ainara arratibel gascon

Galdu arren, asko eman dio Kopako finalak Osasunari

2023ko maiatzaren 7a
17:52
Entzun

Txapeldunordeak etxean dira, Iruñean. Osasunako jokalariak Noaingo aireportura ailegatu dira, eta, bertan, Sevillara joan ez ziren zaleen berotasuna eta esker ona jaso dute. Andaluziara joandako zale askok gaur dute bueltatzeko eguna. Bihar izango da, berriz, harreren eguna, 17:00etan Iruñeko udaletxean, eta 18:00etan Nafarroako Gobernuaren egoitzan. Esker eta harrera horiek atzo Cartujan isuritako malkoak goxatzeko balioko diete Jagoba Arrasateri eta haren jokalariei; baita konturatzeko ere, oraindik jabetu ez badira, gauza handia egin dutela.

Atzo bi ziren sentimendu nagusiak: pena eta harrotasuna. Baina gaur, eta are gehiago datozen egunetan, pena horrek irribarre bihurtu behar du ezinbestean. Izan ere, garaikurra irabazi ez arren, Espainiako Kopako aldi honek eta asteburu honek asko eman dio Osasunari. Bai orainari eta bai etorkizunari begira.

Kirol ikuspegitik, Kopa denboraldiaren isla izan da. Osasuna sasoi aparta osatzen ari da, Arrasate lemazain duela. Izaera lehiakor horri joko ona gehitu dio, horrek dakarren balioarekin. Atzoko finala horren isla izan zen. Bigarren minutuan gola sartu zioten arren, Osasunak ez zuen behera egin, eta sinesten eta ondo lehiatzen jarraitu zuen. Gainera, batez ere bigarren zatian, estu hartu zuen Real Madril. Saria Lucas Torroren gol ikusgarria izan zen. Partidaren aginte makila zuten nafarrek. Baina ondoen ari zela iritsi zen Rodrygoren bigarren gola. Hala ere, Osasunak lehian jarraitu zuen, eta partidako ia azken jokaldian gola gertu izan zuen Kike Barjak

Bizkarrezur sendoa du taldeak: Sergio Herrera atean, David Garcia atzean, Torro eta Moi Gomez zelai erdian, eta Budimir eta Chimy Avila aurrean. Baina horiei beste asko gehitu behar zaizkie, tartean harrobiko jokalariak. Jon Moncayola eta Aimar Oroz taldean egonkortzen ari dira. Pablo Ibañezek San Mamesen sartutako gola erabakigarria izan zen finalerako sailkatzeko, eta atzetik datoz Iker Muñoz eta Iker Benito.

Gainera, denboraldia ez da amaitu. Gorritxoek Europarako sailkatzeko borrokan jarraitzen dute, liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla. Atzo Real Madrilek Kopa irabazi eta gero, Espainiako Ligako seigarren sailkatuak Europa liga jokatuko du, eta zazpigarrenak, Conference liga. Oraintxe, Betis dago seigarren postuan, 52 punturekin, eta Girona zazpigarrenean, 47rekin.

Osasunak 44 ditu; horrenbestez, zazpigarren toki hori, behintzat, ez du horren urruti. Azken jardunaldian, gainera, Gironaren aurka jokatuko dute, etxean. Athletic ere hartuko dute. Arrasatek zera esan zuen atzoko prentsaurrekoan: «Orain kosta egiten da beste zerbaitetan pentsatzea. Baina datorren asteburuan irabaziz gero, bete-betean jarraituko dugu borroka horretan».

Finala jokatu izanak, gainera, beste sari bat du Osasunarentzat: Espainiako Superkopako lauko finala jokatuko du, Saudi Arabian. Beste aukera bat final bat jokatzeko, titulu bat irabazteko. Beste urrats bat klubaren hazkundean. Izan ere, finalak jokatzea eta irabaztea ez da erraza, eta eskarmentua ere funtsezkoa izan ohi da tituluak irabazteko. Osasunak bi jokatu, eta bidea egiten jarraitzen du halako egunak bizitzeko orduan.

Ikuspegi sozialetik eta ekonomikotik ere asko eman dio finala jokatzeak. Azken egun hauetan, Osasunaren izena erakusleihoan egon da, horrek marka moduan dakarrenarekin. Eta, batez ere, zaleek eman duten irudi paregabea nabarmendu behar da. Sevillan bildutako 24.000 osasunazale pasatxoen jarrera eredugarria izan da. Belaunaldi zahar eta berrien soka are gehiago batu da. Halako egunek zale berriak erakartzeko balio dute, eta gaztetxo eta nerabeek etxean izan ditzaten erreferenteak.

Arrasatek esan zuen penatuta zegoela bai finala galtzeagatik, bai zaleei titulua ezin eskaintzeagatik. Haren malkoak osasunazale guztienak izan ziren. Gaur, ziurrenik, penatuta jarraituko du. Baina egunak pasatu ahala, lortu dutenaren balioa gailenduz joango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.