Jaiotza kopurua %4,5 apaldu da EAEn

2022an jaiotako umeen erdiak baino gehiago lehenbiziko seme edo alabak izan ziren. Hamar amatik zortzik 30 urte baino gehiago zituzten.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaiotako umeen erdia lehenbiziko seme edo alabak izan ziren. BERRIA
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 8a
11:04
Entzun

Eustatek zabaldutako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaiotza gutxiago izan ziren 2022an. 13.613 haur jaio ziren, aurreko urtean baino 644 gutxiago. Hiru lurraldeetan gertatu zen jaitsiera, baina Gipuzkoan nabaritu zen gehien, 428 haur gutxiago jaio baitziren, eta ia %9ko jaitsiera da hori. Araban, berriz, %4,3ko jaitsiera egon zen –102 jaiotza gutxiago–, eta Bizkaian, %1,6koa –114 jaiotza gutxiago–.

Jaiotako ume horien erdiak baino gehiago lehenbiziko seme-alabak izan ziren (1.739 haur), 1.234 bigarren seme edo alabak, eta gainerako 480ak, hirugarrenak eta ondorengoak. Hamar amatik zortzik, gainera, 30 urte baino gehiago zituzten. Gutxiengoa, berriz, 25 urtetik beherakoak izan ziren: %7,3.

Iazko laugarren hiruhilekoan ama izan ziren horien %30 baino gehiago atzerritarrak ziren. Arabak, baina, batazbestekoa gainditu zuen, amen %40 baino gehiago baitziren atzerritarrak. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %30 eta %28 inguru izan ziren, hurrenez hurren.

Nafarroan ere, behera

Nafarroako 2022ko lehenbiziko seihilekoan behera egin zuen jaiotza kopuruak: aurreko urteko garai berarekin alderatuta, %2,7 apaldu zen. 2.335 haur jaio ziren 2022ko urtarriletik ekainera bitarte, XXI. mendeko daturik baxuena.

Adinari dagokionez, epe horretan ama izan zirenen ia %41ek 35 urte baino gehiago zituzten. Hala, Nafarroan ama izateko batez bertzeko adina sei urte igo da 1975etik: 26tik 32ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.