TXIRRINDULARITZA

Demi Volleringek irabazi du Itzuliko lehen etapa, erakustaldia emanda

Txirrindulari herbeheretarrak erasoa jo du azken mendatean, Urkaregin, eta alde handia atera die aurkari guztiei helmugan: 47 segundo Marlen Reusserri, 49 Katarzina Niewiadomari, eta 51 Annemiek van Vleuteni eta Olivia Barili

Demi Vollering, garaipena ospatzen, gaur, Markina-Xemeinen. LUIS TEJIDO / EFE
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 12a
13:40
Entzun

Euskal Herriko Itzuliko lehen ekitaldia amaitu zen bezala hasi da bigarrena: Demi Vollering (SD Worx) igo da podiumaren koskarik gorenera, soinean maillot horia duela. Txirrindulari herbeheretarrak erakustaldia eman zuen iaz Itzuliko hiru etapak irabazita, eta, gaur, beste erakustaldi bat eman du: nagusitasunez irabazi du Etxebarria eta Markina-Xemein (Bizkaia) artean jokatutako aurreneko etapa.

Volleringek etapako azkeneko mendatean jo du erasoa, Urkaregin, eta aurkari bakar bat ere ez da gai izan haren gurpilari jarraitzeko. Jaitsieran ere bikain moldatu da, eta alde handiarekin helmugaratu da. 47 segundo atera dizkio Marlen Reusser taldekide suitzarrari, 49 Katarzina Niewiadoma poloniarrari (Canyon), eta 51 Annemiek van Vleuten (Movistar) herrikideari eta Olivia Baril kanadarrari (UAE). Helmugako gainsariei esker, alde handiagoa du sailkapen nagusian: 50 segundo ateratzen dizkio Reusseri, 55 Niewiadomari, eta 1.01 Van Vleuteni eta Bariri. Bi etapa falta dira oraindik jokatzeko, baina Volleringek nahiko bideratuta utzi du Itzulia bigarren aldiz jarraian irabaztea.

Gogotik egin du euria etapa osoan, eta horrek tentsioa eragin du. Ez da egon arriskatzeko giroa. Hala, tropelak bat eginda egin ditu lehen 30 kilometroak. Miryam Nuñezek (Massi) egin du aurreneko ahalegina: hamar kilometro inguru egin ditu aurrean, tropelak harrapatu duen arte. Jarraian, beste saiakera batzuk egon dira, baina tropelak ezerezean utzi ditu guztiak. Aurreneko mendatea iristear zen, Hirugarren Mailako Gontzagaraigana, eta horra ailegatu arte kontrolpean izan nahi izan du lasterketa. Nahi eta lortu ere. Etapa erdia jokatuta, bat eginda zegoen onenen tropela.

Jaitsieran, ordea, aurrera egin du Anna Kiesenhoferrek (Israel). Austriarrak badaki zer den urrutitik erasoa jota irabaztea: horrela jantzi zuen urrezko domina 2021eko Tokioko Olinpiar Jokoetan. Kiesenhoferri Aurela Nerlo poloniarra (Massi) batu zaio. Ondo moldatu dira biak erreleboka, eta, horri esker, aldea egiten hasi dira; ohartu orduko, minutu baten aldea lortu dute.

Baina tropela serio jarri da: bete-betean hasi da lanean, bi iheslariei aldea kentzen. Helmugarako hamabost kilometro falta zirela harrapatu ditu, Elgoibarren (Gipuzkoa). Hala, indartsuenen taldeak elkarrekin ekin dio eguneko bigarren eta azken mendatea igotzeari: Urkaregi, Bigarren Mailakoa.

Borroka espero zen, eta errepidea tentetu bezain laster hasi da borroka. Volleringek ez du itxaron nahi izan, eta segituan jo du erasoa. Niewiadomak bakarrik eutsi dio, baina berehala geratu da atzean. Atzerago geratu dira beste txirrindulari guztiak, tartean Van Vleuten, ustez Volleringen aurkari nagusia Itzulia irabazteko.

Iazko ekitaldian eta denboraldi honetan erakutsi duen pedal kolpe arin eta indartsuarekin igo ditu Volleringek Urkaregiko aldapak. Berehala lortu du minutu erdi baten aldea, baina egurrean jarraitu du, abantaila handitzen, aldapan gora, behera zein ordekan. Bakar-bakarrik eta pozarren iritsi da helmugara.

Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) izan da lehen euskal txirrindularia, 21. postuan, 3.41era. Aldiz, haren taldekide Eider Merino erretiratu egin da, Ertzaintzaren auto batek hura eta beste ziklista batzuk aurrez kolpatu eta gero; Merinok mina du ukondoan.

Bihar, bigarren etapa jokatuko dute. Araban ariko dira: Gasteizen hasiko da saioa, eta Amurrion bukatuko, 133,2 kilometro egin ondoren. Hasiera lasaia da, eta horrek bide eman diezaioke ihesaldiren bat egoteari. Bukaera ere ez da zaila, baina, helmugarako bost kilometro falta direla, aldapa txiki bat dago, eta jaitsiera gero; beraz, litekeena da tropela zatitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.