Araba

Administrazioa herritarrei «gerturatzeko» neurriak hartuko ditu EAJk

Besteak beste, udal eta foru bulegoetan aurrez aurreko arreta berreskuratzeko konpromisoa hartu dute Beatriz Artolazabalek eta Ramiro Gonzalezek.

EAJren ekitaldia, gaur, Gasteizko Plaza Berrian. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko maiatzaren 12a
15:48
Entzun

EAJk Gasteizko Plaza Berria hautatu du gaur hauteskunde kanpainako lehen ekitaldi ofiziala egiteko. «Kudeaketa zorrotzaren» inguruko neurri sorta aurkeztu dituzte Beatriz Artolazabal Gasteizko alkategaiak eta Ramiro Gonzalez ahaldungaiak, Jose Antonio Suso EAJko Araba Buru Batzarreko presidenteak lagunduta. Neurrien berri eman aitzin, EAJren «kudeaketa eredua» goraipatu du EAJko Araba Buru Batzarreko presidenteak: «Zorrotzak eta serioak gara». Pandemia garaiak gogoan hartuta azpimarratu du administrazioen erronka nagusienadela herritarrekiko aurrez aurreko harremanak berreskuratzea, eta premiazkoa delatramiteak «azkarrago» eta «errazago» egiteko tresnak martxan jartzea.

EAJren alkategaiak hartu du hitza ondoren. Artolazabalek nabarmendu du jeltzaleek «printzipio argiak» defendatzen dituztela: «Lantaldean lan egiten dugu, zorrotz, garden eta herritarrengadik hurbil». Bere esanetan, EAJren «kultura politikoaren» oinarrian herritarrei entzutea eta herritarren parte hartzea sustatzea dago, eta, alde horretatik, instituzioak eta administrazioak herritarrengana «gerturatzeko» konpromisoa hartu du.

Azaldu du alkategaia denetik hiriko auzo elkarte, kultur eragile eta enpresaburu ezberdinekin hartu emanetan egon dela eta haien eskaera nagusietako bat dela administrazioak «irekiagoak» eta «gardenagoak» egitea. Kezka horiek bere egiten dituela erantsi du: «Akordioen aldeko emakumea naiz. Hitz egin eta entzutearen aldekoa. Eta horixe da jarraituko dudan bidea».

Alkatetza eskuratuz gero, «administrazio moderno, parte hartzaile, arin eta garden» baten alde lan egingo duela iragarri du Artolazabalek. Batetik, jakinarazi du aurrez aurreko arreta berreskuratuko duela herritarrei arreta emateko zerbitzuetan. «Bizilagunek helarazten duten eskaera da, eta uste dugu pandemiaren okerrena igarota, gure normaltasunera itzulita, garaia dela zerbitzua pentsatuta dagoen bezala berreskuratzeko». Bestetik, lizentzien ordenantza aldatuko duela iragarri du, lizentziak emateko epeak azkartzeko. Lizentziak emateko bulego bat ere sortu nahi du, baimenak emateko orduan epeak murrizteko. Udal langileria «modernizatzeko» urratsak ere iragarri ditu, «era digitalari egokitutako lan profil berriekin».

EAJk azken zortzi urteotan Gasteizko Udalean egindako kudeaketa goraipatu du Artolazabalek, halaber. Haren esanetan, Gorka Urtaranek liskar politikoa gutxitu eta elkar ulertzea sustatu du, eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez proiektuak lortu ditu hiriarentzat. Datu bat ere eman du, adibide gisa: «Azken bi legealdietan EAJk 400 milioi euroko inbertsioa erdietsi du hiriarentzat, horietatik 345 milioi Jaurlaritzak jarrita».

Gazteen hizkuntza berean
Bestalde, Ramiro Gonzalez EAJren ahaldungaiak gogoratu du aldundiak neurri zehatzak hartu dituela «entzute aktiboa» sustatzeko, hala nola, Araba Irekia webgunea eta aurrekontu parte hartzaileak. Ildo horretan, iragarri du foru erakundeak tramite «errazagoak eta eraginkorragoak» jarriko dituela martxan herritarren parte hartzea sustatzeko, eta aldundiaren bulegoetan aurrez aurreko arreta hobetuko dutela. «Bereziki adineko pertsonengan pentsatzen ari gara, eta online edo telefono bidez gurekin harremanetan jartzeko zailtasun gehiago dituztenengan».

«Biztanle gazteenei» zuzendutako neurriak ere hartuko dituztela jakinarazi du. Besteak beste, tresna digitalak garatuko dituzte foru erakundearekin harreman «intuitiboagoa» izateko, batez ere sare sozialen bidez. «Gazteenen lekuan jarriko gara eta euren hizkuntza berean hitz egingo diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.