Osakidetza

Basurtuko bihotz kirurgia lekualdatzeko prozesua etetea babestu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Auzitegiak eutsi egin dio zerbitzu hori Gurutzetako ospitalera lekualdatzeko asmoa behin-behinean eteteko epaileek hartutako erabakiari. Jaurlaritzak dio epaiak ez duela berritasunik, eta ez diola heltzen Osakidetzak bere zerbitzuak antolatzeko duen gaitasunaren aferari.

Basurtu Bizirik plataformaren protesta bat lekualdaketaren aurka. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko maiatzaren 10a
12:21
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eutsi egin dio Basurtuko ospitaleko (Bilbo) Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua Gurutzetako ospitalera (Bizkaia) lekualdatzeko proiektua behin-behinean eteteko Arabako administrazio auzitegiak hartutako erabakiari, eta, hala, atzera bota du Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako apelazio helegitea. Gaur publiko egin den autoan, hilabeteko epea zabaldu du erabakiaren aurkako kasazio errekurtsoa aurkezteko.

Arabako administrazio auzitegiak azaroan ebatzi zuenez, bihotz kirurgia Gurutzetako ospitalera lekualdatuz gero, ezingo litzateke zerbitzu bera espezialista berberekin berriro martxan jarri. Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak dio zerbitzuaren lekualdatzeak «bizirauteko» aukera duten gaixo batzuengan «eragin kaltegarria» izan lezakeela; hortaz, epaia irmoa izan arte Basurtuko Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuak bere lekuan jarraitzea ebatzi du.

EAEko Justizia Auzitegiaren epaiaren arabera, zerbitzua bere horretan mantenduz gero, Basurtuko eta Gurutzetako erietxeetako heriotza tasa «egokiei» eta zerbitzuen kalitateari eutsiko zaie. Ez du aintzat hartu, alde horretatik, Jaurlaritzaren argudioa, zeinaren arabera bi zerbitzuak bateratzeak kirurgia zerbitzuaren kalitatea hobetuko lukeen. Hau dio autoak argudio horren aurka: «Basurtuko Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuaren heriotza tasa oso baxua denez, zerbitzu hori mantentzeak, berez, ez du arazo garrantzitsurik sortzen interes publikoarentzat edo hirugarrenentzat».

Kautelazko neurria mantentzeak Osakidetzako antolaketa gaitasunari ere eragingo liokeela argudiatu zuen Jaurlaritzak helegitean. Auzitegiak ez du gai horri buruzko iritzirik eman, eta esan du auzia sakonago aztertzen denean helduko diola.

Osasun Sailaren oharra

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar batean adierazi du EAEko Justizia Auzitegiaren ebazpenak ez duela berritasunik, ez duelako iritzirik ematen Basurtuko eta Gurutzetako ospitaleen zerbitzuak bateratzeari buruz.

Osasun sailak gogoratu du bi zerbitzuak bateratzeari buruzko bista ez dela egin oraindik, eta auzitegiak soilik berretsi egiten dituela joan den azaroan jarritako kautelazko neurriak. Gotzone Sagarduiren sailaren ustez, auzitegiak ez dio erantzun kautelazko neurriak altxatzeko eskaerari: «Oraindik gaiaren funtsari buruzko erabakia, alegia, Osakidetzak bere zerbitzuak antolatzeko duen gaitasunari buruzkoa eman behar duen bista egiteko dago».

EH Bilduren eskaria

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia ezagututa, EH Bilduk ohar batean esan du Eusko Jaurlaritzak amaitutzat eman beharko lukeela Basurtuko ospitaleko Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua Gurutzetara lekualdatzeko prozesu judiziala, «zentzugabea» baita horretan «tematzea» Basurtuko profesionalak horren aurka daudenean eta justiziak geldiarazi duenean. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Osasun sailari eskatu dio bide judiziala baztertzeko eta Osakidetza «indartzeko». Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua bi ospitaleetan mantentzearen alde agertu da Ubera, eta Osasun Sailari galdegin dio azter dezala Basurtuko eta Gurutzetako profesionalekin batera, ea ospitale horietan egin litezkeen gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik at bideratzen diren arritmien zauri txikiko kirurgiak eta beste teknika berritzaileak.

Erabakiari kritika ugari

Osakidetzak iazko azaroaren 17an itxi nahi zuen Basurtuko erietxeko Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua, eta Gurutzetakora eraman nahi zuen. Kritika ugari eragin zituen aldaketa hori egiteko asmoak, eta prozesua kautelaz etetea erabaki zuten epaitegiek, Basurtuko zerbitzuko medikuek abiatutako auzibide baten harira. Gasteizko epaitegi batek aurrena, eta Arabako auzitegiak gero, ebatzi zuten prozesuak aurrera jarraitzen bazuen «kalteak» eragin zitzakeela, osasun profesionalek eta pazienteek pairatuko zituztela ondorioak, eta, horiek horrela, medikuek abiatutako auzibidea argitu bitartean, bederen, gerarazi egin behar zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.