Osasun sistema

EH Bildu, Osakidetzako LEP berriaz: «Ez da egia mediku eta erizain gehiago izango ditugunik»

Koalizio abertzaleak salatu du Osakidetzako LEP berriarekin ez dela murriztuko langileen behin-behinekotasuna. Aurreko LEPak ebazteko ere eskatu du.

Osakidetzaren 2018ko LEPari dagokion azterketa, BECen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko maiatzaren 8a
14:44
Entzun

Osakidetzaren «historiako enplegu prozesurik jendetsuena» iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak aurreko astean: aurtengo uztailetik azarora, 7.639 lanpostu aterako ditu Osasun Sailak «enplegua egonkortzeko eta finkatzeko Osakidetzan». EH Bilduk Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari leporatu dio Osakidetzako lan eskaintza publiko (LEP) berriarekin irudikatu nahi duela “milaka eta milaka lanpostu” sortzen ari direla, eta ez dela horrela gertatuko. «Ez da egia ospitaleetan eta anbulatorioetan egunerokoan lanean ari den plantilla handituko denik, mediku eta erizain gehiago izango ditugunik», adierazi du Rebeka Uberak, EH Bilduko legebiltzarkideak.

Uberak nabarmendu du LEP horren bidez ja badauden hainbat lanpostu egonkortuko direla, eta beste batzuk «modu irregularrean ari direnak erregularitzatzeko» izango direla. «Hori ez dago gaizki, baina ez da nahikoa: ez du konponduko Osakidetzan dugun arazoa. Gogoan izan behar da helburua behin-behinekotasun tasa %8ra jaistea dela, eta LEP honekin hori ezinezkoa izango da. Beraz, mediku faltaren arazoa ere konpondu gabe geratuko da», adierazi Uberak, gaur, Eusko Legebiltzarrean egindako prentsaurreko batean.

Gogorarazi du Osakidetzako langileen %50 behin-behinean ari direla lanean —ELA sindikatuaren arabera, 24.600 langile—, eta 109.029 lagunek eman dute izena 2020ko, 2021eko eta 2022ko LEPetan eta 2021eko egonkortze probetan. Uberaren arabera, datu horiek erakusten dute «ez dela egia» osasungintzan profesionalak falta direla: «Osakidetzan arazoa ez da hori, darabilen kontratazio eredua baizik, ezinezko egiten duelako mediku eta erizainei kontratu egokiak, duinak eta erakargarriak eskaintzea. Arazoa da Osakidetzak uko egiten diola profesionalak baldintza egokietan kontratatzeari».

Aurtengo uztailetik azarorako prozesu horretan eskainiko dituzten 7.639 lanpostu horietatik 6.082 lehiaketa oposizio bidez esleituko dituzte, hau da, hautaketa probak eginez; eta gainerakoak (1.557), merezimenduen balorazioaren bidez. Hala ere, 2018ko eta 2019ko LEPen emaitzak oraindik ez dituzte jakinarazi. Uberak adierazi du «funtsezkoa» dela aurreko LEPak ebaztea: «Jende askok egin zituen aurreko oposizioak, eta oraingoan ere izena eman du, ez dakielako ziur aurrekoetan plaza lortu duen ala ez. Egoera horretan dagoen jendeari Jaurlaritzak tasak itzuli behar dizkio, baita kalte ordainak eman ere».

SATSE sindikatuak 12.000 sinadura baino gehiago lortu ditu Jaurlaritzari eskatzeko ebatzi gabeko LEPen emaitzak argitara ditzala. Hori lortzeko behar diren «baliabide material eta giza baliabide guztiak» jartzeko eskatu dio erizainen sindikatuak Osasun Sailari.

Egiturazko arazoak

Osakidetzako kontratazio politika eta LEPen eredua «errotik» aldatzeko eskatu dio Uberak Jaurlaritzari. Eusko Legebiltzarrean Osasun Sailari eskatuko dio «mahai sektorialaren izaera negoziatzailea» berreskuratzeko. «Sindikatuekiko elkarrizketari eta negoziazioari bide eman behar dio, zabalik dauden gatazkak behingoz konpontzen hasteko», nabarmendu du legebiltzarkideak.

ELA sindikatuak ere kritikatu egin du Osasun Sailaren erabakia. «Ematen du Osasun Sailak iragarpen horiek egiten dituenean lantaldea handitu egingo dela, lan kargak murrizteko eta, era berean, arretaren kalitatea hobetzeko. Baina lanpostu horiek lortzen dituzten langileak dagoeneko lanean ari dira Osakidetzan», azaldu du sindikatuak. 2018ko eta 2019ko LEPen emaitzak oraindik argitaratu gabe egotea ere gaitzetsi egin du sindikatuak: «LEP bat bestearen atzetik egitera behartzeaz gainera, aurreko LEPa ebatzi gabe dagoenez, izena ematera behartzen dituzte langileak deialdi honetan ere».

Horren harira, Sagarduik azaldu zuen langileei eragindako kalteak arintzeko, azterketak egin aurretik aurreko lan eskaintza publikoko hautagaien behin-behineko zerrendak argitaratuko direla. Baina horrek ez du saihestuko, ELAren arabera, langile askok izena eman, tasak ordaindu eta ikasten hasi behar izatea. Guztira, 116.793 hautagai izan ziren 2018ko eta 2019ko LEP haietan.

Bestalde, Osakidetzan grebara deitu dute sindikatuek, maiatzaren 18rako eta 19rako, eta Euskal Osasun Zerbitzu Publikoko langile guztiak daude deituta lanuztera. SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute mahai sektoriala «erabat blokeatuta» dagoela, eta langileek «tratu txar sistemikoa» pairatzen dutela. Osasun sistema publikoaren arazoak «egiturazkoak» eta pandemiaren aurrekoak direla zehaztu zuen deialdia iragartzeko egunean Esther Saavedra ELAko ordezkariak, eta «berehalako konponbide sakonak» behar direla horiek konpontzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.