Zaintza

Zaintza arloko beharginek ertzainei egotzi diete «neurriz kanpo» jokatzea

Atzo Bilbon egindako protesta batean hartutako irudiak zabaldu dituzte langileen ordezkariek, eta adierazi dute bi beharginek osasun arta behar izan dutela ertzainen bultzada baten ondorioz.

Gorabideko langileak protestan, Bilbo, astelehenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
2023ko maiatzaren 10a
14:13
Entzun

Bideo bat zabaldu dute Gaude enpresako ordezkariek, salatzeko ertzainen jokaera «neurriz kanpokoa» izan zela atzo zaintzaren arloko Bizkaiko langileek egin zuten protesta batean . Aditzera eman dutenez, erasoak ugariak izan ziren, eta, bultzada baten ondorioz, osasun arta behar izan zuten bi beharginek. Andrazko bi dira; ezpainean ebakia du langileetako batek, eta, osasun arta jaso ostean, minaren kontrako botikak hartzen ari da bestea.

Gorabide, Aspace, Madres Mercedarias eta Gaude enpresetako beharginak lan hitzarmenen negoziazioak desblokeatzeko eta erosteko ahalmena berreskuratzeko exijitzen ari dira hainbat mobilizazioren bidez. Lehengo astean agerraldi bat egin zuten jakinarazteko greba egunak izango zituztela asteon, hilaren 8an eta 9an. Adimen urritasuna dutenei arta ematen diete lau elkarteek, Bizkaian. Aldarri horien harira egin zuten atzo protesta, Bilbon, Itsas Museoan, bertan udal eta foru hauteskundeekin lotutako ekitaldi bat izango zela jakinda, eta ekitaldi hori, gainera, desgaitasunak dituztenei zuzendua zela kontuan hartuta, propio haien boto eskubideak ere balio duela adierazteko pentsatuta baitzegoen. Langileen arabera, talde politikoetako ordezkariak zeuden ekitaldira gonbidatuta, protestan ari diren beharginen lantokietako arduradunak ere agertzekoak ziren, eta horregatik egin nahi izan zuten bertan protesta ordu eta toki horretan. Adimen urritasuna duten hainbat pertsona ere joanak ziren ekitaldira, bertan parte hartze aldera.

Gaude enpresako langileen ordezkaria da Borja Llonin Fernandez. Han zegoen, eta langileen eledun ari da gaur. Protesta egiteko baimena eskatua zutela adierazi du, eta 11:00etarako zutela deia egina. Adierazi du ertzainak hasieratik izan zirela inguruan. Azaldu duenez, politikariak agertu zirenean, beren lantokietako arduradunak ere ekitaldira hurbildu ahala, langileek pankartak zabal erakutsi zituzten, oihu ere egin zuten, eta giroa «berotu» egin zen Itsas Museoko atarian. Ertzainen jokabidea orduan guztiz «neurriz kanpokoa» izan zela salatu du. Irudietan, ertzain batek egindako bultzada bat ikusten da, adibidez, eta bi zaurituek hor min hartu zutela zehaztu du: «Nire lankide bati egin zion bultza ertzain batek, atzeraka erori zen, eta, orduan, atzean zuen beharginari eman zion buruarekin; ezpainean eman zion, eta odoletan hasi zen». Biek behar izan zuten osasun arreta.

Aurrera begirakoak

Eraso horrez gainera gehiago ere izan zirela esan du Lloninek. «Ni, adibidez, borrarekin jo ninduten; ez dago erregistratuta, baina etengabe jardun zuen niri eraso egiten». Atxilotzeko «mehatxu» ugari egin zizkiotela ere esan du. LAB sindikatuko kidea da Llonin, eta aditzera eman du orain sindikatu barruan aztertzen ari direla osasun arta behar izan duten langileok pairatu duten erasoaren harira salaketaren bat jartzea. «Nahiko genuke norbaitek zigortzea ertzain hori, edo esatea bere portaera ez zela egokia izan; guztiz neurriz kanpo jardun zuela iruditzen zaigu».

Lloninek salatu du ez dutela jaso beren lantokietako buruen eta instituzioetako ordezkarien inolako erantzunik eta babesik. Iragarrita zeuzkaten bi greba egunak eginda, negoziatzea nahi dute orain, baina jasoko duten erantzunaren beldur direla onartu du. «Agian, orain, zaintzaile izan beharrean erasotzaile garela pentsatuko dute. Berdin zaigu; guk gure lan ildoarekin jarraituko dugu, eta gure erreklamazioekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.