Hezkuntza

Kilometroak 2023k 'Erriola' kantua aurkeztu du

Jon Maia bertsolariaren eta Janus Lester taldearen elkarlanaren emaitza da

arantxa iraola
2023ko maiatzaren 5a
11:19
Entzun

Gaur goizean egin dute iragarpena: «Kilometroak 2023k badu soinu banda: Erriola». Urriaren 1ean Errenterian egingo da Gipuzkoako ikastolen festa; jaiaren harira ekitaldi ugari egin dituzte dagoeneko iragan hilabeteotan, eta giroa berotzen lagunduko du orain kantuak.

Erriola leloak ardaztuta antolatu da egitarau osoa orain arte, eta izenburu horixe du abestiak ere. Jon Maia bertsolariaren eta Janus Lester taldearen elkarlanaren emaitza da kantua, eta bihar estreinakoz zuzenean joko dute Errenteriako Agirre Lehendakaria plazan, 21:30ean.

Jon Maiak Errenteriari eta Kilometroak 2023ri egokitutako Kantu bat Gara kontzertu berezia eskaini zuen Lekuona fabrikan otsailaren 24an, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren 20. urteurrenaren harira Kilometroak 2023k atondutako Egunkariatik Berriara, 20 urte astearen barruan. Emanaldi hartan urte osoko jaiaren hiru zutabeak izan zituen ardatz bertsolariak: «Komunitatea, euskara eta errelatoaren bidezko aitortza». Eta Erriola kanta osatzeko orduan, ildo berari jarraitu diola azaldu du: «Erriola izanik leloa, euskararen mugimenduaren metaforatzat hartu dut, nola herria biltzen duen beso bat den, eta aldi berean batzen duen zerbait. Eta errio horren itsasoa, herri osoa euskaraz ikustearen ametsa».

Jokin Pinatxo musikari beratarrak gidatzen duen Janus Lester taldeak ondu du Erriola kantaren musika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.