Osasuna Kopako finalean

Hirugarrenean beharko du

Osasuna ondo lehiatu da, eta estu hartu du Real Madril Espainiako Kopako finalean; baina zuriek irabazi dute titulua. Vinicius eta Rodrygo izan dira gorritxoen amesgaiztoa.

ainara arratibel gascon
2023ko maiatzaren 4a
17:14
Entzun

Osasunak ezin izan du bere historiako lehen titulu handia jaso: Espainiako Kopa. Gorritxoak ondo lehiatu dira, bigarren zatian Real Madril baino hobeak izan dira. Baina zurien bi jokalari brasildarrak,Vinicius eta Rodrygo, nafarren amesgaiztoa izan dira. Haiek esnarazi dute Osasuna Kopa irabazteko ametsetik. Lehenaren bi jokaldi bikainek eta bigarrenaren bi golek zuriei eman diete titulua, eta baliogabe utzi dute Lucas Torroren gola.

Real Madrilen ezker hegala ixteko asmoz, Moncayolaren eta Ruben Peñaren alde egin du Jagoba Arrasatek, hor aritzekoa baitzen Vinicius Junior. Gainera, Peñaren bidez, erasoan Cavingaren bizkarretik min egiteko, Viniciusek ez baitio asko lagundu. Izan ere, frantziarrak partida gutxi jokatu ditu postu horretan. Aurrean, berriz, Budimir zelairatu du, Chimy Avila beharrean.

Ikusi gehiago:Horrela kontatu du BERRIAk finala

Baina hasi eta berehala zapuztu zaio plana Berriatukoari. Bigarren minutuan, Viniciusek berak buruz buruko jokaldi on bat egin du, ondoko marrako arrastotik pase ona eman dio atzera Rodrygo herrikideari, eta hark ez du barkatu.

Osasunari komeni ez zitzaiona gertatu zaio: norgehiagoka hasi eta berehala gola jasotzea. Baina partida osoa zuen aurretik, eta ondo erantzun dio lehen kolpeari, Peñaren pare bat erdiraketaren bidez. Budimirrek eta Aridanek ez dute asmatu. Baina, gutxienez, Courtois probatu dute.

Viniciusek, ordea, amesgaizto izaten jarraitu du ezkerretik. Baloia hartu duen aldiro min egin dio Moncayolari. Brasildarra geratzeko ahaleginean, ordea, epaileak txartel horia atera dio Garinoaingoari 21. minutuan. Arrasatek behin eta berriz agindu dio Peñari laguntzeko. Real Madrilek metro batzuk egin ditu atzera, markagailua alde, ohikoa duen kontraeraso zitala baliatzeko, eta lerro artean min egiteko.

25. minutuan espainiarren bigarren abagunea iritsi da, baina Sergio Herrera agertu da. Atezainak ondo erantzun dio Benzemaren erremateari. Erreskadan iritsi da, ordea, nafarren erantzuna. Militaok lo hartu du, estropezu egin, eta Ez Abdek baloia loratu dio Courtoisi. Carvajalek, ordea, atepean atera du. Zurien erantzuna 31. minutuan ailegatu da. Alabak langara bidali du baloia falta batean.

Vinicius piztuta

Neurketa piztu egin da hor, bizitu, eta are gehiago piztu da 44. minutuan. Viniciusek Rodrygori egindako falta batean protesta egin dio epaileari, eta hark horia atera dio. Protestan jarraitu du, eta taldekideek burua erabiltzeko eskatu diote.

Atsedenaldian ez da aldaketarik egon. Real Madril pare bat aldiz gerturatu da Herreraren atera, baina Osasunak ondo eutsi dio. Ondo lehiatzen jarraitu du, sasoi osoan egin moduan, eta saria jaso du: gola. Lucas Torrok sartu du, area kanpoko jaurtiketa ikusgarri batekin. 58. minutuan sartu du.

Ospakizunean sustoa izan da, Osasunaren harmailako lehen lerroetan zauden zaleak erori egin baitira jende pilaketaren ondorioz, eta batzuek min hartu dute. Baina, zorionez, gauzak bere onera itzuli dira.

Osasuna minutu onenak jokatzen ari zen. Nagusi zen berdegunean, ondo jarrita zegoen eta baloia zeukan. Baina gorritxoen atzoko bi borreroak berriro azaldu dira. Lehen golean bezala, Viniciusek banakako jokaldi ona egin du, Osasunako atzealdeak gaizki aldendu, eta, baloiak Kroosen jo ostean, Rodrygok gola sartu du 70. minutuan. Estutzen jarraitu du Osasunak, berdinketaren bila, baina emaitza ez da aldatu.

Ikusi gehiago:Sanferminak, bi hilabete lehenago, eta Sevillan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.