Albistea entzun

SOS Himalayak omenaldia egingo dio Iñaki Otxoa de Olzari maiatzaren 21ean, hil zeneko 15. urteurrenean

Unanu herrian (Nafarroa) eta Beriain mendian, lagunek eta senideek Annapurnan zendutako mendizalea oroituko dute. Musika, gastronomia postuak eta bazkaria izango dira, besteak beste. Bildutako dirua Makaluko (Nepal) ospitalera bidaliko dute. Azken fasean dago fundazioaren gaur egungo proiekturik garrantzitsuena.

Otxoa de Olzaren senideak, Nafarroako Mendi Federazioko presidentea eta Fundazioaren ordezkariak, omenaldiaren aurkezpenean.
Otxoa de Olzaren senideak, Nafarroako Mendi Federazioko presidentea eta Fundazioaren ordezkariak, omenaldiaren aurkezpenean. SOS Himalaya Tamaina handiagoan ikusi

Ramon Olasagasti -

2023ko maiatzak 12 13:31

Iñaki Otxoa de Olza-SOS Himalaya fundazioak omenaldia egingo dio alpinista nafarrari maiatzaren 21ean, Unanu herrian, hil zela 15 urte bete diren honetan. Urteurrena gogoan, lagunek, senideek eta fundazioak berak jardunaldi solidarioa antolatu dute. 08:30ean hasiko dira ekitaldiak: ordu horretan, Beriain mendira igoko dira nahi duten guztiak. Otxoa de Olza bera hainbatetan joaten zen mendi horretara entrenatzera, eta 2008an ere omenaldia egin zioten, hil berritan.

10:45ean, beste talde bat irtengo da Unanutik, Iñakiren oroimenezko monolitora. Duela 15 urte, Beriainera igotzen den ibilbidetik gertu dagoen basoko soilgune batean paratu zuten monolitoa. Helburua da bi zutabeak (igoerakoa eta jaitsierakoa) oroigarri lekuan elkartzea, 11:45ak inguruan. Hain zuzen, ordu eta leku horretan izango da mendiko omenezko ekitaldia.

Bitartean, herrian herriko gastronomiako hainbat postu egongo dira 11:00etatik aurrera, eta txikienek eskalada horma batean probatzeko eta eskalatzeko aukera izango dute, Azken Kolpe txalaparta taldeak girotuta.

Menditik jaitsi ondoren, 13:30ean, Otxoa de Olzaren omenezko bigarren ekitaldia egingo da, Unanuko frontoian. Iñakiren senideek parte hartuko dute, Atarrabia abesbatzak giroturik. Fundazioaren lagunei eta boluntarioei oroigarriak emango zaizkie, eta hainbat zozketa ere izango dira. Ondoren, bazkari solidarioa egingo da frontoian bertan, eta elastiko bana emango zaie partaide guztiei, egunaren oroigarri. Amaitzeko, El Desague taldearen kontzertu solidarioa izango da.

Txartelak, bazkaria eta elastikoa barne, fundazioaren webguneko denda solidarioan eta Iruñeko Muga liburu dendan eros daitezke, 25 euroan. Gehienez ere 300 pertsonarentzat izango da lekua.

Egun horretan bildutako dirua Makaluko ospitalearen proiektua amaitzeko lanetarako izango da. Ospitale horrek Makalu mendiaren ibarreko 20.000 pertsonari emango die arreta. Gaur egun, eraikuntza lanak ia amaiturik daude, eta langile finkoak kontratatzea eta ekipoak erostea falta da. Azken hilabete hauetan, adibidez, Iruñeko Salestarren ikastetxeko ikasleek egindako inkubagailu bat paratu da ospitalean, eta laster Galdakaoko ospitaleak eta Zaragozako Miguel Servet ospitaleak emandako bi elektrokardiografo bidaliko dira.

SOS Himalayari buruz

Iñaki Otxoa de Olza-SOS Himalaya fundazioa 2009ko irailaren 29an sortu zen, Iñaki Otxoa de Olza alpinista nafarraren memoria gorde eta zabaltzeko eta bizirik zela amaitu gabe utzi zituen lankidetza proiektuak amaitzeko. Gaur egun, batez ere Makalu ibarrean (Nepal) ari da lanean fundazioa, ospitale bat eraikitzeko lanak amaitzen eta hainbat eskola kudeatzen. Gainera, beste bi azpiegitura eraikitzeko lanetan laguntzen ari da: alkoholismoaren errehabilitaziorako zentro bat eta etxaldea duen ekobaratze bat.

EGITARAUA
08.30: Beriaingo igoeraren irteera, Unanutik.
10.45: Monolitoan izango den omenaldirako irteera, Unanutik bertatik.
11.00: Herriko gastronomia postuen eta eskalada hormaren irekiera, Azken Kolpe txalaparta taldeak giroturik.
11.45: Mendizaleen omenaldia monolitoan Iñaki Otxoa de Olzari.
13.30: Iñakiren oroimenezko ekitaldia Unanuko frontoian, Atarrabia abesbatzarekin eta Iñakiren senideekin.
14.00: Oroigarri solidarioen banaketa.
14.30: Bazkari solidarioa Unanuko frontoian.
16.30: Kontzertua El Desague taldearen eskutik.

Izen emateak: fundazioaren webgunean eta Iruñeko Muga liburu dendan.
Prezioa: 25 euro.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Arrakalak', CVCPHOTO lehiaketako irudi irabazlea: txirrindulari bat ageri da Esako urtegi idortuko arrakaletan. ©Carlos de Cos Azkona

Esako 'Arrakalak' garaile CVCEPHOTOren 9. aldian

Ramon Olasagasti

Carlos de Cos Azkona soraluzetarrarena da irudia. Bigarren saria Krystle Wright argazkilari australiarrak eskuratu du, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia iragarriko duen kartelaren saria, Yhabril Moro bilbotarrak, X-Man argazkiarekin.

 ©UNAI UGARTEMENDIA

«Oso balorazio positiboa egin dut azken denboraldiaz»

Unai Ugartemendia

Mendiko eski denboraldiko ezusterik handienetako bat izan da Jon Ander Aranburu zumarragarra. Azken urteetan erakusten ari zen gorakada etengabearen ondorio izan dira aurtengo denboraldian lortutako emaitzak. Lau txapel irabazi ditu. Aurtengoari segida emateko gogo biziz ekingo dio datorren denboraldiari.
Everestek ohiko bideko ilarak. ©

Everest, 70 urte munduaren talaia izaten

Ramon Olasagasti

1953ko maiatzaren 29an Everest tontorra zapaldu zuten lehen aldiz Tenzing Norgayk eta Edmund Hillaryk. Everest asko badira ere, munduko talaia, oro har, mendiko turismoaren ikur gorena bihurtu da. Aurten 600 igoera baino gehiago izan dira dagoeneko, 13 lagun hil dira, eta 4 desagertuta daude.

Xabi Ormazabal, eta, atzean, Cho Oyu; mendi horretan hil zen. ©XABIER ORMAZABALEN BILDUMA

Oroimenean daukate

Ramon Olasagasti

Xabier Ormazabal oroitzeko festa egingo dute gaur Urretxun, eta haren izena daraman bekaren aurtengo deialdia aurkeztuko dute. Horrez gain, Alex Areizagaren 'Itzalak' eta Alex Txikonen 'Manaslu neguan' filmak proiektatuko dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.