Albistea entzun

Mendiko lasterketak

Azkorbebeitia eta Zubizarreta garaile Domusa Teknik 40 MLK proban

Azpeitiko ultra distantziako lasterketaz gain, Txindokiko kilometro bertikala eta Ioar-Kanpezu maratoi erdia ere izan dira asteburuan. Txindokiko igoeran, Naiara Irigoien burlatarra eta Ïu Net kataluniar gaztea nagusitu dira. Kanpezun, berriz, Maud Combarieu eta Walther Becerra.

Domusa Teknik probako irabazleen podiuma.
Domusa Teknik probako irabazleen podiuma. EMF Tamaina handiagoan ikusi

Ramon Olasagasti -

2023ko maiatzak 9 10:58

Oihana Azkorbebeitia abadiñarra (Bizkaia) eta Borja Zubizarreta azkoitiarra gailendu ziren larunbatean Azpeitian, ultra distantziako Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketan. 500 korrikalari baino gehiago abiatu ziren Azpeitiko plazatik. Neurriak ez ziren berriketakoak (65 kilometro eta 3.700 metroko desnibela), eta eguraldiak hainbestean eutsi zion. Euskal Herriko Kopa Ultraren bigarren proba ere izan zen Domusa Teknik.

Emakumezkoetan, Azkorbebeitia zen faborito nagusia. Iaz, lehen edizioan, aise irabazi zuen eta bigarrenean ere ez zuen hutsik egin. Abadiñokoak ez zien aukerarik eman bere aurkariei: Gazume tontorreko lehen kontrolean, 11 kilometroren buruan, ia 5 minutu eta erdiko aldea zuen Sara Peña bigarrenarekiko, eta handik aurrera areago handitu zituen aldeak. Helmugan, 7:09:13ko denbora egin zuen Azkorbebeitiak. Bigarren posturako nor baino nor aritu ziren Larraitz Aragon durangarra eta Sara Peña oriotarra. Azkenean, Aragon izan zen bigarren eta Peña hirugarren.

Gizonezkoetan ezustekoa eman zuen Borja Zubizarretak. Aritz Egea iazko txapelduna zen faborito nagusia, eta hasieratik nabarmendu zen urretxuarra. Lasterketaren hirugarren ordura arte probaren buruan joan zen Egea, baina bero kolpe baten ondorioak eta kalanbreak jasaten hasi zen probaren erdialdetik aurrera. Zubizarreta azkoitiarra aldeak murrizten hasi zen orduan, eta Pagotxeta inguruan gainditu egin zuen Egea. Handik gutxira, Azpeitiko Ikasberri Ikastolaren gunean lasterketa bertan behera uztea erabaki zuen iazko txapeldunak. Hortik aurrera, Zubizarretak arazorik gabe eutsi zion lasterketaren buruari amaieraraino. Azkoitiarrak 05:53:33 behar izan zituen lasterketa osatzeko, eta iaz Egeak eginiko denbora (06:00:33) ere hobetu zuen. Bigarren Ibarrako (Gipuzkoa) Goar Lopetegi izan zen, ia ordu erdira (06:21:16), eta hirugarren Marcos Ramos terueldarra (Espainia) izan zen.

Enkarterri Extrem eta Domusa Teknik 40MLK lasterketen ondoren Sara Peña eta Goar Lopetegi dira ultra distantziako Euskal Herriko Kopako liderrak.

Domusa Teknik 40 MLK probako sailkapenak.

Irigoien nafarra eta katalan gaztetxoak Txindokiko bertikalean

Azpeitiko probaz gain, asteburuan bazen beste lasterketa garrantzitsu bat: Txindokiko kilometro bertikala, modalitate honetako Euskadiko txapelketa. Iaz heldu zitzaion berriro lasterketa honi, eta aurten goi-mailakoa izan da partaidetza. 240 korrikalari zeuden izena emanda, baina azkenean 148 izan ziren lasterketan parte hartu zutenak, horietatik 47 emakumezkoak. Larraiztik abiatu, Gaintzako bidegurutzeraino era neutralizatuan jaitsi, eta handik ekin zioten lasterkariek kilometro bertikalari (3,6 km eta 980 m desnibel).

Kilometro bertikaleko emakumezkoen podiuma. EMF

Bi irabazleek, Ïu Net kataluniarrak eta Naiara Irigoien burlatarrak sekulako lasterketa osatu zuten, eta iazko denborak aise gainditu zituzten. Joan den urtean, Asier Larruzeak 35 minutu eta 59 segundo behar izan zituen Txindoki gailurra jotzeko; igandean, Net kataluniarrak 34 minutu eta 22 segundotan geratu zuen kronometroa. Naiara Irigoienek ere errekorra ezarri zuen: nafarrak 40 minutu eta 20 segundotan osatu zuen igoera.

Gizonezkoetan, Kataluniako selekzioko gaztetxoek sekulako maila erakutsi zuten. Ïu Net (34:22) eta Jan Castillo (34:36), biak junior mailakoak, izan ziren bi lehenak. Haien atzetik, Alain Santamaria errioxarra (34:58) izan zen hirugarren. Hain zuzen, Ezcarayko korrikalaria izan zen gizonezko seniorretan lehena. Emakumezkoetan, Naiara Irigoien burlatarraren atzetik, Gabriela Lasalle kataluniarra (42:52) eta Silvia Lara espainiarra (43:06) izan ziren bigarren eta hirugarren.

Euskadiko Txapelketari dagokionez, EAEko lehen korrikalariak Iñigo Alzola Gordoa arrasatearra eta Maite Zabaleta Egaña aretxabaletarra izan ziren.

Txindokiko bertikaleko sailkapen guztiak hemen.

Kanpezu-Ioar maratoi erdia

Azkenik, lineako lasterketen Euskal Herriko Kopako 4. lasterketa ere jokatu zen igandean: Kanpezu-Ioar mendi maratoi erdia. Ia 400 lasterkari aritu ziren Kanpezuko (Araba) proban (26 km, 1930 m+). Emakumezkoetan Maud Combarieu nagusitu zen (3:14:12), Oihana Zubillaga izan zen bigarren (3:15:59) eta Oihane Unzalu hirugarren (3:27:15). Gizonezkoetan, Walther Becerra nagusitu zen (2:30:10), Irazu Aranburu izan zen bigarren (2:32:53) eta Pablo Gonzalez hirugarren (2:33:32).

Kanpezu-Ioar probako sailkapen guztiak hemen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Arrakalak', CVCPHOTO lehiaketako irudi irabazlea: txirrindulari bat ageri da Esako urtegi idortuko arrakaletan. ©Carlos de Cos Azkona

Esako 'Arrakalak' garaile CVCEPHOTOren 9. aldian

Ramon Olasagasti

Carlos de Cos Azkona soraluzetarrarena da irudia. Bigarren saria Krystle Wright argazkilari australiarrak eskuratu du, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia iragarriko duen kartelaren saria, Yhabril Moro bilbotarrak, X-Man argazkiarekin.

 ©UNAI UGARTEMENDIA

«Oso balorazio positiboa egin dut azken denboraldiaz»

Unai Ugartemendia

Mendiko eski denboraldiko ezusterik handienetako bat izan da Jon Ander Aranburu zumarragarra. Azken urteetan erakusten ari zen gorakada etengabearen ondorio izan dira aurtengo denboraldian lortutako emaitzak. Lau txapel irabazi ditu. Aurtengoari segida emateko gogo biziz ekingo dio datorren denboraldiari.
Everestek ohiko bideko ilarak. ©

Everest, 70 urte munduaren talaia izaten

Ramon Olasagasti

1953ko maiatzaren 29an Everest tontorra zapaldu zuten lehen aldiz Tenzing Norgayk eta Edmund Hillaryk. Everest asko badira ere, munduko talaia, oro har, mendiko turismoaren ikur gorena bihurtu da. Aurten 600 igoera baino gehiago izan dira dagoeneko, 13 lagun hil dira, eta 4 desagertuta daude.

Xabi Ormazabal, eta, atzean, Cho Oyu; mendi horretan hil zen. ©XABIER ORMAZABALEN BILDUMA

Oroimenean daukate

Ramon Olasagasti

Xabier Ormazabal oroitzeko festa egingo dute gaur Urretxun, eta haren izena daraman bekaren aurtengo deialdia aurkeztuko dute. Horrez gain, Alex Areizagaren 'Itzalak' eta Alex Txikonen 'Manaslu neguan' filmak proiektatuko dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...