Natura

Orkidea basatien mapa osatzen hasi da Aranzadi

Aranzadik eskatu du orkidea bat ikustean argazkiak eta koordenatuak partekatzeko, '#orkideabila' traola erabiliz.

Twitter bidez Euskal Herriko orkideak aurkitu nahi ditu Aranzadik. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 11
16:45
Entzun

#txiobatputzuan, #txiobatbasoan, #sugebizi, edo #lilipa. Anitz dira Aranzadi zientzia elkarteak abian jarri dituen zientzia kanpainak. Oraingo honetan, orkidea basatia izanen da protagonista. Izan ere, #orkideabila proiektuaren bidez, Aranzadik botanikari eta detektibe lanak uztartzera animatuko ditu herritarrak: «Proiektuarekin, herritarren ekarpenei esker, Euskal Herriko orkideen banaketa mapa osatu nahi da».

Ikusi gehiago:Aurtengo sugeen mapa osatzen hasi da Aranzadi, 'zientziauzolanean'

Landare hori loratzen hasi berri denez, hari buruzko informazioa biltzeko garaia ere hasi da, elkarteak adierazi duenez. Eta herritarren laguntza behar dute horretarako. Orkidea bat ikustean, hiru pauso eman beharko dira: bi argazki atera, landare guztiari eta loreari gertutik; lekuaren koordenatu geografikoak gorde; eta Twitter sare sozialaren bidez argazkiak eta koordenatuak partekatu #orkideabila traola erabilita. Egitasmoaren bultzatzaileek gogorarazi dute aztergaia landare basatiak direla eta, beraz, lorategietan dauden orkideek ez dutela balio.

Aranzadik adierazi du datu guztiak biltzen dituztenean mapa bat eginen dutela orkideen banaketarekin, eta sare sozialen bidez partekatuko dutela. Bitartean, txiolariak buru-belarri dabiltza mapa osatzen laguntzen.

Orkideak

Euskal Herriko txokoetan dauden orkideak Orchidaceae familiaren barnean sailkatzen dira, eta 22 generotan taldekatzen dira. Ohikoenak, hauexek: Orchis, Ophrys, Dactylorhiza, Anacamptis eta Serapias. Horietako andana bat topatu dituzte herritarrek Euskal Herriko lurretan barrena.

Orkidea gehienak eremu zabaletan hazten dira. Beraz, detektibe eta botanikari lanetan hasi berri direnei komeni zaie belardietatik, larreetatik edo baso soilguneetatik abiatzea euren ikerketa. Erronka bat nahi dutenek, berriz, espezie bereziak bilatu ditzakete basoetan edo zohikaztegietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.