Sugoi Etxarri

«Ofizialtasunaren legealdia izan behar du hurrengoak»

Euskal Herrian Euskaraz taldeak protestara deitu du Iruñean: manifestazioa eginen dute gaur, 12:00etan, Baluarten hasita. Sugoi Etxarri kideak erran du asmoa dela ofizialtasuna erdigunean jartzea.

Sugoi Etxarri Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea. IñIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
2023ko maiatzaren 12a
10:07
Entzun

Atzo hasi zen hilaren 28ko foru eta udal hauteskundeetarako kanpaina. Euskal Herrian Euskaraz-ek euskara kokatu nahi du indar politikoen agendan, eta, horretarako, manifestazioa antolatu du, gaurko, Iruñean, 12:00etan, Baluartetik hasita. Herritarrak “aktibatu” eta zonifikazioa salatu nahi dutela azaldu du EHEko kide Sugoi Etxarrik (Larraun, 1997).

Nafarroako Estatistika Institutuak eman ditu datuak: herritarren %26,5 dira euskaldunak edo euskaldun hartzaileak; duela hamar urte baino 1,6 puntu gehiago, alegia. Zonifikazioaren eragina dago datu horien atzean?

Zonifikazioa estrategia kontziente bat izan zen, normalizazio prozesua oztopatzeko, eta euskara Nafarroako iparraldean gelditzeko. Muga bat jartzeko, finean. Euskara txoko horretan gorde nahi dute. Ez dute normalizazioa helburu; euskara ez dute hartzen egunerokoan erabiltzeko hizkuntza gisa.

Nafarroako errealitate linguistikoa baliatu dute zonifikazioa justifikatzeko.

“Errealitate linguistikoa” jarri zuten erdigunean, eta jartzen jarraitzen dute, baina asmoa ez da errealitate horri so egitea aurrera egiteko, baizik eta errealitate hori betikotzea. Errealitate linguistiko hori izan da, gainera, zapalkuntza historia baten ondorio.

Mañeruri ez diote eremu mistora pasatzen utzi. Zer deritzozu?

Euskarafobiaren adibide garbi bat da Mañerurekin gertatu dena. Zatikatzen gaituzte, ukatzen dizkigute eskubideak, eta ez dute nahi euren legeak baimentzen duen eremu batetik besterako pauso hori ematea ere.

Tuterako alkate Alejandro Toquerok (Navarra Suma) erran berri du zonifikazioa “ezinbertzekoa” dela. PSNk ere defendatu du euskarak ez duela Erriberan ofizial izan behar. Erriberan sortu da, ordea, euskararen aldeko olatua, azkenaldian. Mugimendu horri erantzuten diote halako adierazpenek?

Azkenaldian pauso inportanteak eman dira. Kontseilutik landu dugun adierazpenak, adibidez, berrehun eragile baino gehiagoren atxikimendua jaso du. Urrats horrek eta gisako beste zenbaitek erreakzio bat eragin dute. Hori seinale on bat da, mugitzen ari garen eta kontraesanak sortzen ari garen seinale, eta Toqueroren adierazpenen gisakoak modu bat dira guk eskubideen markoan kokatzen dugun euskararen auzi hau zikintzeko edo desitxuratzeko.

Inportantea da euskararen aldeko aldarria eremu ez-euskalduntzat jotzen duten horretatik zabaltzea?

Bai, dudarik gabe. Kohesio soziala nahi badugu, beharrezkoa dugu eskubideetan ere berdinak izango garen herritarrak definitzea. Erriberako euskaldunek rol aktibo bat izatea oso garrantzitsua da. Oso garrantzitsuak dira Ager eremu horretan sortzen ari diren mugimenduak, ikusarazten baitute orain arte oso ezkutuan eta zapalduta egon den subjektu bat: Erriberako euskalduna. Beti existitu da, baina gordeta.

36 urte joan dira Euskararen Legea onartu zutenetik. Ohitu gara, nolabait, ezarri zuen zonifikaziora?

Bai, guztiz. Euskaldunok ere oso barneratua dugu gauden tokiaren arabera euskaraz bizitzeko eskubidea dugula edo ez; eta gure lehen hitza gauden eremuaren araberakoa da. Horregatik uste dut datozen urteotan oso inportantea izango dela gure marko mentalak iraultzea.

Zer erran nahi du horrek?

Ezin dugu gai hau kanpotik ezartzen dizkiguten markoetatik kudeatu. Gure marko propioa behar dugu, eta, horretarako, eskubideen eremuan kokatu behar dugu hizkuntza. Inportantea da, era berean, nabarmentzea euskara ez dela dugun zerbait, ez dela tresna huts bat; euskara garena da, eta eraikitzen gaituena. Inportantea da beste borrokekin eta beste eskubideekin loturak bilatzea ere, sinergiak sor baitaitezke, eta borrokek elkar elikatzen ahal dute eta.

Orain arte ez da sinergia horiek bilatzeko lana egin?

Uste dut ez dela ona zapalkuntzak alderatzea. Loturak badaude, baina lotura horiek landu behar dira harremanak landuz. Migratzaileekin, adibidez, ez dugu loturarik. Hori da aldatu behar duguna: landu dezagun harremana kolektibo horiekin; entzun dezagun haien borrokaren berri, eta sor ditzagun elkarlanerako eremuak, indarrak batzeko.

Lan egiteko moduak aldatzeko garaia da?

Euskalgintzak badu berritzeko beharra, eta ari da etxeko lanak egiten. Testuinguru horretan, goxoki bat da Erriberan sortu izana ilusioa piztu duen mugimendu bat. Ilusio hori kutsatu egiten da. Ongi zaindu behar dugu, eta indartu, hortik hartzen dugulako bitamina orain.

Zaindu, nola? Zuek ere abiatu duzue barne prozesu bat, egungo jokalekura egokitzeko. Hori behar da?

Bide luzeko taldea da gurea. Pandemia garaia baliatu dugu Astindu izenburuko gogoeta prozesua egiteko, eta hortik atera diren ondorioetako bat da militatzeko ereduak aldatu egin direla; egoera horri erantzuteko, komunitatearen eredu berria jarri dugu erdigunean, sare moduan aritzeko.

Gaur arratsaldean duzue komunitatearen bilera, Iruñean.

Bai; lau hilabetean behin egiten dugu; kideek ez ezik, EHEren filosofiarekin bat egiten duen edonork parte har dezake. Helburua da denen ekarpenak jasotzea, jendea aktibatzea, eta euskalgintza berriz martxan jartzea.

Gaurko ere, manifestazioa antolatu duzue, 12:00etan, Baluarten. Euskara kanpainan sartzeko?

Euskararen gaia gordeta egon da legealdi honetan; akaso, aurrekoak sortutako frustrazioagatik, aldaketaren gobernuarekin ez baitzen lortu ofizialtasuna. Ofizialtasunak izan behar du euskaldunon gutxieneko eskaera, eta agendan egon behar du, eskubideen markoan. Ofizialtasunaren legealdia izan behar du hurrengoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.