Italiako Giroa

Pedersenentzat izan da garaipena, esprintean

Danimarkarra hiru itzuli handietan garaipenen bat lortu duten txirrindularien zerrendan sartu da. Egun lasaia izan du tropelak. Andreas Leknessundek lider jarraitzen du.

Mads Pedersen garaipena ospatzen. LUCA ZENNARO / EFE
ainara arratibel gascon
2023ko maiatzaren 11
19:24
Entzun

Lau esprint jokatu dira aurtengo Giroan, eta bakoitzean garaile bat izan da. Artean etaparik irabazi gabe zegoen Mads Pedersen (Trek), nahiz eta herenegun bere taldeak horretarako lan egin. Danimarkakoari Giroan etapa bat irabaztea falta zitzaion, hiru itzuli handietan garaipenen bat lortu duen txirrindularien zerrendan egoteko. Bada, gaurtik zerrenda horretan da. Izan ere, hura izan da bizkorrena Napoliko esprintean. Andreas Leknessundek (DSM) lider jarraitzen du, lasterketak sei etapa osatu eta gero.

Napolin hasi eta bukatu da etapa. 162 kilometro zituzten aurretik txirrindulariek. Atzokoarekin alderatuz, egun lasaia izan dute txirrindulariek. Ez da euririk izan, eta zale mordoa bildu da txirrindulariak ikustera. Izan ere, Italiako hiri hori festa giroan da, 33 urteren ostean bere futbol taldeak liga irabazi baitu. Horri Giroa pasatzea gehitu behar zaio. Hasi eta berehala osatu da eguneko ihesaldia, eta bost txirrindularik osatu dute: Francesco Gavazzik (Eolo), Simon Clarkek (Israel), Alessandro De Marchik (Jayco), Charlie Quartermanek (Corratec)) eta Alexandre Delettrek (Cofidis). Bost minutu arteko aldea izan dute, eta batera joan dira. Baina Picco san Angeloko gainera iristear zirela aurrera egin dute De Marchik eta Clarkek. Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) eta Geraint Thomasek (Ineos) izandako arazo mekanikoak tarteko, geldialdia izan da tropelean. Horrek aldea handitzea ahalbidetu die iheslariei. Haiek, gainera, ondo elkar ulertu dute, eta erakustaldia eman dute.

Baina azkenerako tropelak bere legea ezarri du. Trek, UAE eta Bahrain hiraka hasi dira, eta 200 metro inguru falta zirenean harrapatu dituzte. Hala, etapa esprintean erabaki da. Fernando Gaviria (Movistar izan da ahalegintzen lehena. Baina ez zaio ondo atera. Pedersenek irabazi du azkenean: azken 50 metroetan indartsuena izan da. Bigarren izan da Jonathan Milan (Strongman) eta hirugarren Pascal Pascal Ackermann (UAE).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.