Gazte bati hamabi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote, Santurtzin gizon bat hiltzeagatik

Konplize gisa aritu zen 19 urteko gazteari zazpi urteko zigorra ezarri diote.

Hilketaren egileak eta konplizeak kalte ordainak eman beharko dituzte. MIGUEL TOñA / EFE
2023ko maiatzaren 9a
13:28
Entzun

2021eko apirilean Santurtzin (Bizkaia) 51 urteko gizon bat hil zuela onartu du 19 urteko gazte batek: hamabi urte eta erdiko zigorra ezarri diote, hilketagatik eta indarkeriaz lapurretak egiteagatik. Adin bereko bertze gazte bat, berriz, zazpi urtera kondenatu dute, konplize izateagatik. Epaiketa aste honetan egitekoa bazen ere, aldeen artean akordioak egin dituztenez, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak bi gazteen kontrako epai irmoa emanen du. Adingabe batek bi gazteak lagundu zituen. Gainera, 30 euro ebatsi zizkioten hildakoari.

Fiskaltzak adierazi duenez, 2021eko apirilaren 1ean akusatutako bi gazteak eta adingabe bat «azpilanean aritu ziren» egun batzuk lehenago Santurtziko parkean, «oso mozkorra» zegoen gizon bat lokalizatzeko. Helburua «irabazi ekonomiko bidegabe bat» lortzea zen. Hala, 22:30 aldera bilatzen ari ziren gizona aurkitu zuten, «edari alkoholikoen eraginpean». Harekin solasean hasi, eta gazteetako batek biktima haren autoraino lagundu zuen, bertze biek atzetik jarraitzen zituzten bitartean. Hala, «modu koordinatuan» gizona jipoitu zuten. Biktima ihes egiten saiatu bazen ere, sastakatu egin zuten, eta zauri horiengatik hil zen.

Erasotzaileek egindakoa onartu dute, eta 40.000 euro ordaindu dituzte –20.000 bakoitzak–, erantzukizun zibilagatik. Horrez gain, epaiketaz kanpo onartu dute hilabetero 300 euro ordainduko dizkiotela hildakoaren bikotekideari –120.000 euro arte– eta beren seme-alabei –40.000 euro arte–.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.