Agustin Arenas

«Klik egin aurretik, ondo pentsatzen eta presatzen dut dena»

Agustin Arenas 13 urterekin hasi zen inguruko guztiari argazkiak ateratzen. Gero, 33 urtez, argazki estudio bat izan zuen; 2011n itxi egin zuen, eta hegaztien ehizan aritzen da ordutik argazki kamerarekin. Txorizalea bai, baina, oro har, naturazalea da azpeitiarra.

jarraia227917.jpg
Nerea Uranga, Gipuzkoako Hitza
2023ko maiatzaren 12a
09:50
Entzun

Elkarrizketarako hitzordua eskatzeko deitu, eta Urola ibaian sartuta harrapatu du kazetariak Agustin Arenas (Azpeitia, 1958). Noiznahi ikus daiteke Arenas Urolaren ibaiertzean edo uretan, hegaztien irudien ehizan. Umetan hasi zen argazkiak ateratzen, txoriei bereziki, eta afizio hura ofizio bihurtu zuen gerora. Argazkiak ateratzeaz gainera, Azpeitiko Zine Klub taldearekin hainbat film egindakoa da azpeitiarra.

Txoriei argazkiak egiten aritzen zara. Sasoi betea al da horretarako?

Udaberria ugaltze garaia da txorientzat, beren gala onenak jantzita ibiltzen dira, lanean bete-betean, kumeak aurrera ateratzen, arrautzak estaltzen eta elkar ezagutzen. Garai bakoitzak du bere interesa, eta bai neguan, bai udaberrian, gauza politak ikusten dira. Beharbada, uda da garairik aldrebesena; lumaberritzen egoten dira hegazti gehienak, eta ezkutuago, isilago ibiltzen dira.

Zergatik txoriak?

Ez dakit zergatik; umetatik daukat afizio hau. Guraso biak baserrikoak nituen, eta amak asko eramaten ninduen [Azpeitiko] Sahatseta baserrira. Han denak ehiztariak ziren; haiek txoriekin zuten harremana oso oinarrizkoa zen: harrapatzen zutenak kazolan bukatzen zuen. Niri han sortu zitzaidan txoriekiko interesa. Behin, osaba Rufinok okil bat tiroz jo zuen, eta nire hanka gainera erori zen, hilda. Niretzako mirari bat izan zen hura, ez nuen ulertzen ezerezetik nola irten zen hegazti hura, hain kolore politekin eta. Une hura gogoan gelditu zitzaidan, eta orain okilarekin dudan istorioa hartatik etorriko da ziurrenik. Gure aita ere oso naturazalea zen, eta mendian ibiltzea asko gustatzen zitzaion; zortzi urte pasatu zituen gerran eta soldaduskan, eta normala gero bakezalea eta mendizalea izatea. Hark asko erakutsi zidan mendian ibiltzen eta naturarekin harremana izaten.

Okilarekin zer istorio daukazu?

Hegazti maiteenetakoa dut, eta urte asko pasatu ditut okila ezagutu nahian. Orain hasi naiz nola funtzionatzen duen pixka bat ezagutzen: zer toki dituen gustukoen, non gustatzen zaion habia egitea… Nik uste nuen basoko hegaztia zela okila, baina ez da horrela; landa eremuan oso eroso egoten da, eta, askotan, guk uste baino erosoago egoten da gugandik gertu.

Urola ibaiertzean ibiltzen al zara, batik bat?

Urola ibaiertzekoa neguko plana dut, batik bat. Orain dela urte asko ibai hori ez zegoen bizirik, arratoi bat edo beste bakarrik ikusten zen han; hondakindegi bat zen, metro erdi bateko aparra eramaten zuen ur gainean beti, Zumarragatik ura gorri-gorri etortzen zen… Gero, pixkanaka, 1990eko hamarkadatik aurrera, araztegiak martxan jarri zituzten, eta ibaiak izugarrizko biziberritzea izan du pixkanaka. 1990eko hamarkadaren hasieran uroiloak azaltzen hasi ziren, ahateak gero, lertxunak eta ubarroiak… Martin arrantzalea beti egon izan da, baina ez zen hainbeste ugaltzen eta ikusten; orain, bai. Ur zozoak erreketako ur garbienetara bakarrik sartzen dira, eta Azpeitiko Azoka plazaren azpian dabiltza egun. Ibaia bezpiztu egin da, eta gaur egun luxu bat daukagu azpeitiarrok. Ez dakit inork ulertuko lukeen Azpeitia ibairik gabe; nik ez. Azpeititik Loiolara ibaiertzetik joanda, espezie pila bat ikus ditzakegu oso denbora gutxian.

Hegazti espezie batzuk galtzen eta beste batzuk ugaltzen ari direla esaten dute adituek.

Tira… Espezieen dinamika espezieen dinamika da. Espezie denek beren joera dute, eta batzuk ugaltzen ari dira eta beste batzuk gutxitzen. Esaterako, zenbait hegazti intsektujale gutxitzen ari dira. Merke jan nahi dugu, zerealak eta pentsuak merke nahi ditugu, eta, horretarako, intsektizidak eta pestizidak erabiltzen ditugu. Intsektuak, zomorroak, gure imajinarioan txarrak dira beti, eta ez ditugu nahi inguruan. Intsektuak, ordea, oso beharrezkoak dira. Txorien jatekoa ere badira, eta intsekturik ez badago, txori intsektujalerik ez dago. Gure arabera egindako natura nahi dugu, gure erara antolatua, baina hori lortzeko ez gara ari pauso onak ematen. Birigarroak ez dira ohitu hirietako bizimodura; zozoak, aldiz, ia etxeraino sartzen zaizkigu. Espezie bakoitzak du bere joera; batzuk ugaltzen dira, beste batzuk egokitu egiten dira, eta beste batzuk, ez. Zapelatzak ugaltzen ari dira; mirotz zuria, aldiz, bakar bat ere ez da ikusten. Zergatik? Beharbada, habia ote artean egiten zutelako eta orain otadirik ez dugulako nahi mendian.

Hegaztizalea bai, baina zu, batik bat, naturazalea zara, ezta?

Denok izan beharko genuke naturazale; burdinazko bola batean biziko bagina, non dena artifiziala den, kito! Bizirik dagoen planeta batean bizi gara, ordea. Nire ordenagailuko artxiboan bi karpeta ditut, eta ateratzen ditudan argazki denak horietan daude gordeta; batak, Bizilagunak du izena, eta besteak, Paisaiak eta abar. Bizilagunen karpetan, argazkia ateratzen diedan izaki bizidun denak gordetzen ditut: pagoak, zomorroak, txoriak, ugaztunak, narrastiak, onddoak… Denok bizilagunak garen toki batean bizi gara; batzuekin hobeto eta besteekin okerrago konponduko gara, baina denok gara bizilagunak, eta, hori ulertzen ez dugun bitartean, gaizki gabiltza.

Urte askoan, argazki estudio bat izan zenuen Azpeitian. Bestelako argazki batzuk egingo zenituen orduan, ezta?

Nik eta nire familiak jan ahal izateko, lan hura egin beharra zegoen. Ez zen gustukoena nuen lana; gustuko dudan lana orain egiten dudana da. 13 urterekin hasi nintzen argazkiak ateratzen inguruan nuen guztiari, eta oraindik hala segitzen dut. Estudioko lan hura 33 urteko lapsus bat izan zela pentsatu nahi dut. Orain argazkigintzaz dakidana jakiteko balio izan zidan, behintzat.

Argazkigintza ere ikasi egiten delako?

Bai, eginez ikasten da. Teoria ikastea ondo dago, baina ikasteko erarik onena jardutea da. Eguneroko praktikak irakasten du lanean, eta hala ikasi dut nik ere: argazkiak eginez, kamera asko pasatuz eta horietako asko puskatuz. Orain egiten dudanagatik inork ez ordaindu arren, lana da niretzat, izerdia botatzen dudalako eta bizkarreko mina izaten dudalako.

Aurrez planifikatuta joaten al zara argazkiak ateratzera?

Orain gutxi ikasi dut modu arin batean argazkiak ateraz ibil naitekeela, ibaian zehar pasiera batzuk emanez, eta topatzen dudan hari pultsuan argazki batzuk eginez. Era horretan, emaitza onak lortzen ere hasi naiz. Horrek erakutsi dit prestatu gabeko planak egiten. Hala ere, hegazti jakin bati sasoi jakin batean argazkiak egin nahi badizkiot, lan hori asko prestatzen dut aurrez: hegaztia behatuz, ikusiz non geratzen den, nora joaten den edatera, non dabilen… Behin dakidanean hegazti hori harri baten gainean hamar bat aldiz geratzen dela, argazkiak ateratzeko behar dudan ekipoa prestatzen dut orduan: flashak, optika, ezkutalekua —hiruzpalau ditut—… Detaile guztiak zainduta antolatzen ditut txori bakoitzak eskatzen dituen prestaketak; aurrez zenbat eta gehiago prestatu, orduan eta emaitza hobeak lortzen dira gero.

Azken urteetan asko aldatu da argazkigintza: sakelako telefonoarekin edonork du kamera bat eskura.

Jendeak egun sakelako telefonoarekin egiten duena ez da argazkigintza, oro har. Ni hasi nintzenetik 2005era arte-edo egin genuena argazkigintza analogikoa dela esaten da; niretzako hori argazkigintza kimikoa da, eta egun egiten dena, digitala. Lehen pelikula zuen tokian, sentsore bat du orain kamerak, eta beste sistema bat da, baina eskuetan daukaguna kaxa bat da, azken finean.

Argazki digitalak, ordea, ez al ditu aukerak zabaldu?

Ostiral arratsaldean ibaian sartuta ibili nintzen, eta 956 argazki atera nituen. Pentsa garai batean zenbat diapositiba film beharko nituzkeen hori egiteko, eta zenbat diru beharko nukeen film horiek guztiak ordaintzeko. Argazkigintza kimikoa astakeria bat zen, bai diru aldetik, baita sortzen zituen hondakinengatik ere; ez zen batere jasangarria. Digitalak biderkatu egin ditu argazkigintzaren aukerak, bai argazkiak ateratzeko, baita gero prozesatzeko ere.

956 argazki arratsalde batean. Hori guztia sailkatzeko eta artxibatzeko beste lan bat ere egin beharko da…

Zorionez, argazkigintza kimikotik gatozenok, argazkiak ateratzeko eta gordetzeko nolabaiteko diziplina bat daukagu. Ni oso zorrotza naiz argazkiekin: argazki bat pixka-pixka bat desenfokatuta-edo badago, ez dut gordetzen. Argazki horiek ez dute ezertarako balio, eta horretan oso zorrotza izan behar da. Klik egin aurretik, ondo pentsatzen eta prestatzen dut dena: enkoadraketa, argia, konposizioa, ikuspuntua, koloretan ala zuri-beltzean nahi dudan… Argazkiak zeure buruan egon behar du aurrena, eta hori ateratzeko dena ondo prestatu behar da, eta gero egin argazkia. Prestaketa lana inportantea da, baita pentsatze lana ere. Eginez ikasten da, eta ikaste prozesu baten ondorioz dakigu bat ala bestea egin behar dugun.

Argazkigintzaz gain, hainbat ikus-entzunezko egin eta zuzendu dituzu Azpeitiko Zine Klubarekin batera: Mateo Txistu, Annapurna II 1986

Aspaldi hasitako kontua da hori, baina gaur egun ez dut ia batere egiten. 1977an izan nuen lehen harremana zinemarekin. Garai hartan, anaiak [Jabier Arenas] Super 8an lehen film laburra egin zuen Azpeitiko Zine Klubarekin: Kutsadura. Orduan, errekan ur garbiak filmatzera Hechoko bailararaino [Aragoi, Espainia] joan ginen anaia eta biok. Hemen inguruan ur zikinak topatzea, berriz, ez zitzaigun kostatu: Urolan, Aizpurutxo parean, filmatu genituen irudiak. Ondoren, zineklubean, Super 8an beste film labur batzuk egin genituen; batzuk anaiak zuzentzen zituen, eta beste batzuk, nik. Gero, Mateo Txistu filmatu genuen 16 mm-tan, zineklubeko taldeak izugarrizko ahalegina eginda. Segidan etorri zen Annapurna II espedizioko dokumentala; 1986tik 1988ra, bi film luze egin genituen. Egun, errazago eta merkeago egiten dira era horretako filmak, baina guri gogoa-edo gastatu egin zaigu, gaztetan beste indar bat izaten baita.

Annapurna II 1986 dokumentala egin eta 30 urtera, 2018an, berreskuratu eta digitalizatu egin zenuten.

Ametsen harria proiektuaren barruan egin genuen, eta jatorrizko dokumentalari beste zati bat erantsi genion. Lan hori gazteekin egitea egokitu zitzaidan, eta harrituta gelditu nintzen nola lan egiten duten ikusita; nik ez dut horrenbeste inprobisatzen lanerako orduan: ni ohituago nago aurrez lanak eta tresnak prestatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.