Reala

Iraia Iparragirrek erretiroa hartuko du

Lasarte-Oriako atzelariak zortzi denboraldi egin ditu Realean, eta 108 partida jokatu ditu gorengo mailan.«Oso lasai eta asebeteta»doa. Uzteko unea dela nabarmendu du. «Belaunaldi berriei lekukoa eman behar diegu. Zikloak amaitzen jakin behar da».

Iraia Iparragirre Realeko jokalaria. OSCAR ALONSO
ainara arratibel gascon
2023ko maiatzaren 9a
15:02
Entzun

Maila gorenean zortzi denboraldi eta 108 partida jokatu ostean, Iraia Iparragirrek, Realeko kapitainetako batek, erretiroa hartzea erabaki du. «Oso lasai eta bakean noa, asebeteta, hustu egin naizen sentsazioarekin. Hori seinale ona da. Belaunaldi berriei lekukoa emateko momentua da», nabarmendu du klubak zabaldutako bideo batean Iparragirrek. Lasarte-Oriako atzelaria Espainiako Kopako txapeldunetako bat izan zen, 2019an, Granadan. Erabakia «ondo hausnartuta» hartu duela berretsi du. «Azken batean Realean jokatzeko trena behin pasatzen da azken batean». Baina uzteko unea ailegatu da. «Ahal bezainbeste disfrutatu dut, baina bizitzari beste bide batetik heltzeko momentua ailegatu dela sentitzen dut. Zikloak amaitzen ere jakin behar da».

Realean jokatzea «txikitako ametsa»izan zela azaldu du. «Nire auzoko parkean jokatzen hasi nintzen, gero eskola kirolean, eta hor bi kirol nituen gustuko: esku pilota eta futbola". Bigarrena aukeratu zuen. «Bi kiroletan emakumeek zuten errealitatea ikusita hartu nuen erabakia». Ostadarren eta Añorgan jokatu ostean iritsi zen Realera. «Ostadarrek oso bi urte polit eman zizkidan, eta Añorgarekin Euskal Kopa irabazi genioen Athletici. Oroitzapen ederra dut partida hartatik». Lau urte egin zituen Añorgan. «Azken urte horretan gauza asko galdetu nizkion neure buruari, batez ere zer egin nahi nuen, non ikusten neure burua... Futbola uzteko erabakia hartu zuen, eta mendiko kirolei lotutako ikastaro bat egitea». Baina orduan Garbiñe Etxeberriak, Realeko egungo kirol zuzendariak, deitu zion. «Realek nirekin kontatzen zuela esan zidan, eta ezin nuen ezetz esan».

Urte hauetan «espero ez zituen gauza asko» lortu dituela berretsi du. Bere kirol ibilbideko momentuen begiratuta, bi aukeratu ditu: Espainiako Kopako garaipena eta Realarekin sartutako lehen gola. Kopa irabazi izana «dena» izan zen beretzat. Lehen gola, berriz, honela gogoratu du. «Logroñoren aurka izan zen. Galtzen ari ginen, eta bigarren zatian atera nintzen. Korner batean, lehen zutoinera joan, buruz errematatu eta barrura joan zen baloia. Gero, Maddik [Torre] beste bat sartu zuen. Berdindu egin genuen, baina guretzat izugarria izan zen».

Une txarrik ez dela izan dio. «Txarrak baino gehiago, horren gozoak izan diren momentuak egon direla esango nuke. Horietatik ere atera ditut gauzak onak, ikasgaiak: adibidez, lesioek [bi larri izan ditu belaunean]. Gogorra da, zuk nahi duzuna jokatzea baita. Baina aldi berean, aukera eman dizu asko pentsatzeko, eta bizitza beste modu batera ikusteko. Nire buruarekin egoteko momentuak izan dira, eta horrek asko eman dit». Taldekideei futbola uzteko erabakia jakinarazi zienean, beste mezu bat ere eman zien: «Argi esan nien geratzen zena bete betean bizi nahi nuela, gozatu, disfrutatu egin nahi nuela beraiekin. Izan ere, multzo hau ez da berriz errepikatuko»". Zaleei mezu argia eman die:«Jarrai dezatela gurekin ametsetan, eta horiek egi bihurtzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.