia Filologia Hispanikoaren aterkipean sartzea, euskara ez dutelako soilik Hego Euskal Herrian hitz egiten; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere bai. Erantsi dute euskara ez dela hizkuntza erromaniko eta indoeuroparra, eta, ondorioz, «genetikoki isolatuta» dagoela gaztelaniarengandik.

Gainera, nabarmendu dute hizkuntza moderno izendapena «paradoxikoa» dela ikuspuntu linguistikotik: «Gaur egun hitz egiten diren hizkuntza guztiak dira modernoak. Gaztelaniari Filologia Hispanikoaren arloa ematen zaio, baina hizkuntza moderno bat ere bada. Ez da ulertzen zergatik Filologia Hispanikoan aditua den bat atxiki daitekeen Filologia Hispanikoaren eta Hizkuntza Modernoen arloetan, eta espezifikotasuna ukatzen zaien estatuko hizkuntza gutxituei dagozkien filologiei». Harridura adierazi du Zuloagak: «Edo arloa ondo ezagutzen ez duen pertsona batek egin du, edo uniformetasun nahi argi eta garbia dago».

Filologia Katalana ere bai

Euskal Filologia ez da ezagutza arlo izateari uzteko arriskua duen eremu zientifiko bakarra. Katalan eta Galiziar Filologia egoera berean daude. Kataluniako Generalitateak ja adierazi du errege dekretuaren proiektua indarrean sartuz gero helegitea jarriko diola. «Azken ondorioetaraino joango gara», esan du Joaquim Nadalek, Generalitateko Ikerketa eta Unibertsitate kontseilariak.

Hizkuntzalaritza Orokorra, Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua ere desagertuko lirateke errege dekretuaren proiektua onartuko balitz. Ezagutza arlo horiei eusteko ere eskatu dute Espainiako Hizkuntzalaritza Sareak eta Literaturaren Teoriako Espainiako Antolakundeak —bi horien barruan daude Hego Euskal Herriko unibertsitateetako katedradunak, irakasleak eta ikertzaileak—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.