Ondarroako Zubi Zahar ikastola «herrira zabaltzeko» baliatu nahi dute aurtengo Ibilaldia

Maiatzaren 21ean egingo dute aurtengo Ibilaldia, 'Xe' lelopean. Ibilbideak bost kilometro izango ditu eta lau gunetan banatuta egongo da.

Gaur eman dituzte aurtengo Ibilaldiaren xehetasunak. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko maiatzaren 10a
15:54
Entzun

Aurtengo Bizkaiko ikastolen jaiari buruzko xehetasunak eman dituzte gaur antolatzaileek. Ondarroan egingo da Ibilaldia, maiatzaren 21ean, eta Zubi Zahar ikastolak antolatuko du, Xe lelopean. Bost helburu izango ditu aurtengo jaiak, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Batetik, «euskara eta euskal kultura» ardatz dituen ikastola «herrira zabaltzeko» baliatu nahi dute festa. Horrekin batera, herriko eragile eta taldeekin harremanak «sendotu» nahi dituzte, bai eta hezkuntza komunitateak ikastolarekiko duen «atxikimendua» areagotu ere. Laugarren xede bat ere jarri dute: ikasleei «auzolanaren» garrantzia erakustea, guraso eta ikastolako komunitate osoa eredu izanik. Azkenik, ikastolaren azpiegitura «pedagogia berrietara» egokitzeko dirua biltzeko asmoa agertu dute.

Aurtengoarekin, hirugarren aldia izango da Ibilaldia Ondarroan ospatzen dutena —aurretik, 1993an eta 2011n egin zuten—. Xe lelopean egingo dute. Ondarroako hizkerara ekarri nahi izan dute jaia bera; izan ere, herrian Ibilaldixe deritze. «Xe esanez hitz egiteko modu bat ez ezik herri bat ere irudikatu nahi dugu. Euskara berea duen herri bat», azaldu dute antolatzaileek. «Gure herria, gure herrixe, horrelakoxea delako: Bixixe. Alaixe. Argixe. Iraixe».
Turrun hotsa da aurtengo jaiaren abestia.

Axular Arizmendik sortu du abestia. Aiora Renteriak eta Eñaut Elorrietak ahotsa jarri die Turrun hotsa-ri. Aiora Ponce ondarroarrak zuzendu du bideoklipa. «Melodia erraza duen abestia da, erraz abestekoa, eta Ondarroako eta Euskal Herriko marinel guztiei omenaldi txiki bat egiten dio», azaldu dute.

Publiko guztientzako egitaraua
Aurtengo Ibilaldia bost kilometro luze izango da eta lau gunetan banatuta egongo da: Zubixe (Zubi Zahar Herri ikastola), Mazixe (Anexoa), Herrixe (Zeledonio) eta Talaxe (Itsasaurre). Jakinarazi dutenez, aurten, estrainakoz, datafono zerbitzua jarriko dute kontsumo puntu guztietan, Ibilaldira doazenen esperientzia «erosoagoa» izan dadin.

Publiko guztientzako moduko egitaraua antolatu dute, eta guneak sektorialak ez izaten saiatu direla azaldu dute: «Gune guztietan denentzako moduko edukiak tartekatzen ahalegindu gara». Eskaintza zabala egongo da ikastolen festan: 26 ekimen antolatu dituzte, horietatik 18 guneetan izango dira, eta beste zortziak ibiltariak izango dira.

Ikuskizunez eta jaiaz gain, aldarrikapenerako tartea ere egongo da «lurraldetasunaren ikuspegiarekin». Izan ere, Azterketak euskaraz lemapean euskarak Ipar Euskal Herrian duen egoerari ikusgarritasuna emateko mobilizazio bategingo da.

Gaztetxoen parte hartzea lortzeko, berriz, aurten ere Erronka izeneko egitasmoa martxan jarriko dute, 14-16 urte arteko gazteen parte hartze aktiboa bilatzeko asmoz. Hainbat herritako ikasleak batuko dira elkarrekin «egun paregabea» igarotzeko, 11:00etatik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.