Athletic 0-1 Betis

Atzerapausoa eman du Athleticek Europarako sailkatzeko lehian

0-1 irabazi du Betisek San Mamesen. Willian Josek sartu du partidako gol bakarra, Realeko aurrelari ohiak.

Adu Ares San Mamesen. MONIKA DEL VALLE
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 5a
00:09
Entzun

Porrot mingarria jaso du Athleticek San Mamesen Betisen aurka. Zuzeneko aurkaria da Andaluziako taldea Europako postuengatiko lehian, baina bosgarren minuturako aurreratu da Betis, Willian Joseren gol batekin. Aukera garbiak izan ditu Ernesto Valverderen taldeak, baina, beste behin, kamuts aritu dira zuri-gorriak ate aurrean. Azken zazpi partidetatik bakarra irabazi du Athleticek San Mamesen, eta horrela oso zaila da sailkapenean aurrera egitea. Zazpigarren postuan dago orain Athletic, eta Betisek bost punturen errenta hartu du orain. Gainera, Gironak eta Rayo Vallecanok irabazi egin dute. Hortaz, Kataluniako taldea berdinduta dago orain sailkapenean Athleticekin, eta madrildarrak puntu bakarrera daude.

1983an liga irabazi zuten jokalariei egindako omenaldiak berotu ditu zaleak gaur gauean San Mamesen, eta partida hasi baino lehen, txalo zaparrada jaso dute jokalari ohiek San Mameseko soropilean. Hala ere, gutxi iraun du zaleen pozak, bosgarren minuturako aurreratu baita Betis. Alboko sake bat gaizki urrundu du Athleticeko atzelari batek, eta Willian Josek, Realeko aurrelari ohiak, sareetara bidali du baloia erremate ikusgarri batekin. Yerayren eta Iñigoren hutsuneak garrantzitsuak zirela uste zuten zale askok, eta partidako lehen agerraldian gola sartu du Betisek.

Athletici berehala jarri zaio partida maldan gora, baina ez da kikildu. Lehen zatia ederra izan zen futbol zale neutral batentzat, baina bi taldeetako zaleek majo sufritu dute. Betisek bigarren gola egiteko aukerak izan ditu, eta lan ugari izan dute atzelari zuri-gorriek. Willian Josek ederki bete du bere lana, eta lehia ugari irabazi dizkie Athleticeko erdiko atzelariei. Hala ere, Andaluziako taldeak ez zuen Unai Simonen ate aurrean asmatu bigarrena egiteko. Zuri-gorriak ez dira kikildu, eta Gorka Guruzetak izan ditu lehen zatiko aukerarik garbienak Athleticentzat. Baina donostiarrari ondo erantzun zion Claudio Bravok, birritan. Lehen zatia amaitzear zela Athleticen aldeko penaltia ebatzi zuen epaileak, Mirandak baloia eskuarekin ukitu zuelakoan. VAR-ean, ordea, argi ikusi du epaileak erremateak bizkarrean jo diola, eta balio gabe utzi zuen erabakia.

Bigarren zatira gol baten errentarekin iritsi da Betis, baina askoz hobeto aritu da Athletic. Betisek markagailua alde zeukan, eta horrekin jokatu du Pellegriniren taldeak. Valverderenek, ordea, partidak duen garrantziaren jakitun, aurrera egin dute, berdinketaren golaren bila. Kolore askotariko aukerak izan ditu talde zuri-gorriak. Ohian Sancetek, adibidez, bi aukera garbi izan ditu: lehenengoan erantzun bikaina eman dio Bravok, eta bigarrenean urrutitik egindako zartakoak langan jo du. Valverdek zuhaitza astindu du, eta Adu Ares gaztea izan da zelairatu duen jokalarietako bat. Gertu izan du gola hegalekoak. Trantsizio azkar batean berak gidatu du baloia, eta eskuinarekin egindako errematea zutoinaren ondotik joan da kanpora.

Emaitzarekin nahikoa ez, eta luzapenean Dani Vivian egotzi du epaileak. Betisek kontraerasoa bideratu du, eta azken atzelaria zela sarrera gogorra egin dio Vivianek Borja Iglesiasi. VAR-aren laguntza behar izan du epaileak txartela ateratzeko. Garaipenarekin bost punturen errenta hartu du Betisek Athleticekiko, eta asko zaildu zaio Europarako bidea talde zuri-gorriari. Azken hiru partidetan ez du garaipenik lortu Valverderen taldeak, eta Gironak harrapatu egin du sailkapenean. Rayo Vallecanok ere irabazi egin du, eta puntu bakarrera dago orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.