Italiako Giroa

Evenepoelen erakustaldia Giroa abiatzeko

Evenepoelek irabazi du Italiako Giroko lehenengo etapa. Flandriarra izan da bizkorrena erlojupekoan, eta Maglia rosa jantzi du. Roglic 43 segundo mantsoago aritu da.

Remco Evenepoel. LUCA ZENNARO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 6a
18:01
Entzun

Erakustaldia emanda irabazi du Remco Evenepoelek (Quick-Step) Italiako Giroko lehenengo etapa, erlojupekoan. Saio laburra zen, eta ibilbidea laua, baina hegoak astindu balitu bezala aritu da txirrindulari gaztea. Hasieratik hartu du aurre behin behineko sailkapenean, eta aldeak gora besterik ez du egin. Horrela irabazi du etapa, eta lehen egunean jantzi du Maglia rosa. Aldeak nabarmenak izan dira. Giroa irabazteko gainerako faboritoak elkarren giran aritu dira denak, baina Evenepoelek kolpea jo du mahai gainean. Haren aurkari nagusia, Primoz Roglic (Jumbo-Visma), 43 segundo mantsoago aritu da.

Gainera, ez da nolanahiko garaipena izan. Gaur arte bi aldiz bakarrik irabazi baitio erlojuaren aurkako saio batean Evenepoelek Roglici: 2019an Munduko Txapelketan, eta, iaz, Espainiako Vueltan. Gaurko garaipenarekin, hortaz, sei aldiz neurtu dituzte indarrak bi txirrindulariek, eta bakoitza hiru aldiz aritu da bestea baino bizkorrago.

Erlojupekoa irabazteko faborito nagusiak bata bestearen atzetik irten dira Fossacesia Marinako irteeratik. Evenepoel izan da ateratzen lehena, eta haren atzetik irten dira Roglic, Stefan Kung (Groupama) eta Filippo Ganna (Ineos). Quick-Stepeko gaztea berehala hasi da aurretik zituen txirrindulariei aurre hartzen. Geraint Thomasek zeukan denbora onena lehen mugarrian, hamargarren kilometroan,  eta hogei segundoan hobetu du haren lana. Bizkor ari zela zirudien, eta berehala baieztatu dira usteak. Lehenengo mugarri horretara 26 segundo mantsoago iritsi da Roglic. Ganna ibili da gertuen. Erlojuaren aurkako Italiako txapelduna hamabi segundo galduta iritsi da lehen mugarri horretara.

Ziztu bizian ari zen Evenepoel, eta minutuak aurrera joan ahala, aldeak ere nabarmen egin du gora. Aurkariak ez dira flandriarraren erritmora gerturatu ere egin lehen mugarrian, eta bigarren mugarrian ere ikaragarria izan da aldea. Inork gutxi esperoko zuen horrelako erakustaldirik hemezortzi kilometroko erlojupeko lau batean. Hamabost segundo gehiago behar izan ditu Gannak bertara iristeko, eta 47 segundo Roglicek. Hala ere, azken mugarrira indartsu iritsi da Esloveniako txirrindularia. Indarrak gordeta izango zituen akaso azken aldaparako, eta hura izan da azkarrena azken kilometro horietan. Hala ere, ezer gutxirako balio izan dio, azken lau kilometroetan lau segundo soilik jan baitizkio Evenepoeli. Hortaz, 43 segundo gehiago behar izan ditu Roglicek ibilbidea amaitzeko. Faboritoen artean Almeida izan du gertuen Evenepoelek, 29 segundora. Garaileak baino 40 segundo gehiago behar izan ditu Tao Geoghegan Hartek (Ineos), eta 55 segundo Geraint Thomasek (Ineos) eta Aleksandr Vlasovek (Bora).

Esprinterrentzat aukera
Gaurko erlojupekoa ahaztu, eta lehenengo aldiz abiatuko dira bihar txirrindulariak tropelean Italiako errepideetan barrena Giroko bigarren etapan. Teramotik San Salvora 204 kilometro egingo dituzte, eta Italiako txirrindularitzan ezagunak diren tokietan arituko dira, batez ere Tirreno Adriatikoagatik. Ziurrenik esprintean amaituko da etapa. Tropeleko azkarrenek oso aukera gutxi izango dituzte aurtengo ibilbidean zehar etapak irabazteko, eta aukera urri horiek probestu egin nahiko dituzte. Hala izanez gero, itsasertzean lehiatuko dute esprinta, San Salvo Marina itsas pasealekuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.