Iratxe Alvarez

«Erakundeek kalitatezko arreta bermatu behar dute»

‘Beldurrak gurekin jai’ saioa egin zuten ostegunean Iruñƒean, besta eremuetan andreen aurka izaten diren erasoak jorratzeko. Besteak beste, protokoloak berrikusteko beharra aipatu du Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformako Iratxe Alvarezek.

jarraia227567.jpg
edurne elizondo
2023ko maiatzaren 5a
11:49
Entzun

Hasi dira Iruñeko auzoetako bestak, eta mugimendu feministak erdigunean jarri nahi izan du jai esparruetan gertatzen den indarkeria matxistaren auzia. Beldurrak gurekin jai mahai ingurua egin zuten ostegunean Iruñean, eta parte hartu zuten kolektiboen artean izan zen Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataforma. Elkarte horretako kide da Iratxe Alvarez (Barakaldo, Bizkaia, 1978).

Bada beharra besta eremuetan sexu erasoen auzia lantzen jarraitzeko?

Bada, bai. Egia da urratsak egin direla, eta erakunde publikoek hartu dutela lan horren arduraren parte handi bat. Hala ere, guk aldaketa bat sumatu dugu pandemia garaian. Mugimendu feministari asko kostatzen zaio urratsak egitea, baina atzerapausoak berehala gertatzen dira, eta pandemian horixe gertatu da. Ez gara hutsetik hasten, baina bada sexu erasoen auzia berriz ere erdigunean jartzeko beharra.

Patriarkatuak ez duelako jai hartzen bestetan?

Hala da. Jaiak ez dira oasi bat, eta patriarkatuaren eguneroko dinamikak errepikatzen dira besta giroan. Emakumeak ez dira jaiaz gozatzeko eskubidea duten subjektuak, oraindik ere. Jai giroa, gaueko giroa, gizonena izan da beti, eta guri behin eta berriz esan digute ez dugula hor egon behar. Espazio horietatik aterarazi nahi izan gaituzte.

Erakundeak inplikatu direla erran duzu. Egin dezakete gehiago?

Mugimendu feministak egin du lan, batez ere, eraso sexistak zer diren azaltzeko; gizarteari azaldu dio ohikotzat jotzen ziren jarrera asko eraso sexistak direla. Gizartearen eskaera hor zegoelako hartu dute instituzioek rol aktiboa. Kontua da erakundeek askotan uste dutela kanpaina bat edo protokolo bat egitea nahikoa dela; gizartea aldatu egiten da, ordea, eta mezuak eta lan egiteko moduak egokitu behar dira.

Erakundeei kostatzen zaie urrats sakonagoak egitea?

Uste dugu protokoloak berrikusteko garaia dela, adibidez. Plataformak Iruñeko Udalarekin lan egiten du, eta arazoa da iaztik udalak ez duela urrats gehiago egin nahi. Egindako bidea nahikoa dela deritzo. Ez dakigu hurrengo udala nolakoa izango den, baina sumatzen dugu oraingoa deseroso dagoela dugun protokoloarekin. Ez dute gaia erdigunean jarri nahi, ez dute hitz egin nahi, ez dute sanferminetan erasoez hitz egitea nahi.

Auzoetako bestak hasi dira. Hor ere bada zer hobetu?

Nabari da Gora Iruñea desagertu dela. Protokoloak errazago ailegatzen ziren auzoetara plataforma horren lanari esker, eta hutsune hori sumatu dugu. Orain, koordinazio hori landu nahian ari dira berriz. Era berean, kontuan izan behar dugu sanferminetako protokoloak akaso ez duela balio Txantreako jaietarako. Protokoloak egokitu behar dira. Belaunaldi aldaketa ere sumatzen da.

Zer erran nahi duzu?

Emakume gazteak indarrez datoz, zorionez, eta lan egiteko bestelako moduak jartzen dituzte mahai gainean. Aipatu da, adibidez, besta esparrutik etxerako bidean emakumeek elkar laguntzea. Protokoloetan egon behar dute halakoek? Ni ez naiz horren aldekoa, baina hitz egin beharko da.

Emakumeek elkar lagundu beharrak haien bizkar uzten du ardura?

Hala da. Akaso, gizonak lagundu beharko genituzke etxera, ziurtatzeko ez diotela inori eraso egingo! Iaz udalarekin izan genituen tirabiretan, arazoetako bat zen irudia aldatzea erabaki zutela. Ez dugu gatazka sortu nahi irudi batengatik, baina kontua da denak zirela emakumeen irudiak. Kanpainen mezua ez genuke guk jaso beharko, ez baikara gu erasotzaileak. Halako mezuen bidez, kontuz ibili behar dugula esaten digute.

Beldurraren diskurtsoa indarrean dago oraindik?

Bai. Nerea Barjolak ederki aztertu du gai hori. Beldurra baliatzen dute gu espazio horietatik kanporatzeko. Ziztadekin hori gertatu da; beldurraren mezua zabaltzeko baliatu izan dute.

Eraso egiteko moduak alda daitezke; oinarria, baina, bera da?

Bai. Eta sistemaren oinarriari so egin behar diogu gauzak benetan aldatu nahi baditugu. Gure diskurtsoak politikoa behar du izan, eta egitura salatu. Bestela, ez du zentzurik. Emakumeen aurkako indarkeria egiturazkoa da, eta hori erran behar da. Erasotzailea ez da gizartetik kanpo dagoen munstro bat, askotan irudi hori zabaldu arren. Ziur naiz erasotzaile askok ez dutela halakotzat euren burua egiturazkoa delako arazoa. Erabat barneratu dugu. Duela zenbait urte, pentsaezina zen emakume batek ipurdia ukitu ziotela salatzea, adibidez; eta pentsaezina zen erakundeek hori salatzea.

Erakundeek gehiago egin dezaketela aipatu duzu. Jendaurreko babes hori, halere, inportantea da?

Erakundeek bi rol betetzen dituzte. Batetik, bozgorailu inportante bat dira erasoen aurkako mezua zabaltzeko. Sanferminetan, adibidez, inportantea da Iruñea erasoen aurka dagoen hiri gisa agertzea munduaren aurrean. Bestetik, inportantea da ulertu behar dugulako hau ez dela bakarrik emakumeon kontu bat, eta erakundeek badutela ardura; prebentzioan, bai eta erasoa jasan duten emakumeak babesteko eta artatzeko orduan ere. Askotan gertatzen da babes hori emateko ardura mugimendu feministak hartu behar duela bere gain. Ezin da hori gertatu; erakundeek kalitatezko arreta bermatu behar dute erasoa jasan dutenentzat. Baliabideak jarri behar dituzte erakundeek, eta horien berri zabaldu.

Erdigunean jarri behar da erasoa jasan duen emakumea?

Beti. Inportantea da jakitea zer behar duen. Askotan, ez daki zer egin nahi duen. Aukera guztien berri izan behar du, eta bide bakoitzak zer ondorio duen jakin. Salaketarena muineraino sartu digute, baina emakumeak beti ez daude prest salatzeko, edo ez, behintzat, hasieratik beretik. Jakin behar dute zer eta nola egin dezaketen.

Espainiako soilik baietz da baietz legearen erreformak eztabaida sortu du. Zer deritzozu?

Buelta eman zaio lege horren mamiari. Zituen gauza onez ez da hitz egin, eta eztabaida sortu da zigorrengatik. Euskal Herriko mugimenduak beti izan du diskurtso antipunitibista, egia esan. Zigorraren mezu horrek aipatu dudan munstroaren ideiagatik funtzionatzen du. Mari Luz Estebanek dio erasotzailea gure semea balitz bezala hitz egin behar dugula auziaz; eta nik erantsiko nuke litekeena dela, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.