Hauteskundeak

EH Bilduk «magia egiteko gaitasuna» dauka, Otegiren arabera

Koalizio abertzaleak ekitaldia egin du Bilboko Areatzan, duela hamabi urte leku berean egindako Bilduren plazaratzea gogoratzeko.

Otegi, Rodriguez, Blanco eta Matute, Bilbon, gaur. BERRIA
xabier martin
2023ko maiatzaren 6a
13:55
Entzun

Bilduren sorreran parte hartu zuten hiru alderdietako ordezkariek hartu dute hitza koalizioaren urteurrena gogoratzeko ekitaldian: Arkaitz Rodriguez (Sortu), Eva Blanco (EA) eta Oskar Matute (Alternatiba). Gau hartan, Areatzako oholtzan izan ziren Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia eta Pello Urizar EAko idazkari nagusi ohia ere, eta biak ala biak izan dira Bilboko ekitaldian. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiarena izan da hitzartze nagusia. «Duela hamabi urteko gau hartan magia egin genuen, etxe bat, babesgune bat eraiki genuen Euskal Herriarentzat, irekia eta konprometitua», esan du.

Otegik azaldu du orain hamabi urteko gau hartan «11 pertsonek» erabaki behar zutela Bildu hauteskundeetan lehia zitekeen ala ez. «Etxe hau ez da sigla politiko batzuk, eskaintza bat da, herrialdearentzat proiektu bat, herrialde hobea eta bidezkoagoa eraikitzeko», erantsi du. EH Bilduko koordinatzaile nagusiak argi utzi du koalizioaren helburua dela «eskubide bereko herritarren euskal errepublika» lortzea, «Ebrotik Adurrera», eta koalizioa azpiratu nahi dutela ohartarazi du, «lurrez, airez eta itsasoz», proiektu horrek «ez duelako botereen babesa, ezta komunikabideena ere».

«Batzuen ametsa», koalizioa azpiratzea

Tesi horretan sakondu du Otegik, esanez «batzuen ametsa» dela EH Bildu ahultzea. Koalizioa, hura ahuldu nahi dutenentzat «arrisku nagusia» dela azaldu du, «herri hau» koalizioak antolatzen ei duelako «kontzientzia emanez». Abisu eman die ustez EH Bildu azpiratzeko lanean ari direnei: «Ez dute lortuko, gure proiektua oso sustraitua dagoelako herri honetan».

Ezker independentista «magia egiteko gai» dela adierazi du, duela hamabi urteko «gau hartan bezala». Koalizioa sortu zenean «euskal magia herritarra» egin zuten eragile horiek, Otegiren hitzetan, eta maiatzaren 28ko hauteskunde deialdiarekin lotu du gaitasun hori: «Magia egingo dugula sinetsita nago, herri eta hiri askotan. Behekoek irabaziko dute eta jai herritarra egingo dugu leku askotan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.