FUTBOLA

David Silvak beste urtebeterako berritu du Realarekin

37 urteko erdilari espainiarrak hiru denboraldi daramatza Donostian, eta haren lana erabakigarria izan da talde txuri-urdinak gorakada handia izan dezan.

David Silva, kontratu berria sinatu berritan. REALA
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 4a
20:06
Entzun 00:00:0000:00:00

Ia ziurra zirudien, eta gaur baieztatu da: David Silvak beste urtebetez jokatuko du Realean, 2024ko ekainaren 30era arte. 37 urteko erdilari espainiarrari denboraldi honen amaieran bukatuko zitzaion kontratua, eta argitzeko zegoen ea jokatzen jarraituko zuen edo erretiroa hartuko zuen. Baina jokalariak prest ikusi du bere burua beste urtebetez gorenean aritzeko, eta akordioa lortu du Donostiako klubarekin hitzarmena beste urtebetez luzatzeko.

Silva 2020eko udan iritsi zen Realera, Martin Odegaard azken orduan Real Madrilera itzuli eta gero. Orduz geroztik, funtsezko jokalaria izan da talde txuri-urdinean. Jokatzeko prest egon denean, Imanol Alguacilek beti egin du haren alde. Ez da gutxiagorako, bikain jokatzeaz gain hobeagoak egiten baititu taldekideak. Denak bat datoz: luxua da harekin jokatzea.

90 partida jokatu ditu Realaren elastikoarekin, eta sei gol sartu ditu, eta hamabost asistentzia eman. Real Madrilen aurka aritu da azkenekoz, joan den asteartean, eta partida ikusgarria egin zuen. Hain zuzen, hark eman zion pasea Ander Barrenetxeari, hark bigarren gola sar zezan.

«Oso ondo ikusten dut neure burua, jokatzen jarraitzeko gogoz. Gainera, oso gustura nago hemen», esan du kontratu berria sinatu berritan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.